Galde 30, 2020/udazkena. Maite Iturre.-
Frantziako udal hauteskundeak: ezkerrari bidea erakutsiz
Inork gutxik uka dezake Frantziako azken udal hauteskundeak V. Errepublikaren berezienak izan zirela, hainbat arrazoi tarteko. Abstentzioak orain arteko goia jo zuen, ekologistek garaipen handia lortu zuten eta Macron presidentearen La République en Marche (LREM) alderdiak porrot egin zuen.
Hauteskundeen lehen zein bigarren itzulian parte-hartzea inoizko apalena izan zen, (%44,66a eta %41,6a hurrenez hurren), aurreko hauteskundeak baino 20 puntu inguru baxuagoa. Gainera, jaitsiera hori hirietan izan zen nabarmenagoa landa eremuan baino. Abstentzioa errekorra izanaren arrazoiak askotarikoak izan ziren, egiturazkoak zein koiunturalak. Batetik, bada epe luzeko parte-hartzearen gainbehera hauteskunde ezberdinetan, herritarrek politikagintzarekiko sentitzen duten atxikimendua galtzearen ondorioz, batzuetan “degagisme” jarrerak aldarrikatzeraino iristen dena. Bertzetik, koiuntura arrunt baldintzatzaileetan burutu ziren bozak. Lehen itzuliaren bezperan, Philippe lehen ministroak COVID-19aren aurka borrokatzeko neurri zorrotzak iragarri zituen, etxealdia aginduz baina aldi berean hauteskundeak mantenduz. Horrek nahasmendu nabaria eragin zuen herritarrengan. Lehen itzuliko emaitzak mantendu ahal izateko epemuga legalaren muturreraino atzeraturik, eta osasun egoerak baldintzaturiko ez-ohiko kanpaina eginik, bigarren itzulian COVID-19aren beldurrari interes eza gehitu zitzaion. Ez dago jakiterik abstentzioan geratu zirenak nortzuk izan ziren eta zergatik egin zuten. Hortaz, zaila da erratea emaitzak zein puntutaraino irakurgarriak diren. Alabaina, eta horren guztiaren ondorioz, bozen emaitzak direnak izanik, haien gaineko interpretazioak zuhurtziazkoa izan behar du halabeharrez.
Europar hauteskundeetan lorturiko hirugarren postuak markatu zuen gorakadari eutsi zioten ekologistek (EELVkoek zein afiliazio-gabeek), hautagai ezezagunak aurkeztu arren. 2014tik agintzen zuten Grenoble atxiki eta Marseilla eta Lyonez gain (Frantziako bigarren eta hirugarren hiriak) bertze hiri nagusi eta hainbat hiri ertainetan ere irabazi zuten. Hala, bertzeak bertze, Estrasburgo, Bordele, Poitiers, Besançon eta Tours egonen dira auzapez ekologisten gidaritza pean hurrengo sei urteetan. Gainera Bordele edo Marseillako kasuetan, garaipenak boterean hamarkadak zeramatzan eskuinak irtenarazteko balio izan zuen. Aldiz, gutxigatik ez zituzten Okzitaniako Tolosa edo Lille eskuratu. Eta ezin ahantzi Alderdi Sozialistaren (PS) Anne Hidalgok Pariseko agintaldia berritu zuela ekologisten eta komunisten babesari esker, ingurumena ardatz izan duen kanpaina baten ondotik.
Orokorrean, PSk Hollanderen agintaldiaren ondoko deskonposizioa geldiaraztea lortu zuen, eta aliantza azkarrak burutu zituen berdeekin. Aldiz, PCFko komunistek emaitza txarrak izan zituzten, Pariseko lehengo “gerriko gorria”n gibelerat eginez, Liberazio garaitik haien eskuetan zegoen Saint-Denis-eko gotorlekua galtzeraino.
Eskuinaldean, Les Republicains-k (LR) eutsi zioten, 9000 biztanle baino gehiagotako herri eta hirien %50a baino gehiago gordez, baina Marseille, Bordeaux eta Perpignan hiri inportanteak galduz. Le Pen-en Rassemblement Nationalek (RN) emaitza eskasak lortu zituen, Perpignango auzapezgoa eskuratu arren.
