Inaki Irazabalbeitia. (Galde 06 edizio digitala, udaberria/2014). Irakurle orrialde hauek irakurtzen dituzenerako Europako Parlamenturako hauteskundeak paseak izango dira. Jada jakingo duzu zeintzuk ordezkatzen gaituzten Europako herritarrak, horietako zenbatek defendatzen duen Europako proiektua eta zein paramentroetan aritu beharko duen Parlamentuaren lanak. Ez naiz neroni ordurako erakunde horren kide izango.
Europako Parlamentuak eta Europako Batasunak hainbat erronkari aurre egin beharko diete hurrengo bost urteotan, hala nola, Europaren proiektu politikoa behin-betirako zehazten hastea ekonomian eta merkatuan eratutako arkitektura gaindituz; Europa sozialaren eraikuntza non herritarrek eskubide sozial minimo batzuk izan beharko dituzten, Batasunaren estatu guztietan, gutxieneko soldata adibidez; eraldaketa energitikoaren bidez aldaketa klimatikoari aurre egitea eta ekonomia berdea sortzea; inmigrazioari irtenbide egokia bilatzea, hesiak eta hesiondoak gaindituko dituena eta ekonomia produktiboa indartzea. Horietaz gain eta aipatutako lehen puntuarekin zuzenki lotuta dagoen beste erronka bati ere egin beharko diote, hain segur, Eskoziaren eta Kataluniaren sezesioek planteatuko dienari.
Oneski jokatzeko esan beharko genuke ez dirudiela EBko oraingo agintariek begirunez begiratzen dietela Eskoziako eta Kataluniako prozesuei. Nik esango nuke beldurra diotela herri horiek independentziari baiezkoa esan eta EBko kide izatea eskatzeari. Izan ere, nahi ez duten dilema baten aurrean egongo lirateke. Europako Batasunaren tratatuek ez diote ezer horrelako egoera bati buruz, nahiz eta nazionalismo espainolaren bozeramaileek horrekin su eta ker deiadar egiten diharduten. Egoera berri baten aurrean erabakia hartu beharko lukete. Erabaki horrek gainera Batasuneko herritar batzuen oinarrizko eskubideetako bati eragiten dio: herritartasun eskubideari. Herritar horiek delibero guztiz demokratikoa harturik izango dute, erreferendum-prozesu garden eta bermez betetako batez burutu delako. Batasunak ezetz esan al diezaieke erabaki guztiz demokratikoa hartu duten bere herritar batzuei? Ez al lieke traizio egingo bere oinarrizko printzipioei eta baloreei?
Dilema horrek badu ikuspegi kuriosoa nazioarteko zuzenbidearen ikuspegitik. Eurorako Batasunak herritarren eta estatuen menpeko da aldi berean. Europako Parlamentua herritarrek aukeratzen dute botu zuzenaren bidez, baina Kontseiluan estatuak daude ordezkatuta. Bi legimitate diferente uztartzen dira Batasunaren baitan. Bi legitimitateen talka gerta daiteke Eskoziaren edota Kataluiniaren erreferendumen kausa. Bata bestea baino nagusiagoa al da? Estatuen legitimitatea herritarren legitimitatearen gainetik al dago? Barrosori eta enparauei entzunda badirudi, estatuen legitimitatea herritarrenari galienduko litzaiokeela. Zergatik izan behar du horrela? Herritarrak ez al daude demokraziaren oinarrian? Herritarren borondatearen isla ez al da demokrazia? Neronek argi dut herritarren borondateak duela legitimitaterik handiena. Kasu horretan Eskoziako herritarren independiente izateko eta EBko herritar izaten jarraitzeko borondatea hartu beharko luke EBk urrezko arau moduan.
Europako Batasuneko arduradunek beldurraren eta amenazuaren bidea jokatu dute orain arte auziaz galdetu izan zaienean. Durao Barroso, Batzordearen presidentea, agertu izan da behin baino gehiagotan polizia gaiztoarena egiten.
