Galde 24, udaberria/2019/primavera. Inaki Irazabalbeitia.-
Gogoan izango duzue Terminator zientzia-fikziozko flime-segidaren trama, ezta? Adimen artifizial batek munduaren kontrola eskuratu du eta gizakien kontra borrokan dihardu gerrari robotikoak usatuz.
Irakurleak pentsa lezake urrun gaudela parada horretatik. Ba, engainatuta dabil. Teknologia gero eta gertuago dago horrelako egoera batetik. Lehen Terminator 1984ean estreinatu zen. Garai hartako gerrak soldatuak aurrez aurre jarriaz egiten ziren artean, abioien eta misilen kasuak alde batera lagata eta Bigarren Mundu Gerraren parekoak ziren armaz eta ondorioz. Hogei bat urte geroago, joan den hamarkadan, droneak agertu ziren eszenatoki militarrean. Egia esateko sistema automatikoak lehenagotik erabili izan ziren, adibidez, piloturik gabeko airekoak errekonozimendu misioak egiteko. Alabaina, teknologiaren aurrerabideak, informatikarena eta miniaturizazioarena bereziki, bestelako misioak egiteko aukera ekarri zuen. Jada milaka kilometroetara dagoen base batetik etsaia identifikatu eta hiltzea posible bihurtu zen. Gerra are gehiago deshumanizatu zen. Urrunetik errukia edo enpatia sentitzea gaitzagoa da.
Terminator modukoak etorri datoz. Gizakion parte hartzerik gabe itua identifikatu eta akabatuko duten arma robotikoak kale kantoian daudeke. Iraultza ekarriko dute, dudarik ez egin. Duela urte pare bat Kalashnikov taldeak iragarri zuen metraileta garatuta zuela zeinak kamera bat eta sare neuronal bat baliatuz erabaki dezake tiro egin ala ez. Lehen urrats horrek arma-belaunaldi berri baten estreinakoa izan daiteke, ondotik tankeak, droneak eta enparauak etorriko direlarik. AEBk eta gainerako ponentziaz ez dira atzean geldituko. AEBk jadanik 2016-2010 epean 18 mila milioi dolar inbertituko duen I+G programa bat abian du.
Militar jendea pozik dabil. Gerrari zehaztasun gehiago emango diola esaten dute. Sistema robotikoek borroka-eremura tropa gutxiago eramatea ekarriko dute eta ondorioz biktima gutxiago. Gerra garbiago batekin amets egiten dute, etxera zerraldoak ekarriko ez dituena, iritzi publikoa gutxiago inpaktatuko duena eta kontrol demokratiko txikiagoa izango duena.
Adimen artifiziala dago horren guztiaren atzean, zehazkiago, AIren algoritmoak. Hark analizatuko du egoera, deliberatuko soldadua edo zibila den, arriskutsua den ala ez,… Eta emaitza tiro egitea edo pasatzen uztea izango da.
Herritarrok ez dugu pozik egoteko arrazoirik, oso kezkatuta egotekoak baizik. Pentsamendu etikotik harantzago, gure segurtasuna eta ongizatea dago jokoan. Militarrek horrelakoak garatzen badituzte, logikoa da pentsatzea ‘gaizkileek’ ere gara edo eskura ditzaketela. Pentsa manifestazioetan eta antzeko ekitaldi jendetsuetan airetiko irudiak hartzeko baliatzen diren droneek, kameraren ordez, metrailadore bat badute, sor dezaketen triskantza.
Arma robotikoen garapenari eta erabilerari debekua jarri behar zaio. Genevako konbentzioaren moduko akordioa ezinbestekoa ikusten dut. 2013tik hona Nazio Batuen erakundea ari da konbentzio berri bat egiteko lanean hainbat arma-tipori buruz, esaterako, laser itsuarazleak. Arma robotikoak ere sartzeko asmoa du NBE, baina aurrerabide txikia egin da, bereziki, AEB eta Errusia kontra agertu direlako.
Herritarrok dugu egoera desblokeatzeko gaitasuna. Berrogeita hamar bat estatutako 80tik gora erakunde mobilizatzen ari dira robot hiltzaileak gelditzeko: Stop Killer Robots, kanpaina hain justu. Mugimenduaren helburua da arma robotikoen garapean, ekoizpena eta erabilera debekatzea. Nik babesa eman diet, zeren zain zaude zu?