Macronen LREMk egundoko zaplaztekoa jaso zuen: bere izena erabilita ez zuen lortu ezta garaipen bat ere hiri garrantzitsu batean. Philippe lehen ministroak Havren irabazi zuen, bai, baina independiente gisa, eta Bayrouk Paueko auzapezgoan mantendu zen Modem bezala. Presidentetzan den alderdi batek halako porrota pairatzen duen lehen aldia da. 2017an bozen %66,1a lortu arren, hitzordu garrantzitsu honetan Macronek ez zuen lortu bere proiektua lurraldean ainguratzea. Are okerrago, toki gehienetan eskuinerat kulunkatu zen, LRen hautagaiak babestuz.
Ipar Euskal Herriari begira, berritasun nagusia Lapurdi Hegoaldean ezkertiar eta abertzaleen zerrenden aitzinatzea izan da. Frantzia mailan gertatu denaren antzera, ezkertiar, ekologista eta, gurean abertzaleen aliantzek fruituak eman zituzten: Ziburu, Urruña, Itsasu eta Uztaritze esku abertzaleetan geratu dira, eta Senpere edo Hendaian, abertzaleen sostengua funtsezkoa izan da. Barnealdeko herri nagusietan halakorik gertatu ez den arren, oro har, zerrenda abertzaleek hozka bat igo zuten. Aldaketa soziologikoa eta borroka armatuaren amaierak irekitako aukerak baliaturik duela hainbat urte lantzen hasi zen estrategia emankor gertatzen ari da. Zerrenden aniztasun eta irekierak eta posibilismoan oinarrituriko aliantzen lanketak lehendabizi hautetsi abertzaleak herriko etxeetan sartzea lortu zuten, eta ondotik, eginiko lanak ordezkaritza emendatzeko aukera eman du. Honek guztiak indar politiko frantsesak abertzaleen garrantzia kontuan hartzerat eramaten ditu, eta ondorioz, haien zenbait aldarrikapen eta proposamen gauzatzeko bide ematen du.
Korsikan ere abertzaleek antzeko logikako aliantzetan oinarriturik aitzin egin zuten. Herri txikiagoetatik haratago, Bastian eta Porto Vecchion (irlako bigarren eta hirugarren hiriak hurrenez hurren) nagusitu ziren. Simeoni Korsikako presidentearen Femu a Corsica alderdi autonomistak Bastiako auzapezgoari eutsi zion; hiri horretan sustraitzeko xederako biziki lagungarri izanen dena. Bertzalde, hegoaldeko Porto Vecchion, Korsikako Nazioaren Alderdiak (PNC) alkatetza eskuratu zuen, Korsikako Asanbladaren presidentea den Talamoniren Corsica Liberako independentistekin aliantza eginik.
Irlan zein geurean lorturiko emaitza on hauek heldu den urteko martxoan eta abenduan izanen diren departamendu eta erregio hauteskundeetan abertzaleek segitu beharreko estrategiaren inguruko eztabaida pizten du, hurrengo hilabete hauetan ebatzi beharko dena eta oihartzun handiagoa izanen duena. Izan ere, hitzordu horiek 2022ko presidentetza hauteskundeetarako bidea prestatzeko gakoak izanen dira.
Gauzak horrela, udal hauteskunde hauek berritasun zein galde-ikur nabarmenak utzi dituzte. Biharamuneko lerroburu gehienak “olatu berde” bati buruz mintzo ziren. Zalantzarik ez da berdeen emaitzak historikoak izan direla, baina gogoan atxiki behar da hori posiblea izan dela ezkerreko indarrekin eta herri mugimenduekin eginiko aliantzei esker, kasu batzuetan PSren kalterako. Halakorik lortu ezak hauteskundeak galtzea ekarri du, Havren bezala. Gainera, irabazitako hiriek lurralde-desoreka erakusten dute: boz ekologista hiri ertain eta handietan, Alemaniarekiko mugan eta Rhone-Alpes eskualdean kontzentratu da. Horretaz gain, nagusitasun handiagoa lortu du hiri eremuetan landa eremuetan baino.
