Galde 24, udaberria/2019/primavera. Dabid Anaud.-
Azken aldian askotan entzuten ari gara, eremu eta kokagune ezberdinetatik gainera, euskalgintzak eta euskararen normalizazioak paradigma berri bat behar dutela, ziklo bat bukatu eta beste bat hasi behar dela. Euskararen bilakaeraren eta, bereziki, batzuetan sumatzen ditugun ezintasunen inguruko irakurketak eraman gaitu ondorio horretara, ziur asko, sumatzen baita ahalegin ikaragarria eginda ere, eta aurrerapauso nabarmenak egin direla bistakoa bada ere, nahi edo espero genuen adina ez dugula aurrera egin eta, batez ere, une honetan jauzi esanguratsu eta atzeraezin bat egiteko aukera ez dugula guztiz garbi ikusten. Eta kontuan izanda aurrera egitea asko kostatzen dela baina atzera egitea ez hainbeste, larrituta edo gutxienez kezkatuta egotea ez da harritzekoa eta denon gogoan aldaketa esanguratsu baten beharra gailentzea ere logikoa bada.
Zer ote da paradigma edo ziklo aldaketa? Baina zer ote da paradigma edo ziklo aldaketa hori? Ideia gisa, bere lausoan bada ere, interesgarria da, jauzi kualitatibo batekin eta urrats esanguratsuekin lotzen dugun neurrian, motibagarria izan daitekeelako eta gauzak sakon aldatzeko eta prozesuak sakon bizkortzeko espektatiba sortzen duelako. Alegia, hobea eta ezberdina izanen den zerbait eginen dugulako itxaropena sortzen digu.
Nik behintzat ez dut oraingoz aldaketa sakon horri forma zehatza emanen dion erantzunik edo proposamenik ikusi, eta neronek ere, jakina, ez daukat erantzun zehatzik. Galderak egitea errazagoa da: zer da paradigma aldaketa batek ekarri behar duena, edo aldatu behar duena? Euskalduntze prozesuaren helburuak, erabiltzen ditugun ideiak eta hizkuntza ideologia, normalizazioaren ardatzak eta lehentasunak, diskurtsoak, motibazioak eta jarrerak, norabide orokorra, euskalgintzaren baliabideak eta tresnak…? Horietako batzuk? Horiek denak?
Euskaraldia. Paradigma berri horren zantzuen bila, batzuetan ematen du denok ustekabeko zerbaiten zain gaudela, alegia, inor etorriko ote den orain arte ezagutu ez dugun ideia, eskema, estrategia, proposamen edo burutazio berri batekin, orain artekoaz oso bestelakoa, geldiunetik askatuko gaituena eta jauzia eginaraziko diguna.
Eta batzuetan badirudi Euskaraldia izan daitekeela aldaketa horren ikurra edo seinalea. Baten batek pentsa lezake Euskaraldia bera dela paradigma berria. Nik ez nuke hainbeste esanen. Ez diot batere baliorik kenduko ekimenari, sakona, interesgarria eta emankorra iruditzen baitzait, baina Euskaraldia ez da inflexio-puntua, ez da bera bakarrik paradigma aldaketa edo ziklo berri hori, nire ustez behintzat. Horren zati bat izan liteke, eta, nolabait esateko, bide bat ere erakusten du eta aldaketa baten indargarri izan daiteke, baina ez da, ezin da izan, erantzun osoa.
Eta, bestalde, ziklo aldaketak ez lukenahitaez hain “iraultzailea” eta hain “harrigarria” izan behar. Dena urre bihurtuko duen “filosofoen harria” aurkitu gabe ere, ez dugu jauzi eta aldaketa sakonetarako itxaropena galdu beharrik. 1960ko hamarkadako loraldia, konparaziora, jauzi handi bat izan zen, eztanda moduko bat, baina osagaiak eta ardatzak (kulturgintza, hedabideak, euskara batua, irakaskuntza, nagusiki) lehendik ere landutako esparruak ziren eta ez ziren bide horietan barrena hutsetik abiatu.
Paradigma guztiz berri batean sartuko garela bermatuko ez badigute ere, badaude datozen urteotan oso funtsezkoak izan litezkeen elementu batzuk, elkarlana eta aktibazioa esate baterako, Euskaraldiaren dinamikan aski ongi txertatzen direnak, eta norabide berri baten isla izan beharko luketenak. Elkarlanerako prestutasun hori agertu da azken aldian, eta interesgarria da, eta Euskaraldia bera aktibazio sozialaren adibide indartsua izan da, ibili beharreko bideetako bat.
Paradigma berriak gorabehera, indarrean dagoen eskema sinple bat. Eta zikloak gorabehera, esanen nuke badagoela euskararen normalizazioa edo biziberritzea begiratzeko eta planteatzeko indarrean jarraitzen duen eskema sinple bat: hiztun euskaldunak behar ditugu, hizkuntza erabiltzeko arrazoiak eta aukerak dituztenak. Ez dut uste eskema soil horrek balio handirik galdu duenik. Euskaraz eroso ariko den hiztun talde edo komunitate sendoa behar dugu (ezagutzaren unibertsalizazioa helburu, eta ezagutza pasiboak ematen dizkigun aukerak gutxietsi gabe), hiztun horiek euskara erabiltzeko arrazoiak beharko dituzte (arrazoitzat uler liteke euskara erabili nahia eta zenbaitetan baita hizkuntza erabili beharra ere), eta hiztun horiek euskara erabiltzeko aukerak beharko dituzte (euskararen legezko estatusa, ofizialtasuna, euskara legeak, hizkuntza eskubideak eta gisakoak izanen ditugu hor jokoan, ezinbestean, eta baita erakundeen hizkuntza politikak nahiz gizarteak berak bere dinamika propioarekin euskara erabiltzekosortzen dituen aukerak eta espazioak ere).
