Zenbait galdera eta erronka
Galde 27, negua/2020. Amelia Barquín eta Marta Quintas.-
Azkeneko hogei urteotan euskal gizartearen paisaje humanoa nabarmen dibersifikatu da, estatuz kanpoko inmigrazioaren ondorioz, nagusiki. Euskal hezkuntza sistemak erantzuna eman dio fenomenoari eta kudeatzen jarraitzen du. Aldi berean, hainbat erronka agertzen dira etorkizun hurbilari begira eta haietako batzuk labur aurkeztuko ditugu orain. Espazio mugatua dugunez, erreferentzien atalean aurkitu ahal izango dira alderdi batzuk garatzen dituzten zenbait testu.
Etorkinen harrera zein aniztasunaren trataera
Fenomenoa ez da gelditu eta estatuz kanpoko familiek jarraitzen dute euskal gizartera heltzen, adin guztietako ume eta gazteekin, ikasturteko edozein momentutan. Horrek esan nahi du halabeharrez jarraitu behar dela harreran arreta jartzen eta horretarako prozesuak hobetzen.
Eta, aldi berean, Aierdik (2018) gogorarazten digu aniztasuna hemen dagoela eta hemen geratuko dela. Harreraz gain, aniztasunaren trataera da, beraz, erronka nagusienetako bat.
Anistasuna euskal gizartearen ezaugarri bihurtu da eta presente egongo da aurrerantzean: ezaugarri fisiko anitzak (pertsona arrazializatu gehiago), erligio desberdinak (kointura zailean dagoen islama, nagusiki), etxean mintzatzen diren hizkuntzak (gaztelania eta euskara ez direnak…), berezitasun kulturalak…Ezaugarri horiek guztiak presente daude eskoletan eta, trataera egokia egin ezean, desabantaila bihurftu daitezke umeentzat eta familiarentzat, hegemoniatik kanpo gelditzen direlako eta minorizazio eta diskriminazio iturri bihurtu ahal direlako, lehendabizi eskolan eta, bitartean eta ondoren, gizartean.
Familien parte-hartzea faktore garrantzitsua da desabantailan dauden umeen eskola-arrakastarekin lotuta; parte-hartze hori erraztea bada klaustoek egin behar duten ahalegina. Bestalde, esperientzia positiboak egon badaude, baina ikastetxe ugaritan erronka da oraindik familien alderdi kulturalak egoki tratatzea, alegia, estereotipatua, folklorikoa eta sinplista ez den modu batean (Barquín 2015). Alderdi erlijiosoen kudeaketa ere bada maiz hezkuntza sistemarentzat korapilo bat: erlijioaren ikasgaia, menu halala, nesken hijaba…(Castro et al.2018). Arrazakeriaren kontrako formazioa, estereotipoen eta aporobiaren kontrakoa…irakasleen prestakuntzaren barruan kokatu beharko genuke.
Desberdinkeria ekonomikoa
Desberdinkeria ekonomiko faktoreak ez du arreta nahikorik jasotzen, fokua aspektu kulturaletan soilik jartzen delako maiz. Baina desabantaila nagusienetako bat da immigranteentzat eta haien familientzat, gizartearen beheko geruzan kokatzen direlako eta umeek pairatzen dituzten zailtasunek ikaste prozesuan ondorioak dituztelako. Hezkuntzan denetik aurkitzen dugu: badaude sentsibilitate handia duten ikastetxeak eta irakasleak; izan ere, estrategiak garatzen dituzte eskolako eginkizunek eta horiek egiteko behar diren baliabideek ikasle batzuen desabantaila ez handitzeko, eta are gahinditzen laguntzeko (ikus Sagasta eta al. 2019). Desiragarria da irakasleen formazioan eta kontzientzia hartzean eragitea, jakin arren ikastetxe batzuen bokazio elitista eta irakasle batzuen marko ideologikoa ere oztopoak direla.
