Gure artean gertatu dena eta egin (ez) duguna
(Galde 23, negua/2019). Lourdes Oñederra.-
Hemen, duela ia hirurogei urte, euskaldun batzuek erabaki zuten beren ideia politiko eta sozialak aurrera ateratzeko pertsonak hil zitezkeela, eta aski lagun konbentzitu zituzten, eta urte luzez aritu ziren pertsonak hiltzen, mehatxatzen, bahitzen. Areriotzat hartzen zituzten pertsona horiek, edo arerioak hiltzeko bidean harrapatzen zituzten «nahigabe».
Ez ditut ETA ona eta ETA txarra bereizi nahi; badakit frankismoa eta frankismoaren ondoko garaiak ez direla berdinak, baina frankismoaren kontra zeudenen artean ere, frankismoaren kontrako militanteen artean ere, kartzela sufritu zutenen artean ere askok ez zuten biolentzia erabili nahi izan; batzuk izan ziren armen bidea hartu zutenak, hori erabaki zutenak, eta hor dago gakoa, erabaki horretan. Horretaz hitz egin behar genieke gure gazteei, edo hitz egin behar genuke gure gazteekin… eta gure lagunekin, gure buruarekin azken batean.
Gure gizartean, gure lurraldean, gure garaian erakunde bat egon da gu denon herriagatik hemengo eta beste leku batzuetako pertsonak hiltzen: ideia baten truke bizitza kentzen.
Eta, batzuk hori egiten zuten bitartean, besteok (asko eta asko eta askok) segitu genuen ezer gertatuko ez balitz bezala bizitzen, ez ikusi eginez, gaia aipatu gabe bilera eta afarietan, lantegiko elkarguneetan, bakazioetako lagunekin, poteak hartzera irteten ginenean. Gure lur honetan oso ondo bizi baitzitekeen istiluetan sartzen ez bazen bat… eta istiluetan sartzea zen gaia ukitzea, aurre egitea; esaterako, tanborrada hasten zenean Donostian urtarrilaren 19ko gauerdian, Konstituzio plazako ETAren aldeko estetika gaitzestea.
Esaten da ETA bukatu dela bere helburu bakar bat ere lortu gabe eta egia da hori alderdi politikotik, baina zerbait lortu du: gizartea beldurtzea eta isilaraztea, gizarte honetan giro jakin bat hedatzea, ETA eta ingurukoen ideiak modu akritikoan egiatzat hartzea. Adibidez, espainol aspalditik da irain bat gure artean. Batzuek erabili egin dute eta besteon isiltasunak hori ere bedeinkatu egin du: «Aitzol español» idatzi zuen norbaitek Urumea hibaiaren ondoko bidean ibiltari guztion bistan gelditzen zen kirol-ontzi batean. Ez dakit Aitzol hori nor zen, baina mezua jarri zionak ez zuen maite. Hori seguru. Eta luzaroan egon zen inork garbitu gabe.
Gizarte honi gertatua, gure kontzientzien lozorro erosoa, hori ere aztertu behar dugu, hitzetan jarri, aitortu eta, ziurrenik, barkamena eskatu. Hori ere kontatu behar diegu gure gazteei: batzuek pertsonak hiltzea erabaki eta halaxe bete zuten bitartean, beste asko isilik egon ginela, ez genituela hiltzaileak hala deitu, ez genuela begiratzen eta, horregatik, ez genituela hildakoak ere ikusi, ez genituelako ikusi nahi…
Gazteei begira prestatu dute Herenegun egitasmoa. Zenbait aldetatik jaso ditu kritikak. Badira ni baino hobeto azter ditzaketenak bai programa bera, bai alderdi politiko eta biktimen taldeetatik etorritako aldarrikapenak. Nik Gogoan taldearenak nahi nituzke gogorarazi. Talde horretan, kide askoren lehengo elkartea zen Gesto por la Paz-en bezala, garbi bereizten delako gatazka politikoa armen erabileratik eta biktimak daudelako kontakizunaren funtsean: orain arteko eta hemendik aurrerako historiaren ardatza dira. Ez da norgehiagoka kontua, ez da nor den nor baino inportanteago eta zergatik bata edo bestea. Ez da eztabaida politikoa. Kontu morala da, etikoa. Norbait biktima izate horretan dago orain garbitu behar den historiaren muina, beste batzuen borondate txikitzaileak bihurtzen duelako bat biktima: bere ideiak besteren bizitzak baino gehiago balio dutela pentsatzen duenak kentzen dio bizitza pertsona bati eta pertsona horren maiteak hausten ditu betirako iraungo dien zauriz.
Azaroaren 30ean gure Fakultateko ikasle bat jipoitu zutenak nire ikasle izan ote litezkeen ideiak loa galerazten dit. Ideologia bat besteen gainetik jartzea edozein aukera politikoren ezaugarria da, baina onartezina da norberarenarekin bat ez datozenak iraintzea, beldurtzea, jipoitzea. Gure artean, ordea, luzaroan makurtu dugu burua, gertatzen zena gertatuko ez balitz bezala.