(Galde 18, udaberria/2017). Inaki Irazabalbeitia. Egia esan gizakion jatorriaren eta eboluzioaren gaiak beti eman izan du sestrarako eta sesiorako tartea eta ez bakarrik Piltdowngo gizakiaren maularengatik edo neandertalen gaitasun kognitiboari buruzko kalapita ezagunarengatik. Gizakion eboluzioaren arbolaren adartza nola antolatu izan da beti eztabaidarako gai kutunetako bat antropologoen artean. Orain hizpidea emango dit, uhertuz baitoaz gure iturriak datuak pilatu ahala.
Neandertalei buruz jardun genuen aurreko batean. Berriz jarduteko parada izan nezakeen. Urtearen hasieran Sapiens aldizkarian argitaratutako artikulu batek sua piztu du antropologoen artean izan ere neandertalen sua egiteko gaitasuna kolokan ipintzen baitu. Alabaina, Elhuyar aldizkariaren ekaineko alean dotore azaltzen dute auziaren muina eta hara jotzea iradokitzen dizuet: http://aldizkaria.elhuyar.eus/erreportajeak/eta-neandertalek-sua-piztu-zuten/
Gorago aipatu dudan uhertasuna bi iturburuetatik dator.
Tresnak lantzeko gaitasuna beti jarri da gizakion leinuaren agerpena ezartzeko mugarri moduan, trebezia mental bereziak eskatzen dituelako. Txinpantzeek eta beste tximino batzuek baliatzen dituzte tresnak jatena lortzeko esaterako, baina ez dituzte beraiek lantzen naturak emanikoa baliatzen dute. Hortik mugarri izatea tresnak propio lantzea. Homo habilisak, gure generoko lehenak, garatu zuela trebezia hori izan da giza eboluzioaren ikuspegi tradizionala. Orain arte aurkitutako harrizko tresna zaharrenak duela 2,6 milioi urtekoak ziren. Bat zetozen Homo habilisaren fosil-erregistroarekin. Alabaina, 2015ean Etiopian eginiko aurkikuntza batek zalantzan ipini du ikuspegi hori. Izan ere, 3,3 milioi urte dituzten harrizko tresnak topatu dira. Zeinek egin zituen? Oraindik ezagutzen ez dugu homo generoko espezieren batek edo Australopithecusen batek edo besteren batek? Erantzunik ez dago oraindik, gardentasuna ekarri ordez, uhertasuna ekarri dute datuek.
Are gehiago, tresnak topatu diren tokiko lurzoruaren analisiak zientzialariak lagundu ditu sumatzen nolakoa ei zen garai hartako paisaia. Ustekabea, sabana ez eta baso bakanak eta sastrakak zituen inguruan iradokitzen dute lurzoruan topatutako karbono-isotopoek. Orain arte, uste zen belarrezko sabanan garatu zela gizakia eta tresnak hilotzak sarraskitzeko usatzen zituztela. Aurkikuntzek iradokitzen dute tresnak fruitu lehorrak, tuberkuluak eta antzekoak mozteko usatu izan zirela. Uhertasun apur bat gehiago!
Marrakex ingurutik dator uhertasunaren beste osagaia. 1961ean Jebel Irhud mendigunean irekitako meategi batean giza garezur bat, hainbat hezur eta harrizko tresnak aurkitu zituzten. Hasiera batean neandertalen hezurrak zirela pentsatu zuten ikertzaileek. Alabaina, geroa Homo sapiens generokoa zirela ondorioztatu zuten, nahiz eta zenbait aspektuetan primitiboagoa ziruditen. Gerora, hipotesi hori berretsi zuten beste aztarna batzuk. Honaino deus berririk ez; ohikoa baita hezur fosil batzuen aurrean sailkatzeko dudak agertzea adituen artean. Kalapita zona berean berriki erauzitako aztarnak datatu direnean sortu da. Izan ere, azterketa hori egin duten zientzialarien aburuz, Jebel Irhudeko hezurrek 350.000 eta 280.000 mila urte artean dituzte. Homo sapiensen hezurrik zaharrenak lirateke. Orain arteko zaharrenak Etiopian aurkitu dira eta 160.000 eta 195.000 urte artekoak dira. Uste orokorra da Homo sapiensa garai hartan agertu zela Etiopian inguru horretan eta gerora zabaldu zela mundu osora. Jebel Irhudeko aurkikuntzek ustel bihur ditzakete uste horiek. Pentsa dezakezue horrek antropologoen artean piztu duen eztabaidaren tamaina!
Gardenak uherrak ordezkatuko du halako batean datu berriak medio edota horiek uherraren sakona handituko al dute?