(Galde 06, udaberria/2014). Literaturaren irakaskuntzaren auzia behin baino gehiagotan izaten da hizpide idazleen artean, normala den bezala: horren kexatia den gure erkidegotxo intelektualean, salmenta txikien eta irakurketa indize baxuen errua bilatzeko orduan hezkuntza-sistema biktima jabalgarri egokia izan ohi da.
Nik, esan dut behin baino gehiagotan, ez dakit eskolak (eta institutuak) literaturarekiko maitasuna eta irakurketaren lilura irakatsi behar dituen, matematikarekiko edo fisika kuantikoarekiko maitasuna sustatzen ez dituen neurri berean: literatura irakasgai inportantea iruditzen bazaigu (eta hori da ebatzi beharko genukeen lehenengo kontua), literatura zer den eta nola analizatzen den irakatsi beharko luke hezkuntza sistemak, hots, ikasleei (etorkizuneko balizko irakurleei) irakurketa kritiko baterako tresna erabilgarriak eskaini. Maitasuna etorriko da ondoren, edo ez, ikasle guztiei geometriarako edo historia naturalerako grina pizten ez zaien bezala. Irakurketa maitasunaren eta magiaren eta liluraren eremura eramanez ez dakit zein puntutaraino ari garen seinale erratua bidaltzen, literatura garrantzi gutxiko asuntoa dela adierazten alegia. Agian hori delako sinesten duguna, azken finean.
Euskal literaturaren berezitasunek, bestalde, ondorio eta ezaugarri bitxiak eransten dizkiote gai honi. Duela gutxi, adiskide batzuen hamabost urteko semearen ikas materiala gainbegiratuz, harridura pixka batez jabetu nintzen literatura gure garaiko irakasle batzuek (zorionez, ez guztiek) egiten zuten gisara erakusten jarraitzen dela: idazleen datu biobibliografikoen segida idor baten bitartez, memoriaz irentsi beharrekoa, noski. Desberdintasuna da Garcilaso de la Vega, Calderón de la Barca edo Pardo Bazánen data eta obra nagusiak ikasi beharrean, Jon Arretxe eta Toti Martínez de Lezearenak zituztela hizpide liburu eta apunte haiek (baita Bernardo Atxaga eta Gabriel Arestirenak ere: gaitzerdi). Eta pentsatu nuen ea nola justifikatuko zuketen, nire institutu garaiko irakasleek, Felipe Trigo, José Luis Martín Vigil, Ángel Palomino edo (gauzak muturrera eramanez) Corín Telladoren biobibliografien sarrera literatura nazionalaren corpus eraikitzailean: zirkuitulaburra eragingo ziekeen, ziurrenik, halako heresia batek. Izan ere, garai hartan, zuhurki, literaturaren (literatura espainiarraren) programak garaikidetasunaren ateetan gelditzen ziren, 1950eko eta 1960ko hamarraldietan, Sánchez Ferlosio edo Martín-Santosekin; institutua amaitu eta berehala, hurrengo belaunaldikoei, adibidez, La verdad sobre el caso Savolta irakurrarazi zieten, eta gogoan dut pentsatu nuela ez ote zen pixka bat arriskutsua horren obra berria (1975) hain goiz sartzea eskola-kanonean. Baina onartu behar da hori tanta bat baino ez zela literatura hispanikoaren ibilbide luze eta (akademikoki) sendo egituratuan. Eta Eduardo Mendoza, edonola ere, beste plano batean dagoela aipatu ditudan euskal idazleekin alderatuta. Behintzat inori ez zitzaion bururatu, garai hartan, Vázquez-Figueroa edo Vizcaíno Casasen nobelak ipintzea irakurgai…
Zeren eta, ados, euskal literaturaren irakaskuntzan, euskarazkoaren alorrean behintzat, gure corpusaren estutasun historikoaren arazoa hor dago. Baina, hala ere, iruditzen zait zuhurra litzatekeela azterketa gaur eguneko literaturara arte iritsi aurretik gelditzea. Eta, zaila denez bizirik dauden zenbait idazleren obraz preszinditzea (euskal literaturaren suizidioa nahi ez badugu behintzat, irakurketaren liluraren ikuspuntutik besterik ez bada), azterketa ez eramatea 1990 edo 1995etik aurrera, adibidez. Edo, eramango balitz, eta azken errekurtso gisa, merkatu arrakastaz harago doan irizpide batekin egitea, gutxienez. Hots, Vázquez-Figueroa eta Vizcaíno Casas kanonean sartu gabe, ahal dela. Nahiz eta onartu behar den agian hori dela irizpiderik errealistena, Zeitgeistarekin hobekien datorrena bat, garai turbokapitalista hauetan…
Zeren eta, gainera, diglosiaren gaiak bestelako desbideratzeak ekartzen ditu. Gure hamahiru urteko ilobari, esaterako, bi liburu agindu dizkiote irakurtzeko aurten. Bata, gaztelaniaz, Las lágrimas de Shiva, gazte literaturan espezializatutako César Mallorquí bartzelonatarrarena: nobela fantastiko eraginkor bat, hiztegi eta sintaxi aldetik nahiko joria, eta iradokizun literarioz betea (bertan aipu ugari egiten zaizkie Bradbury, Orwell, Kafka, edo Trotskiren lanei, besteak beste); izan ere, gure iloba, nobela horretatik tiraka, J.D. Salingerren El guardián entre el centeno irakurtzera iritsi da, ia ustekabean (euskarazko ediziorik zegoela jakin gabe, hori bai). Eta asko gustatu zaio.
Bestea, euskaraz, Jara, Jasone Osoro elgoibartarrarena: nobela errealista eraginkor bat, hiztegi eta sintaxi alorrean sinpleagoa Mallorquírena baino (baita meheagoa ere), eta askoz ere lurtarragoa gaiari dagokionean, literaturarekin eta goi kulturarekin matraka dezente gutxiago ematen duena (nolabait esateko). Bertatik abiatuta, zer eta piercing bat egiteko deliberora heldu da gure iloba: horrekin dena esanda dago. Nahiz eta onartu behar den hau ere “garaiko izpirituarekin” areago bat datorrela, ziurrenik, Salinger zaharra baino…
Edonola ere: gero harritzen gara, gaztarotik edo helduarotik aurrera, gure irakurleek euskaraz irakurtzeari uzten diotelako…
Ez dut uste halakoak direnik azalpen bakarra, noski. Baina bai azalpenaren zati bat.