Galde 33 uda/2021. Lourdes Oñederra.-
Kolegioan Madre Berchmansek azaldu zigun Historiako eskolan barbaroek herritar erromatarrak despistatuta harrapatu zituztela. Horregatik jabetu omen ziren jende salbai haiek Erroma zibilizatu eta aberatsaz (aberatsak batzuk izango ziren, ados, baina beti izaten da horrela eta, batez ere, horiena izaten da kontatzen den historia). Orgiatan, jaki garestienak jaten eta mozkortzeraino edaten ematen omen zituzten egunak eta gauak inperioa zaintzen egon behar luketenek. Nik hala irudikatu nituen behintzat: erdi etzanda, beren tunika klasiko haiek soinean, morroiek zerbitzatzen zizkieten janari eta edariez gozatzen, dantzari eta borrokalariei begira. Oka egin eta berriz hasten omen ziren jaten, asebetetze zikliko etengabean. Iruditzen zitzaidan orduan guri ezin zitzaigula halakorik gertatu sekula, ez aurreak erakusten duelako nola dantzatu atzekoa (banekien ordurako gutxi batzuk direla Historiatik ikasten dutenak eta, are gutxiago, halako asmoz ikasten dutenak), baizik eta iruditzen zitzaidalako erromatar haiek eta gu oso pertsona mota desberdinetakoak ginela. Hasteko, mahairik gabe eta erdi etzanda jateko ohitura hori oso deserosoa begitandu izan zait beti. Baina, batez ere, jandakoa botatzea, berriz jaten hasteko, giza-garapenean gu baino askoz gizaki atzeratuagoen bereizgarri bat zela pentsatzen nuen, alegia aspaldi gainditutako aro batekoa.
Ikasketetan aurrera, lehen asmo izandako zientzietatik letretara pasa nintzen latinaren gramatikak liluratuta (oso ondo azaltzen zuen Madre Gonzagari eskerrak). Gramatika, ondo ulertuz gero, oso gauza magnetikoa da. Gerora ikasi nuen hiztun bezala banekiena: euskararena eta gaztelaniarena oso gramatika desberdinak direla. Biek dituzte, hori bai, lehenengo (ni), bigarren (zu) eta hirugarren pertsonak (hura, bera) eta dagozkien pluralak (gu, zuek, haiek). Hirugarren pertsona beti izaten da besteekin alderatuta “ez-hain-pertsona”. Pentsatu euskaraz ez duela izenorderik ere. Gaztelaniaz bai: él, ella, ello.
Barbaroena ez omen zen zehazki horrela gertatu, diote Antzinateko historialariek. Berdin balio dit halere irudiak egun gure artean gertatzen ari zaiguna kokatzeko. Ez naute izutzen kanpotik letozkeenek, aspalditik barruan gaudenon besteekiko axolagabekeriak baizik. Izurriteak nabarmendu eta areagotu egin ditu larritasun seinaleak. Gramatikak “ni” lehen pertsona singularraz adierazten duenak itsututa bizi gara, norberaren kezka txikiek menperatuta: maskara jarri beharra balitz bezala sufrimendurik jasanezinena, tabernetan lekua hartzea balitz bezala eginkizunik garrantzitsuena, jatetxeak berandu arte irekitzea balitz bezala har daitekeen pozik handiena, oporretan urrutira joan ahal izatea balitz bezala gizakion helbururik garrantzitsuena.
Gerra eta zorigaitz beltzenetako iheslariak, azken patera iraulketan hildakoak, gobernuek bere estrategia geopolitikoetarako erabiltzen dituzten pobreak, gure hauzo behartsuetan hil azkenera iristen ez direnak… Halakoak “haiek” dira eta hirugarren pertsona plural urrutikoan urtzen dira. Guri Covidaren aurkako txertoa noiz jarriko diguten eta zein markatakoa axola zaigu –eta asko–, baina gaixotasun sendagarriekin hiltzen diren ume mordoek ez digute loa eragozten. Gure kaleetan legatza erosi eta pintxo egin berriak dastatzeko aukeraz besterik pentsatzen ez dugun bitartean, Afrikako eta Asiako herri txiroak ke eta hondakin pozoitsuz betetzen dituzte gure plastikoak birziklatzen omen dituztenek. Guri gure hondartzetako bandera urdinak axola zaizkigu, lehen pertsona eta orainaldiaren eskemak burmuina lautu baligu bezala.
“Barbaro” esatean salbaia esan nahi zuten, arrotza, ondo hitz egiten ere ez dakiena, gramatikarik eta ordenarik gabe “bar-bar-bar” egiten duena, zibilazio aurreratua arriskutan jartzen duen pertsona basatia. Bestea. Baina arriskua, benetakoa, gu geu gara, erosotasuna jainko bihurtu dugun barbaro kaltegarriak. Barbaroak gu gara eta, baita, erromatar aberats axolakabeak ere.