(Galde 10, Udaberria/2015). Iban Zaldua. Besteen liburuen hitzaurreak idaztea, alferrikakoa suerta daitekeen edozein ekintza bezala, ez da artegintza erraza: hori aspaldi frogatu zuen Stanislaw Lem idazle poloniarrak, genero zalantzagarri horri liburu oso bat dedikatu baitzion, Izari imajinario bat (1973), existitzen ez diren liburuen hainbat hitzaurre biltzen zituenak. Azken aldi honetan irakurri izan ditudan benetako adibide tamalgarri batzuk gogoan –ez soilik euskal literatura alorrekoak–, eta Lemen lezioak honezkero ahaztuta egon daitezkeen beldur, komenigarria iruditu zait gida labur hau proposatzea.
1.- Irakurri, ahal dela erabakia hartu baino lehenago, hitzaurrea egitera zoazen lana. Aholku honek, egia esan, berdin balio du hitzaurrearen aldagai bertsolaristikotzat –eta efimerotzat– har daitekeen liburu-aurkezpenetarako, eta beste era honetan formula daiteke, orobat: sekula ez onartu konpromiso soilaz –edo liburuan topo egingo duzunaz fidakor– hitzaurrea idazteko enkargurik. Eskatu iezazkiozu eskatzaileari egun batzuk, aste batzuk eskuizkribua irakurtzeko. Eta ondoren erabaki, nazio independente bat bazina legez, baiezkoa edo ezezkoa: zure esku dago. Gogoan hartu zure izen-abizenak betirako geratuko direla liburu horretara kateztatuta, Euskal Herriko biblioteka urrunen bateko apalategian gutxienez.
2.- Hala eta guztiz ere hitzaurrea idaztera behartuta bazaude –erabaki batzuk saihestezinak baitira: hots, ez dira erabaki– eta liburua txarra baldin bada, saia zaitez hitzaurrea ona, are oso ona izan dadin. Liburu on batentzako idatziko zenituzkeenak baino hitzaurre hobeak idatzi behar dira liburu txarrentzako: liburu onei, definizioz, ez litzaieke itzalik egin behar, zeren eta, kasu horretan, hitzaurreak bere jatorrizko funtzioa betetzeari utziko bailioke, hots, liburuaren jaurtitze-pista izateari. Liburu kaxkarrekin, ordea, alderantziz joka daiteke inolako damurik gabe: hitzaurrea, bederen, gogoangarria izan dadila.
3.- Ez ezazu spoilerrik egin. Jakina da literatura ezustekoa baino askoz ere gehiago dela, eta inportanteagoa dela kontatzen zaigun modua, kontatzen zaiguna baino. Hala ere, zugana miresmenez hurbildu den egile ziurrenik gazteago horrek kanporatu nahi duen guzti-guztia hitzaurrean aurreratzea itsusia da: ezaguna da, nik zer dakit, errelato mingarriki autobiografikoen idazletzan zarela aitzindari, baina ez zara halakorik egin duen lehena, ezta azkenekoa ere, eta beste batzuek ere eskubidea daukate barruan daramaten horren isurketa nahi duten eran dosifikatzeko, eta irakurlea epatatzeko. Hitzaurreak –honetan izpiritua konpartitzen du kontrazaleko testutxo publizitarioarekin, eta zinema trailerrarekin– liburuaren irakurketa desiragarri egin beharko luke, ez alferrikako.
4.- Hitzaurrearen gaia ondoren doan lana da, ez zu, hitzaurrearen balizko egile hori: saia zaitez zutaz ez hitz egiten, ez gehiegi behintzat. Hau da, argi dago hitzaurrea idazteko ardura zure kargu hartu baduzu, zure ikuspegi partikularrak agertu behar duela, nola edo hala, zure irakurketa propioa alegia. Baina, hortik landa, ikusezina izan beharko zenuke: ipuingile –demagun– pomeraniarren antologia horren atarian literatura eta lurralde pomeraniarrarekin izan duzun urte luzeen edo laburren zeharreko zure harremana ez zaio sobera inporta irakurleari, are gutxiago egileen inguruko informaziorik ematen badiozu apenas; badakigu Wikipedia hor dagoela, baina hitzaurreak, jaurtiketa pista izateaz gain, horretarako ere balio dezake, hain justu ere: ordenagailura altxatu gabe edo sakelakoa piztu gabe behar dugun informazio eta testuinguru horretaz bizkor eta eroso jabe gaitezen.
5.- Eta gogora ezazu beti daukazula eskura gibel-solasaren baliabidea, ez dena horren inposatzailea eta, hitzaurrea baino are alferrikakoagoa –eta, ondorioz, artistikoagoa– den heinean, zure maisutasuna erakusteko abagune hobeak eskainiko dizkizuna. Egia da zure egoa zaurituxeago gera daitekeela, hitzaurreak baino are gutxiago irakurtzen direlako, betidanik, hitz-osteak. Baina horrek ere askatasun gehiago eman diezazuke testua osatzeko orduan: spoilerrak, adibidez, zilegiago izan daitezke hor. Epilogoak, nolabait, naturalagoak dira hitzaurreak baino, liburuaren irakurketa osteko elkarrizketaren edo eztabaidaren abiapuntu suerta daitezkeen neurrian.
Izan ere, nik neuk, neurri profilaktiko gisa, hitzaurreak liburua amaitu ondoren irakurtzen ditut ia beti. Baina hori –irakurleek hitzaurreak ontsa irakurtzeko bideen inguruko hausnarketa– beste manifestu baterako utziko dugu…