Euskararen normalizaziorako eta biziberritzerako egiten diren planteamenduetan, zenbaitetan behintzat, limurtzearen eta hizkuntza politika arau-emailearen nolabaiteko dikotomia planteatzen da, bata edo beste aukeratu beharko balitz bezala. Baina ez dago horrela planteatu beharrik. Egokiagoa —eta agian konplexuagoa— deritzot sintesiaren aukerari, alegia, une, gune, hartzaile, eragile, helburu, inguru eta testuinguru bakoitzaren arabera, batetik edo bestetik gehiago edanen duten erabakiak, neurriak eta ekimenak beharko genituzke.
Bide-orri egoki bat. Ez dakit erabat ziur azken urteotan euskalgintza eta euskaltzaletasuna ilusioz eta kemenez nola dabilen, datu kontraesankorrak agertzen baitzaizkigu. Baina seguru samar esanen nuke urteen joan-etorrian ikasi asko ikasi dugula, eskarmentua izan badugula, eta gauza izan beharko genukeela bide-orri egoki bat marrazteko eta hautu on batzuk egiteko. Gaurko errealitatea ongi irakurriz, datozen urte edo hamarkadetan etorriko diren agertoki berriak ongi identifikatzen saiatuz, eta balizko bide-orri batean ezinbesteko eta funtsezkoak izanen diren ardatzak eta egitekoak ongi hautatuz.
Adibide bat jartzeagatik — eta azken aldian behin baino gehiagotan eta arrazoibide sendoz aipatzen ari delako—, lan-mundua hautatuko dut. Eremu horretan lanean ari diren eragileak egon badauden arren, eta bidea egiten hasita badago ere, ez du sekula izan izan beharko lukeen zentraltasuna. Badaude arrazoi ugari eta sendo askoak lan-mundua euskararen biziberritzerako bide-orri baten erdigunean jartzeko, baina ez dugu inoiz hor jarri, orain xehetuko ez ditugun eta pisuzkoak diren zenbait arrazoiren ondorioz. Paradigma aldaketa batek, agian, horrelako aldaketa sakonak ere ekarri beharko lituzke.
Arnasguneak. Bestalde, eta paradigma berrik gorabehera berriz ere, uste dut badaukagula ideia edo kontzeptu indartsu eta interesgarri bat, euskararen normalizazioari buruz edo jarraitu beharreko bideari buruz dugun ikuspegia edozein dela ere, nahikoa erraz partekatu dezakeguna: arnasguneak.
Eta ez arnasguneak modu hertsiki geografiko edo lurraldezko batean ulertuta. Arnasguneak modu zabal samarrean ulertuta, alegia, euskara nagusi izanen den espazio gisa ulertuta: udalerri bat agian, baina baita elkarte bat ere, edo ikastetxe bat, tailer edo lantegi bat, kuadrilla bat, Interneteko gune bat…
Euskara nagusi izanen diren espazioak sortu, elikatu, zabaldu eta elkarrekin josi, horixe da, nahiz eta oso modu lausoan esan dugun, euskaraz egiteko eta eginarazteko bide emankorra, euskara hizkuntza erabilia bihurtuko duena eta, horrenbestez, hizkuntza erakargarri izateko ahalmena emanen diona, eta, baita ere, beste hainbat alorretan egindako inbertsioa, hezkuntzan eta helduen euskalduntze-alfabetatzean batez ere, zentzuzko, emankor eta praktiko bihurtuko duena.
Urte batzuk badira dagoeneko paradigma berriaren musika entzuten ari garela eta, lehen esandakoaren ildotik, inork erabateko eta guztizko formula magikoa aurkitu duela esan arte zain egon gabe, inork aurkikuntza zinez harrigarririk egin duela erakutsi arte itxoin gabe, agian hobe litzateke egun dakigunarekin, eskura ditugun osagai guztiekin, zaharrak nahiz berrixeagoak, eskema berriak pentsatzen hastea. Paradigma berria, agian, ez da izanen hainbeste elementu berri eta ustekabekoekin osatutako errezeta, baizik eta etorriko diren agertoki berrien aurrean, ezagutzen ditugun osagaiekin eginen ditugun konbinazio eta leheneste berriekin osatutako formula. Eta horretarako, iruditzen zait, egiten ari garena egiteari kolpean utzi gabe, argi luzeak ere jarri beharko dira, eta argi eta lasai hitz egin horretaz guztiaz.
No le quito ningún valor, ya que me parece una iniciativa profunda, interesante y productiva, pero Euskaraldia no es el punto de inflexión, ella sola no es el cambio de paradigma o el nuevo ciclo (del proceso de normalización del euskara)
Necesitamos una comunidad de hablantes robusta, que tenga razones para utilizar el euskara y que tengan la oportunidad de poder hablarlo.