Galde 32 udaberria/2021. Inaki Irazabalbeitia.-
Lerro hauek publikatzean Covid19 pandemiak urte bete pasatxo egingo du gure artean. Iaz, garai honetan, konfinaturik geunden bakoitza bere etxean, arratsaldeko zortzitako eguneroko balkoi-ekimenak bizi-bizi zeuden eta bi gertakari soziologikok biziki sendotu eta hazi ziren: Internet bidezko salmenta eta ikus-entzunezkoak kontsumitzeko plataformen harpidetzak. Bi-biak ez ziren jaio berriak, bazeramatzaten urte batzuk gure artean, on-line salmenta bereziki, baina, esan daiteke okertzeko beldurrik gabe 2020ko udaberrian arribatu zirela helduarora.
Erabiltzaileak, hain segur, erositakoa jasotzeaz edo gustuko serieaz gozatzeaz haratago ez du gogoetarik egingo. Alabaina, keinu horiek ingurugiro-inpaktu adierazgarria izan dezake.
Egia esan estriminak eragiten zuen ingurugiro-inpaktuaz azterketa kontrajarriak ageri dira, eragina txikia duela esaten dutenetatik hasi eta adierazgarria duela azpimarratzen dutenetaraino. Bi iturri nagusi izan ditzake ingurugiro-inpaktuaren tamainak. Batetik dago hornitzailearen produktua erabiltzailearenganaino eramateko egiten den energia-kontsumoa: produktua biltegiratzea gehi sarean zehar kontsumo-puntura eramatea. Bestetik dago kontsumitzeko plataformaren nolakotasuna. Izan ere, gailu batek edo bestek elektrizitate-kontsumo handiagoa ala txikiagoa izango du: telebista-aparatu batek, telefono adimentsu batek baino 100 bider gehiago kontsumitzen eta ordenagailu eramangarri batek baino 5 aldiz gehiago.
Eztabaida dago bi osagai horietako bakoitzak duen pisu erlatiboaz energia-kontsumo osoan. Batzuk tresnen ezaugarrietan egiten dute indarrik handiena; beste batzuek, transmisioan eta biltegiratzean. Lehenek azpimarratzen dute transmisioaren eraginkortasuna gero eta handiagoa dela (Koomeyren legea aipatzen duten zeinek adierazten duen konputazioaren energia-eraginkortasun 1,6 urtez behin bikoiztu egiten dela) eta, ondorioz, energia-kontsumoa txikiagoa. Bigarrenek adierazten dute eraginkortasunaren emendatzeak muga bat duela eta, behin bitartean, estriminaren kontsumoa esponentzialki emendatzen ari dela.
Ezeinek duenik ere arrazoiaren zatirik handiena, ez dugu ahaztu behar estriminaren kontsumoarekin batera igotzen ari dela bideo-jokoena eta energia-eskari adierazgarria dituzten beste teknologia batzuk ate joka ditugula 5G, blockchain (moneta birturalak sortzeko) eta errealitate birtuala besteak beste.
Honetaz gain, energia-iturrien izaerak ere eragingo dio prozesu guztiaren ingurugiro-inpaktuari. Enfin, gertutik jarraitzeko gaia.
Eta erosketa elektronikoaz zer? Inpaktua baduela eta hemen ere irakurketa diferenteak ibil badabiltzala. Erosketa egiteko datuak biltegiratzen dituzten zerbitzarien inpaktuez gain, hiru mailatan agertzen dira eraginak: banaketan, enbalajean eta salgain biltegiratzean.
Banaketaren alorren ‘atzen milian’ deiturikoan dago gakoa. Izan ere erostunari erositakoa helarazteko baliatzen diren ibilgailuen emisioak handitu egiten dira banaketa-kopurua handitu ahala eta, halaber, trafiko-kongestioak agertzen ari dira hiri nagusietan batez ere. Era berean, entregen parte adierazgarria baten (erdia baino handiagoa leitu ditudan iturri batzuek aipatzen dutenez) huts egiten du lehen bueltan eta banatzaileak atzera itzuli behar du paketea entregatzea. Hala ere, komertzio elektronikoan oso ohikoa da salgaiak itzultzea eta ez da proportzio txikia izaten. Beste itzuli bat!
Paketeen bildukiak dira beste inpaktu-iturria. Oso ikusgarria da gainera. On-line erosketarik egin duenak badaki, 10 cm-ko objektu bat 50 cm-ko kutxa batean egongo dela plastiko eta kartoi artean. Inpaktua alde batetik dator bilduki guzti horiek produkziotik eta bestetik sortzen diren hondakinen kudeaketatik.
Arazoak ertz asko ditu hala ere. AEBetan eginiko azterketa batzuk defenditzen dute on-line erosketek inpaktu txikiagoa dutela dendan erostea baino, beti ere erosle inpultsiboen kasuan izan ezik. Gizartea-eredua eta lurralde-antolaketa dira arrazoia. Han edozein erosketa egiteko autoa hartu behar dela eta kilometrotxo batzuk konduzitu, aldiz etxera paketea dakarkizuna etxe batean baino gehiagotan banatzen duenez bidaia-kopurua txikiagoa da eta, ondorioz baita paketeko CO2 emisioak ere.
Botoia sakatu aurretik gogoratu aurreko lerroetan esandakoa eta egizu zure aukera. Ez da inoiz neutroa izango.