(Galde 15 – uda/2016). Iosu Perales Arretxe. Juan Gorriti euskal eskultorearen erakusketa baten bisitan, Donostiako Miramar Jauregian, zenbait libururen artean Tina Modotti argazkilariari dedikaturiko bat topatu nuen; emakume-misterioa, Italian 1896an jaioa, gizarte-borrokalaria Mexikon eta gerlaria Espainiako Gerrate Zibilean.
Kenneth Rexroth poeta iparramerikarrak emakume ikusgarri gisa oroitu zuen, politikari, bohemio, margolari eta intelektualak biltzen ziren kafetegiak bisitatzen zituena, eta ozartasunez paseatzen zena, kamara eskuan, Mexiko Hiriko zirkulu artistikoetan, non zenbait ahotsek Komintern-eko Mata Haria deitzen zioten. Argazkilaria lanbidez, familia xume eta etorkinekoa, 20ko hamarkadako mexikar intelektualengan baliatu zuen bere sedukzio-boterea. Bizitzako garai horretan plazer eta zentzumenetarako bizi zen emakumea zen, ezkutatu gabe.
Mexikon emakumeen sexu-askatasuna amestu ere ezin zen garaia zenez, Modottik, ezbairik gabe, sexu-ohitura eta tabuak zalantzan jarri zituen. Berea ez zen garaian bizi izan zen -20ko probintziako Mexiko rancheroa- eta gozamen sentikorrerako eskubidea aldarrikatu zuen gizon bati lotuta -edo baten menpe- egon gabe. Robó eskultorearekin ezkondu zen, maitatu eta Mexikon hil zenarekin. Edward Weston argazkilariaren maitalea izan zen, eta beti mantendu zuen harekin adiskidetasun zintzoa. Xavier Guerrero komunista isilaren bikotekide izan zen, alderdiaren ideietan eta bizitzan sartu zuena; agian, harengatik sufritu zuen gehien. Julio Antonio Mellarekin maitemindu zen, Kubako Alderdi Komunistaren sortzailearekin, eta bere uste sendoak miretsi zituen.
Maitasun-harreman handia bizi izan zuen Mella kubatarrarekin, 1929ko urtarrilean, Mexiko Hiriko kale batean besotik helduta paseatzen ari zirela, hura erail zuten arte iraun zuena. Mellarekin izandako maitasun-harremanak eta honen heriotzak ekarri zion egoera zailak -mexikar agintariek kubatar komunistaren erailketako konplizetzat jo zuten- herrialde honetako zirkulu komunistetara lotu zuten propaganda eta salaketako ekintzetan. Mexikoko presidentearen kontrako ekintza batean parte hartu zuelako susmopean, atxilotua izan zen eta bere herrialdera deportatua izateko mehatxatua, Mussoliniren menpeko Italiara. 1930ean Vittorio Vidali (Enea Sormenti) komunista militantearen laguntza jaso zuen, -Mexikora Internazional Komunistak bidalia-, eta honek Tina Alemaniara bidaiatu ahal izateko baldintzak prestatu zituen (Hitlerren mehatxupean), non komunistek Sobietar Batasunera bidaiatzen lagundu zioten.
Plaza Gorrian amaitu zuen Tinak. Nazioarteko Laguntza Gorrian egin zuen lan ardura garrantzitsuak hartuta, eta hainbat herritan arrisku handiko misioak burutu zituen. Entrenatu eta bere fideltasuna baieztatu eta gero, Internazional Komunistak kanpo-agentetzat errekrutatu zuen. Agente sekretu gisa Alemanian zenbait misio burutu ondoren, 30eko hamarkadaren erdialdean bere froga zailenera bidali zuten: Espainiako Gerrate Zibilera. Tropa frankisten kontra borrokatu zen, eta zaurituak sendatu.
Errepublikaren porrotak min eman zion, eta beste garaitu askok bezala Espainia utzi behar izan zuen eta beste herrialde baterantz itsasoratu. Mexikora itzuli zen, non lagun zaharrek txeraz hartu zuten, baina ez aurreko berotasunez. Tina Modotti beste bat zen; askok ez zuten ezagutu ere egiten. Zahar eta nekatua zegoen. Militantzia komunistak bere buruaz erabat ahaztera eraman zuen, ispiluan begiratzeko ohitura galtzeraino, hura borroka iraultzailearen beharretatik arreta aldentzen zuen ohitura burgesa baitzen. Besteek eta bere burua ahaztuta hil zen -taxi baten atzeko eserlekuan- etxerako bidean.