Eskola ordutegiz kanpoko jarduerak
Desabantaila edukatiboaren gako bat eskolaz kanpoko denbora da, desabaintaila handitu ahal baitu. Eskolako emaitzei dagokionez, ez da gauza bera ingeles eta piano partikularretara joatea, ala pantailen aurrean edo kalean arratsaldea pasatzea. Baina jarduera ludikoak ere zentralak dira (kirola, jolasak, artea…) Garrantzitsua da kalitatezkoak, dibertigarriak, merkeak…eta euskaraz izatea, badakigulako hizkuntzari dagokionez eskolaren lana ez dela nahikoa eta eskolatik kanpo euskarazko jarduerak egitea oso onuragarria dela. Ikastetxe bakoitzean interesgarria da honako galderak egitea: zein da aisialdiko jarduerek duten prezioa? Prezio horren erruz, ba al daude praktikatu ezin duten ikasleak? Zeintzuk dira horren ondorioak ikasle horientzat? Eta komunitatearentzat? Ba al dago interesik hori aldatzeko? Zein estrategiaren bidez?
Identitatea
Nongoak dira etorkinen seme-alabak? Gizartean eta hezkuntza sisteman noiz hasten gara ikusten “bertako moduan”? Etorkinen ondorengoak eta nagusiki pertsona arrazializatuek oztopoak aurkitzen dituzte girartean “bertakotasuna” garatu ahal izateko autoktonoen arrekonozimentu faltarengatik. Atzerritar moduan tratatuak izaten dira, ez beti eskubideak dituzten hiritar legez (Barquín, 2009). Amin Maalouf-ek “askotariko identitateen” onurez idatzi zuen, baina ezin da esan ikuspegi hori zabaldu denik. Nola lan egin eskolan jatorri atzerritarra duten ikasleek “hemengo” ere sentitu ahal izateko, jatorriarekin lotutako pertenentziari uko egin gabe (hots, bien artean aukeratzeko atakan kokatu gabe)?
Segregazioa
Klase sozialaren eta jatorriaren araberako segregazioa nabarmena da euskal hezkuntza sisteman (ikastetxe kontzertatuetan kasu askotan, baina baita publiko batzuetan ere). Alde batetik, hilero ordaintzeko kuota bat dago (eta batzuetan hasieran jarri behar den diru-kopuru bat), eta familia batzuek ordaindi ahal dute eta beste batzuek ez. Sailkapen ekonomikoa arfgia da; gizarte geruza oso bat kanpoan gelditzen da ikastetxe batzuetatik.
Segregazioak ondorioak ditu, maila sozialean epe erdira eta desabantailan dauden ikasleen bizitzan oraintxe bertan: diskriminazio “naturalizatua” da gure gizartean, ikasle horien emaitza akademikoak eta aukerak apaltzen dituena.
Arazoa hainba aldiz salatu da azkeneko 15 urtetan. Azken boladan, gainera, hainbat eskola publikoren familien ahotsak altxatzen dira neurriak eskatzeko (gasteiz, Arabar Errioxa, Debagoiena, Ordizia, Lasarte, Eibar, Ermua, Santurtzi…). Izan ere, denbora tarte horretan administrazioak ez du neurri eraginkorrik martxan jarri arazoari aurre egiteko. Benetan nahi dute gure gobernuek ikastetxe guztiak homogeneoak izatea? Eta gizarte osoak ere bai?
Gizarte konpromisoa duten ikastetxeekiko errekonozimendua
Etorkinen seme-alaben eskolatzeak kolokan jarri ditu ikasle horiek hartu dituzten ikastetxeak eta hainbat alderdi birpentsatu eta egokitu behar izan dituzte. Prozesu hori oso onuragarria izan da ikastetxe horietako ikasle guztientzat, ez solilik etorkin jatorrikoentzat, aniztasuna hobeto kudeatzen ikasteak ikasle guzti-guztiengan duelako eragin positiboa. Ikastetxe horiek erantzuten diote, besteek ez bezala, funtsezkoak diren erronkei: hezkuntzazkoari, sozialari, linguistiko eta kulturalari. Baina, aldi berean, badakigu pobreekin lan egitean prestigio galera ekartzen duela kontsumoek eta arrakastak liluratutako gure gizartean: Inmigrazioaren seme-alabei erantzutea ez dela gure gizartean errekonozitzen den ekarpen bat, eta ikastetxe ugari estigmatizatuta daude hain zuzen euskal gizartearentzat horren garrantzitsuak diren erronkei arreta eskaintzen dietelako.
Izan ere, uste partekatua bestea da, eskola horiek okerragoak direla hain zuzen. Autoestimu baxua dute kasu askotan errekonozimendu faltagatik. Horrek azaltzen du, hein batean, familia askok haietatik ihes egitea, eta batzuetan baita irakasleek ere…Ospe-galtze hori ere naturalizatuta dugu eta desnaturalizatzea komeni da.