Testuinguru horretan hona ekarri nahi dut Davoseko foroaren baitan Durao Barrosok Xavier Sala i Martin ekonomialari katalanarekin izandako eztabaida 1. Batzordeko presidenteak botatako hitzaldian goretsi zuen Kroazia Batasunaren kide izatea bata eta Serbia bidean egotea EBk ordezkatzen duen demokrazia- eta askatasun-printzipioen baitan. Sala i Martinek Durao Barrosoren polizia gaiztoaren papera ezagutzen zuen eta hori dela eta berak hauxe esan zion Barrosori:
‘Durao Barroso jauna, txalotu egiten dut Europaren izaera demokratikoari buruz esan duzuna eta bat egiten dut zurekin. Entenditzen dut harro egotea zabalkuntza-prozesua Kroaziara eta Serbiara arrakastaz zabaldu delako. Oso inportantea da Europa gero eta handiagoa izatea, gero eta herritar gehiago izatea eta egunez egun demokratikoagoa izatea. Alabaina ulertzen ez dudan gauza bat dago. Kroazia eta Serbiak independentzia lortu dute gerra odoltsuen bidez, Hagako epaitegian juzkatzen ari diren gizateriaren kontrako krimen askorekin. Zuk dakizun bezala, nahiz eta neroni ordezkaritza estatubatuarreko kide izan, Bartzelonakoa naiz. Xehetasun hau aipatzen dizut nire herrikide katalanak erreferendum bat eskatzen ari direlako erabaki ahal izateko Espainiarekin jarraitu nahi duten ala beste bideren bat nahiago duten. Prozesu horren erdian zuk, Barroso jauna, esan duzu katalanek independentziaren aldeko bozka ematen badute, Europatik kanpo geldituko liratekeela automatikoki. Nik ez dut deus Balkanetako herritarren aurka, baina zu horren harro zauden Europa demokratiko horrek, zeinek independentzia gerra ankerren bidez lortu duten herrien onartzea goresten duen, nola mehatxa dezakeen Batasunetik egoztearekin gauza bera bozken bidez lortzen duena?’
Geroago erantsi zuen:
‘Ez al da jada garaia, gizaki libre eta demokratikoak garenez, has gaitezen odolez eta biolentziaz marraztutako mugak errefusatzen eta onartzen herritarren bozkekin marrazten direnak? Nik baietz uste dut. Are gehiago, uste dut, historian hainbestetan gertatu den bezala, Europak izan beharko lukeela prozesuaren lidergoa.’
Nik uste dut Sala i Martinek bete-betean asmatzen duela argudioan eta konparaketan. Odolez lortzen denak, bozken bidez lortzen denak baino balio handiago al du? Argudio demokratiko hutsa aplikatuz unibokoa da erantzuna; bozkak. Batasunak oinarri horretatik abiatu beharko du Kataluniak eta Eskoaziak planteatzen dioten erronkari erantzuteko.
Pragmatismoaren ikuspegia ere jorra dezake Europako Batasunak eta gorago aipatu dudan bezala herritarren legimitatea urrezko arautzat harturik. Jakina da nazioarteko zuzenbidean pragmatismoa dela araua ustegabeko egoerei aurre egiteko. Horrela jokatu izan du Batasunak lehenago ere. Alemaniako Errepublika Demokratikoa desegin zenean eta Alemaniako Errepublika Federalarekin bat egin zuenean, Batasuneko tratatuetan ez zen horrelako egoerarik gerta zitekeenik aurreikusten. Dena dela, Batasunak pragmatismoz eta errealismoz jokatu zuen Alemaniaren batasuna Batasunaren barruan gerta zedin. Europako Konstituzioa disenatu zenean ez zen B biderik planteatu alternatiba moduan, baina huts egin zuenean hainbat estatuetako herritarrek ezezkoa eman ziotelako, Lisboako Tratatuaren bidea landu zen arazoari konponbidea emateko.
Pragmatismoaren bide horretan Suitzak demaigu lezio ederrra eta aurrekari interesgarri bat ipinitzen du. 1815ean Jurako lurraldeak Bernako kantoiko kide bilakatu ziren. Jatorrizko Bernako kantoi aleman hiztuna eta protestantea zen eta Jurako lurraldeak katolikoak eta frantses hiztunak. 1959 juratar mugimendu batzuk hasi ziren hizketan Jurako kantoia osatzeaz Helvetiar Konfederaziaren baitan Bernako kantoitik lurralde frantses hiztunak eta katolikoak sezesionatuz.
Ez Bernako kantoiko konstituzioak ezta Konfederaziokoak ere ez zuten aukera hori jasotzen. Alabaina, behar adina aldaketa konstituzional eta erreferendum egin ziren Jurako kantoia errealitate bihurtu arte. 1979an lortu zuen Jurako kantoiak Helvetiar Konfederazioko kide izatea. Prozesua luzea eta korapilotsua izan zen, baina parte guztiek izan zuten borondate demokratikoak ekarri zuen ad hoc prozesu bat burutzea Jurako herritarrek libreki eta demokratikoki adierazitako borondatea bete ahal izateko.
Eskoziako edota Kataluniako kasuan antzeko egoera baten aurrean egongo ginateke.
Hortaz eta laburtzeko Eskoziako eta Kataluniako independentziaren aurrean Europako Batasunak hiru oinarritatik abiatuz hartu beharko luke jarrera: herritarren borondatea demokratikoki eta libreki adierazita sistema demokratikoaren urrezko arautzat hartuta herritarren legitimitatea estatuen legimitatearen gainetik jartzea; bozkek markatutako mugak onartzea eta pragmatismoa aplikatzea.
Inaki Irazabalbeitia Fernandez, MEP, Aralar, Berdeak-ALE
Notes: