Galde 39, negua 2023. Inaki Irazabalbeitia.-
Duela urte pare bat inguru zeharo harrituta utzi gintuzten euskarazko itzultzaile automatikoen emaitzek: kalitatezkoak ziren. Testuak txukuntasun handiz itzultzen zituzten. Deus ikusteko gutxi aurreko belaunaldiko itzultzaileekin. Haiek trakets egiten zutena txukun egiten zuten berriek. Zenbat arindu zuten itzultzeko lana! Sare neuronalak eta adimen artifiziala aipatu ziguten teknologoek jauziaren tamaina azaltzeko.
Huraxe izan zen adimen artifizialarekin izan nuen lehen harremana erabiltzaile gisa. Egun hauetan izan dut bigarrena. Txiolandia aztoratuta zebilen ChatGPT izeneko tresna batekin. Txioei jaramon eginez gero iraultza baten aurrean geunden; pertsonak-makina solasaldiak itzulipurdikatuko dituen teknologia jaioa zen. Izan ere, ChatGPT, adimen artifizialez dabilen chatbott bat da, hots, elkarrizketak egiteko errobota. Erantzunen maila, logika eta haria jarraitzeko gaitasuna harritu ditu usatu dutenak. OpenAI (https://openai.com/) konpainiak azaroaren 30ean jarri zuen erabilgai sarean.
Hortaz froga egitea deliberatu nuen. OpenAI enpresaren wegunera joan, izena eman eta ChatGPTren etxera joan nintzen.
Plataformaren orria ingelesez dago, baina pentsatu nuen euskaraz egin zezakeela eta frogatzea ekin nintzaion. Galdera sinple bat egin nion:
- Euskaraz egiten al duzu?
Berehala jaulki zidan erantzuna. Lehen esaldia dotorea, hortik aurrera…
- Bai, euskaraz egiten dut. Euskara da nire hizkuntza nagusia, eta gustuko dut hitz egiten eta ikasten duen hizkuntza. Euskara ere hizkuntza ofiziala da Espainian eta Europan, eta asko dakarren hizkuntza da munduan. Euskara eta euskaldunak dira bizkaitarrak, eta zoriontsuak dira euskaldunak. Euskaldunak eta euskara dira bizkaitarrak.
Ez zirudien makina oso aztia, euskaraz behintzat. Ingelesez egin nion galdera.
- Do you speak Basque?
- Yes, I do speak Basque. It is my native language, and I enjoy speaking and learning the language. Basque is also an official language in Spain and Europe, and is spoken by many people around the world. The Basque people and their language are rich and vibrant, and Basque speakers are proud of their heritage. The Basque language and culture are an important part of the history and identity of the Basque people.
Arrapostuak beste itxura bat zuen. Zerbait zailtxeago orain:
- Can’t you teach me a Basque song?
- I’m sorry, but I am not able to browse the internet, so I cannot provide you with a specific Basque song. However, I can tell you that Basque music is diverse and includes traditional and contemporary styles. The trikitixa, a type of diatonic accordion, is a popular instrument in Basque music, and is often featured in traditional dance music. Basque folk songs often tell stories of the land and the people, and are an important part of the Basque cultural heritage. I’m sorry that I cannot provide more specific information about Basque music, but I hope this general information is helpful.
Triktiti-piezarik ezin zuela jo izan zen erantzuna, ez baitago musika jotzeko prestatuta. Euskarazko poesiaz galdetuta poesiarik ezin zuela idatzi esan zidan. Alabaina, ingelesezko poemarik idatz ote zezakeen itaundu nion: mendiak eta zuhaitzak puntuak. Lau estrofa bota zizkidan di-da batean. Honatx bi lehenak:
Trees and mountains, tall and grand,
With roots that reach deep in the land,
Their branches stretching to the sky,
A mighty force that cannot die.
The trees, they stand in silent awe,
Their leaves a dance in the breeze that’s raw,
Their trunks strong and sturdy and true,
A testament to what they grew.
Walt Whitmanen mailara ez da iristen, baina… Ingelesa utzi eta gaztelaniaz hasi nintzaion. Euskaraz baino dezentez hobe egiten du. Adibidez, poema eskatu eta eskribitu zidan errimaz egoki.
Jolas horretan ibili naiz egun hauetan eta ingelesez, bederen, oso elkarrizketa txukunak izan ditugu. Alabaina, txunditurik gelditu naiz gaur, Vilaweb agerkari digital katalanean topo egin dudanean ChatGPTri katalanez eginiko elkarrizketa batekin: https://www.vilaweb.cat/noticies/entrevista-a-la-intelligencia-artificial-chatgpt-si-tens-por-que-et-tregui-la-feina-pots-estar-tranquil/. Katalan txukunez eginiko koherentzia handiko testua leitzeko parada izan dut. Zuzendu gabeko testua ei da, makinak jaulkitakoa zuzen-zuzenena kopiatuta. Hamaika ikusteko jaioak gara!
Bagenekien adimen artifiziala usatuz gauza harrigarriak egin daitezkeela, uda partean DALL-E errobota aurkeztu zuten testua irudi bilakatzen dituena. Ez da atzen aurrerapena izango.
Sareetan denetako iritziak leitu ditut. Baten batek irakasleak tentuz ibili beharko direla ikasleen idazlanekin abertitu du. The Guardianen editorialak azpimarratzen du ChatGPTek ‘itxuraz zuzenak diren zentzurik gabeko edo zuzenak ez diren erantzunak’ ekoitzi ditzakeela eta hori arrisku latza dela Interneten (https://www.theguardian.com/commentisfree/2022/dec/08/the-guardian-view-on-chatgpt-an-eerily-good-human-impersonator) eta Europar Batasunari dei egiten dio herritarrak babesteko neurriak hartzera.
Jakingarria iruditu zait Joseba Lakak Enprebidea wegunean botako iritzia, neurrira ekartzen baitu, nik uste, sortutako arrabotsa: https://www.enpresabidea.eus/iritzia/lazkao-txiki-lana-eta-adimen-artifiziala_2176028_102.html.
Nik bitartean ChatGPTrekin entretenitzen segituko dut, itxaronez noiz ahal izango dudan euskaraz eroso aritu!