Udaberri bukaerako Labanaren ekarpen hau Covid19 pandemiaren kudeaketan atentzioa erakarri didaten hainbat konturi dedikatzeko asmoa nuen. Pandemiaren tunelaren bukaerako argia itxuraz ikusten ari garen honetan, hainbat kezka zuekin konpartitzeko asmoa nuen. Alabaina, ustekabe batekin egin dut estropezu egunero prentsari ematen diodan errepasoan, eldiario.es-en, Esther Samper mediku dibulgatzaileak publikatzen duen piezarekin.
Ameriketako Estatu Batuetan onartutako Biogen enpresaren Aduhelm izeneko botika du itutzat bere hitzen dardoak. Aduhelm-en printzipio aktiboa aducanumab izeneko antigorputza da eta Alzheimerrean agertzen diren amiloide-plaken kontra egiten du. (https://en.wikipedia.org/wiki/Aducanumab). Leituta nuen duela egun batzuk berria, sakontasun handirik gabe egia esan eta erreflexiorako segundo bat eman gabe. Adin batera iritsita gaudenez eta Alzheimerraren mamuak harrapa gaitzakeenez, positibotasun batetik begiratu nion berriari: ea gu salbatzen gaituen kasua fortunatuko balitz. Abisu-seinale batzuk baziren komunikabideen kroniketan botikaren eraginkortasun zalantzazkoaz, baina ez nien jaramonik egin.
Esther zientzia-dibulgatzaile fina iruditzen zait eta piezaren izenburua leitu bezain pronto ahaztutako abisu-seinaleez akordatu naiz: “La aprobación de aducanumab contra el alzhéimer en Estados Unidos establece un peligroso precedente” (https://www.eldiario.es/opinion/zona-critica/aprobacion-aducanumab-alzheimer-estados-unidos-establece-peligroso-precedente_129_8029788.html). Arretaz irakurri dut eta kezkatzeko motiboa eman dit. Oso kritiko agertzen da Esther FDAk hartutako erabakiarekin. Arrazoiak?
Arrazoi klinikoak, sozialak eta ekonomikoak aipatzen ditu. Aducanumabek amiloideei eragiten badie ere, seinalatzen du ez dela demostratu orain arte beste antzeko botikekin egindako entseguetan pazienteen ments kognitibo tratatzeko onura klinikorik izan duten. Arrazoi sozialen artean gizartean horrelako berriak sor dezakeen lilura faltsua aipatzen du. Tratamenduaren kostu oso handia ere du hizpide. Estherrek eskribitutakoak leitzea egokiena.
Iturri bakar batetik ez edate arren Internet egin ditut kontsulta batzuk beste ertz batzuk ezagutze aldera. FDAren erabakiak kontrakotasunak eragin ditu bere baitan ere. Kanpo-batzorde aholkulari batek aducanumabi argi berdea ez ematea aholkatu zuen iazko udazkenean (https://apnews.com/article/dementia-alzheimers-disease-8ce05b6c22ca4e649d299bb3abafe43a). FDAk usatzeko baimena eman eta gero, aholkularitza-batzordeko hiru kidek dimisioa eman zuten joan den astean (https://www.washingtonpost.com/health/2021/06/09/alzheimers-drug-controversy/). Hainbat aipu aurkitu ditut tratamenduak eragin dezakeen kostu ekonomikoaz. Era berean, oso interesgarria iruditu zait Stephen Salloway eta Lon Schneider adituek izandako elkarrizketa beingpatient agerkari digitalean bakoitzak erabakiari buruzko iritzi, kontrajarriak batzuetan, aletuz (https://www.beingpatient.com/aducanumab-aduhelm-decision-lon-schneider-stephen-salloway/). Pazienteen elkarteek eta familiartekoek sendagai-zantzuak dituen eta esperantzari leiho bat zabal dakiokeen terapia baten alde egitea ez da harritzekoa eta horrela pasatu da. FDAk AEBetako eta Kanadako Alzheimer elkarteen lobby-lan gogorra pairatu behar izan du. Eta badirudi, lan horrek bultzada eman diola baimen emateari.
Baimenaren kontrako posizionamenduan bereziki tinkoa iruditu zait ICER moduko erakunde erreferenteak hartu duena (https://icer.org/news-insights/press-releases/icer-issues-statement-on-the-fdas-approval-of-aducanumab-for-alzheimers-disease/). Hitzez hitz hauxe dio, besteak beste: “FDAk aducanumab (Aduhelm™, Biogen) Alzheimer gaixotasunaren tratamendu moduan onartuta muzin egin dio pazienteak eta familiak babesteko dituen ardurari kalte ezagunak dituen frogatu gabeko tratamendua onartzean.”
Ez du ematen FDAk delibero zentzuzkoena egin duenik, nahiz eta aski daturik eta jakintzarik ez ditudan juzkurik egiteko. Eztabaida honek gogora ekarri dit Astra-Zenekak eragindako tronboen harian Europar arduradunek dantza egindako yenka: “ezkerra ezkerra, eskuina eskuina. Aurrera atzera, bat, bi, hiru”. Irizpide sozio-politikoek, apika, errealitate klinikoa azpiratu egin dute.