Liburua: Jon Sarasua. Hiztunpolisa. Euskaltasunaren norabideaz apunteak.
Inaki Irazabalbeitia, (Galde 09, negua 2015). Jon Sarasua nortasun eta pertsona ezaguna da euskal kulturaren itsaso zurrunbilotsuan. Bertsolari trebe eta preziatu moduan eman zuen bere burua ezagutzera. Pentsalari kritikoaren eta zorrotzaren papera betetzen du gaur. Mondragon Unibertsitatean dihardu lanean. Lanku, Garabide eta beste hainbat ekimen interesgarrien bultzatzaile eta, hein handi batean, ideologoa izan da. Jakina da jatorrizko herrien kulturarekiko eta mundu-ikuskerariko duen joera edo jitea.
Euskararen etorkizunaren eta normalizazioaren inguruan dituen kezkak ezagunak dira, baita ildo nagusiekiko ageri ohi duen jarrera kritikoa ere. ‘Hiztunpolisa. Euskaltasunaren norabideaz apunteak’ liburuan bere kezkak, ikuspegiak, ilusioak, kritikak eta proposamenak aletzen ditu estilo arin eta dotorez. Irakurleari erraza eta ulergarria egiten zaio irakurketa. Momenturen batean edo bestean euskalgintzaren klabeak ezagututa argiago ulertuko ditu irakurleak liburuan esandakoak, hala ere.
Jon Sarasuak berak adierazten duen legez, liburuan ipinitako ideiak urtetan zehar Euskal Herriko bazterretan emaniko hitzaldi, eginiko solasaldi edo emaniko elkarrizketan botakoak biltzen saiatu da liburuan zehar. Ideia-jasa baten moduan antolatu du obra. Jonek dioen moduan ‘Ideia zaparrada zetorren moduan idatzi nahi nuen lehenik osorik, eta bigarrena aldi batean bestelako irakurketekin hornitu, ñabartu eta orraztu. Lehendabiziko zaparradan geratu naiz.‘ Irakurle bezala eskertu egiten diot Joni bigarren irakurketa hori egin ez izena. Freskoa atera da obra, leitzea errazten duena ideien sakontasunari kalterik egin gabe. Ez da, hortaz, obra akademikoa, aipuz eta erreferentziaz hornitutakoa, baina ongi betetzen du irakurlea gogoetara eramateko funtzioa. Apunte moduan definitu ditu Jonek.
Obraren pasarteak bi bloke nagusitan banatzen ditu Sarasuak. ‘Inorganiko’ moduan bataiatzen duen atalean euskaltasunaren norabideak eginiko gogoeta orokorragoak juntatu ditu. Atal organikoan euskalgintzako agenteak eta esparruak ditu mintzagai nagusi.
Ez naiz hemen liburuan Jonek darabilzkin ideiak aletzen hasiko, asko eta askotarikoak baitira. Ez litzateke erraz hona nagusienak ekartzea eta, gainera, neronen ikuspegiek eta subjektibitateek liburu egileak transmititu nahi duena desitxura lezakete euskalgintzaren parte bainaiz. Aitor dut puntu askotan Jonek jaulkitakoekin identifikatuta sentitu naizela, zorrotzak eta egokiak iruditzen zaizkidala politikari egiten dizkion kritikak esaterako. Alabaina, dudarako espazioak ere agertu zaizkit. Izan ere, kezka dut Jonen planteamenduek momentu batzuetan ez ote duten boluntarismo puntu bat —utopia-puntu bat akaso— eta gure mendebaldeko gizarte honetan nekez direla aplikatzeko modukoak.
Dena den, irakurle obra leitzera animatzen zaitut. Goza ezazu!