Jarraitzen dute izaten eskola ugaritan nahi ez diren ikasleak? Jaoitze tasa gero eta baxuagoa den garai honetan -gela ugari itxi beharko dira datozen urteetan- desiragarriak bihurtuko dira bat-batean etorkinen eta pobreen seme-alabak?
Euskara
D eredu publikoa da etorkinen seme-alabak nagusiki euskalduntzen ari den eskola geruza, Euskadiko Eskola Kontseiluak (2016) azaldu du EAEn 2014-2015 ikasturtean atzerritar ikasleen %51,4 eskolatuta zegoela D ereduan, %28 B ereduen eta %19% A ereduena. Aurrerapen handitzat hartu ahal dugu hori 2005-2006 ikasturtean atzerriar umeen erdia A ereduan matrikulatuta baitzegoen.
Noizbait beldurrak azaleratu dira euskara normalizatzeko prozesuan ekarri ahal dituzten oztopengatik (Barquín, 2008). Euskalgintzan eta herrigintzan behar bezala errekonozitzen al da ikastetxe batzuk hainbat ikasle euskalduntzeko egiten ari diren ahalegina?
Gizarte moduan desiragarria da ume horiek ere D eredura erakartzea. Ez soilik gizarte kohesio mailan jokoan dagoenarengatik. Herritar horiek euskaraz ez jakiteak esan nahi du beste desabantaila bat gehituko zaiela, jada dauzkatenei, eta ondoioak pairatuko dituztela, besteak beste, lan-munduari begira.
Baina garrantzitsua da, aldi berean, ikasle bakoitzaren egoera aztertzea. Etortzen diren nerabeen kasuan, ingurune ez euskaldunetan batez ere, berta daiteke D eredua ez izatea aukerari onena gaztetxo horiek aurrera ateratzeko eta hezkuntza sistema haien premietara egokitu beharko da.
Familien hizkuntzak
Bestalde, zein elkarrekikotasun dago ikastetxean ez badago inolako lekurik ikasleen familien hizkuntzarentzat? Gerta daiteke ikasleak eskola hizkuntza oso bat edo bi ikasi behar izatea, eta irakasleak ez jakitea ezta zein den etxean hitz egiten duen hizkuntza. Ikasleen etxeko hizkuntzekiko estimua adierazteko garrantzia (eta hori egiteko estrategiak garatzea) azpimarratu dute hainbat adituk (Coelho et al., 2013). Ez dezagun ahaztu, bestalde, ikasle gehienen etxeko hizkuntza gaztelania dela. Zailtasunik izangu du irakasle euskaltzaleren batek gaztelaniarekiko ere estimua adierazteko?
Alderdi horietan lan egiten jarraituko dugu…
Errefentziak
-Aierdi, X. (2018). En pos de un futuro razonable. In Moreno Márquez, G. (koord.) El proceso de integración del colectivo inmigrante en Euskadi. Bilbao, Ikuspegi. 265-271
-Barquín, A. (2008). Immigrazioa eta euskara: gogoetarako zenbait gai. Jakin 165, 75-97.
-BarquínA. (2009). ¿De donde son los hijos de los inmigrantes? La construcción de la identidad y la escuela. Educar 44, 81-96.
-Barquín, A. (2015). ¿Qué debe hacer la escuela con las culturas familiares del alumnado inmigrante? Educar 51 (2), 443-464.
-Barquín, A. (2017). Euskara, generoa, klase eta jatorria euskaran. Zenbait gogoeta. Jakin 221-222, 107-130.
-Castro, A.; Samadi, H., Barquín, A. (2018). Prácticas religiosas y educación. Escuela vasca e Islam. Dokumentua. Kinka bloga.
-Coelho, E., Oller, J., Serra, J.M. (2013). Lenguaje y aprendizaje en el aula multiligüe. Barcelona, Horsori.
-Euskadiko Eskola Kontseilua (2016). Hezkuntza Euskadin. 2013-2015 txostena. Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Hezkuntza Saila, Eusko Jaurlaritza.
-Maalouf, A. (1999). Identidades asesinas. Madrid: Alianza.
-Sagasta, P., Perez, K., Garro, E. et alia (2019). Aniztasun sozioekonomikoa, linguistikoa eta kulturala: aukerak eta erronkak (talde-gogoeta). Hik Hasi