Alta, ez da zalantzarik ingurumenari buruzko kezka nabarmen hasi eta zabaldu dela, menturaz koronabirusaren pandemiak lagundurik. Zentzu honetan, erran daiteke ekologistena hauteskunde garaipena baino garaipen kulturala izan dela. Gizartearen sektore zabaletan azaleratzen ari da ingurumen-kontzientzia. Ondorioz, alderdi politiko ezberdinak beren programetan gaia modu batean edo bertzean barneratzen ari dira, aunitzetan “green washing” operazio hutsa bada ere. Hortik heldu dira hainbat konpondu ezinezko kontraerranez beteriko proposamenak, Macronen alderdiko batzuen “kapitalismo ekologikoa eta soziala” (!) kasu.
PSren hondoratzea, eskuinaren emaitza ahulak eta Macronen garaipena zirela eta, 2017an ezker-eskuin ardatzaren desitxuratzeari buruz aunitz solasten hasi zen. Hauteskunde hauek erakusten dute ardatz horren berrosaketa eta berrantolaketa gertatzen ari direla. Une honetan, EELV ezkerreko motorra dela baiezta daiteke. Izan ere, ikusi denez, konbinazio irabazlea ezkerra berdeekin eta berdeak ezkerraren aitzinean izan da. Horretaz oharturik, PSren lehen idazkariak adierazi zuen 2022ko presidentetzarako hauteskundeei begira sozialistak prest liratekeela bloke sozial-ekologistak irudikatzen duen hautagaia sostengatzeko, edozein delarik bere jatorri politikoa. Alderdiak jada hitzordu horri begira daude, baita Presidenteak berak ere.
Izan ere, Phillipek Havreko auzapezgoa eskuratu izanak duela hainbat hilabete egin nahi zuen aldaketa burutzeko parada ederra eman zion Macroni. Jaka horien krisialdiak, erretreten erreformak eta horren kontestazioak zein osasun-krisiak bien arteko desadostasunak areagotzea eragin zuten. Philippek nahiko irudi publiko ona mantendu izan du Macronena azkar okertzen joan den bitartean. Horrela, hauteskundeen ondoren agintaldiko azken bi urteei begirako gobernuaren erreforma egin du. Jean Castex, ENAko elite politiko-administratiboaren kidea, Kontu Auzitegian arituriko goi-funtzionarioa, Ipar Kataluniako Prada de Conflenteko eskuineko auzapeza eta katalan hiztuna izan da hautatua. Azken bi datu horiek gobernurat periferiekiko sentiberatasun berezia eraman nahi izan dela pentsarazi lezakete bat-batean, baina zenbait adierazpenetatik haratago, momentuz ez da suposizio hori oinarritzeko datu objektiborik.
Argi dirudi Macronek lehen ministroa aldatu duela, baina ez bere politika. Mugimendu honen bidez batetik, bere grabitate zentroa eskuinean errotzen ari da. Izan ere, Castex bera bezala, zuzen-zuzenean Eliseotik hainbat kargutarako izendatu dituen pertsonak Sarkozyrekin agintean ibilitakoak edo bere hurbilekoak dira. Bertzetik, Castexek Phillipek baino profil teknikoagoa duela ikusirik, ez da dudarik Macronek bere buruarengan botere efektiboa kontzentratzen segitu nahi duela, hiperpresidentzialismoa elikatuz. Udal hauteskundeen irakaspenak aintzat hartuz, honen guztiaren irakurketa bakarra da bere apustua LRen espazioa fagozitatzea dela. Lortuko ote duen, eta karguan segitzeko aski izanen ote zaion ikusteke daude. Ezkertiar, ekologista eta abertzaleen esku egonen da neurri handi batean. Udal hauteskundeek aurre egiteko bidea erakutsi dute: garai bateko Gauche Plurielleren (Ezker Anitza) antzeko bide hori urratzen ikasten hasi beharko dute orain belaunaldi berriek.
Maite Iturre
Politologoa, nazioarteko harremanetan aditua