(Galde 11, verano 2015). Lourdes Oñederra. Barkatuko didazue izenburuaren graxia eta, ikusgarritasunaren mesedetan, nahi ez dudanari egiten diodan propaganda. Egia esan, beste askotan bezala, ez nekien nondik hasi gaurko idazlan honi ekin nionean. Hori dute betebehar literarioek: idatzi egin behar duela batek eman dioten eperako. Bestelako literatura egitean inspirazioak edo dena delako horrek bultzatzen zaitu, baina epe baterako agindutakoa burutzeko ez dago nahitaez halako laguntzarik.
Horrelaxe nengoen bada lan honi ekin behar nion egunean. Egunero bezala ibiltzera joan nintzen, baina, ibilaldi luzea egin banuen ere, ez zitzaidan gairik bururatu. Etsita etxerantz nindoala aitatxo diseinuzko bat ikusi nuen hotel baten aurrean, autoa garajera, eraman aurretik, atzeko eserlekuko gauzak txukuntzen. Halako batean,umearen pixoihal zikina bildu-bilduta eskuetan hartu zuen eta kristalezko hondakinak botatzeko dauden igloo berde horietako batean bota zuen.Kalearen beste aldean hotelaren pare-parean zegoen zakarrontzia ez zeukan nonbait eskura.
Eskura gelditzearena berriro iritsi zitzaidan gero etxean berriak entzuten ari nintzela. Gipuzkoar (agian donostiar) xinpatiko batek telebistaren mikrofono aurrean Baionan ireki berri duten IKEA saltoki erraldoia eskura gelditzen zitzaiolako oso pozik zegoela adierazi zuen. Beste batek esan zuen nahiago zuela Baionara joan Barakaldora baino. Oso gipuzkoarrena eta, zer esanik ez, donostiarrona da (askok-Frantzia-deitu-nahi-ez-baina-frantses-kutsuagatik-hain-gustuko-zaien) Beste Alderako joera hori. Baratillo eta modernillo gertatzen omen zitzaion bati: horrela, aspertzen zarenean bota egiten duzu altzari zaharra eta berria eros dezakezu…
Eskura geldituko ez zaiguna martxa honetan kale arteko merkataritza izango da eta horrek ematen duen giroa. Nire herrian badaude oraindik, berriak ere ireki dituzte, diote batzuek. Bejondeiela. Hobe hala balitz edonon. Dirudienez, salbuespenak salbuespen, martxa orokorra ez da hori. Gure herri eta hirietako kaleen egoeraz gainera, diru kontuak ere ez dira jende arruntaren aldekoak, altzariak merkeago erosteko amarruazerraz hartzen bagaituzte ere. Saltoki handietan sortzen diren lanpostuen ondoan gehiago omen dira galtzen direnak eta ez naiz orain hasiko, leku eta datu zehatzik ezagatik, saltoki handietako langileen lan baldintzez. Egon dira protestak… nahiz ez dagoen horretarako giro.Hemen gai dugun saltokiaren azal moderno eta aurrerakoiaren atzean ere bada zikinkeria.
Eta, zikinkeriaz ari naizela, saltoki erraldoiak salgaiz ornitzeko behar diren garraioez zer? Eta erosleak milaka joateko mugitu behar diren auto mordoaz? Eta ugaritu behar diren errepideez?
Nik ez dut umerik… baina kezkatzen nau(modernillo eta baratillo erostea gustatzen zaionari baino areago nonbait) datozenei utzi behar diegun munduak. Izotz puska erraldoia askatu da aurtengo udan itsasora Iparburutik. Munduko merkatari handienak ametsetan omen dabiltza itsasontziak bide laburragotik Poloa zeharkatu ahal izango duten egunarekin.
Barkatu, baina gin-tonicaren tonika gutxieneko marka batekoa behar duenari, edo Verdejo eta Rueda ardoak bereizten ez dituzulako goitik behera begiratzen dizunari… zer nahi duzue esatea: ba ez, ez diodala barkatzen etxerako altzariak erostean xoxak aurreratzen ibiltzea Ikean erosita inguruko denda batean bilatu gabe.
Bartzelonan itxi behar izan duten liburudenda bateko jabearen hitzak datozkit gogora: zer nahi dugu izan «putos consumidores» ala «ciudadanos como Dios manda». Alferkeria bekatu larria zela ikasi genuen txikitan eta hala bide da, gauzak eskura edukitzea bada irizpide nagusi. Deitzeko alfer garelako beti eskura dugun Whatsappak gure arteko komunikazioa zertan utziko duen ere ez da gai ezereza. Baina beste baterako utziko dugu.
Orain, iheslari siriarrak hesien beste aldean gelditzen diren bitartean, hemengo etxe batzuetan hilaren azkenera iristen ez diren bitartean, Europako pobre milioiekgero eta aberatsagoak diren milionarioak bazkatu bitartean, guk Barakaldokora ala Baionakora joanhausnartzen segi dezakegu.