“Nik lumarekin lan egiten dut eta langilea naiz besterik gabe: idazkina. Nik idatzi dudana, guztion borroka eta premietatik idatzia da. Literatoak askatasunetik idazten badu, euskarazko saiogileak, onenean ere, askatasunerako”. Horrelaxe esan ohi zuen Joxe Azurmendik: askatasunerako. Eta “askatasunerako” horretan laburbildu daiteke haren pentsamenduaren muina. Hor bere helburu eta jomuga. Izan ere, herritar eta herri gisa askeagoak egin gaituen pentsalaria izan da; askeago baina ezinbestean errotuago, ezin baita aske izan errorik gabe. Askeago, herri ukatu eta hizkuntza txikitu bateko hiztun izatearen baldintzapean ulertu zuelako mundua, kokatu pentsamendua, analizatu gizakia, egin galdera garaikideak. Askeago, kontzientzia askatasunaren zutoin gisa, dogmatismoen kontra eta aniztasunaren alde.
Filosofo eta pentsalari joria izan da, gurean jorienetakoa, baita mendebaldeko pentsalarien artean ere. Egin duen lana kolosala izan da: 44 liburua eta seiehundik gora artikulu 45 agerkari desberdinetan. Ikaragarria, haren lanaren ekarpena, ozeano bat, zertaz ez zuen gogoetatu eta idatzi Azurmendik: etikaz, gizabereaz eta gizatasunaz, nazioaz, pentsamendu sozialaz, kooperatibismoaz, hizkuntza eta pentsamenduaz, kulturgintzaz, arteaz, literaturaz, erlijioaz, politikaz, bakegintzaz. Eta zertan ez du jardun: 18 urtetatik hil arte Jakineko taldekide izanda, Elkar argitaletxea, UEU, Ikastolen mugimendua, UZEI, Euskaldunon Egunkaria eta euskalgintzako beste hamaika egitasmoen sorreran, bakegintzan, isileko lanean sarri.
Azurmendi comenzó a publicar sus escritos en un tiempo en el que todo estaba por hacer y en un pueblo por repensar, y se ha preocupado por la urgencia de pensar el mundo desde nosotros.
EUSKARA HERRIGINTZAREN GILTZARRI Euskara hutsez jardun zuen bere jardun intelektualean –lan gutxi batzuk salbuespen–, Euskal Herria zuelako helburua, Euskal Herri euskalduna, beregaina. Eta horrela azaldu ohi duen hizkuntzaren garrantzia: “Herri bat gauza askok egiten du: lanak, historiak, musikak, tradizioek, klimak eta lurrak, eta, batez ere, hizkuntzak. Hizkuntza ez dago tradizioaren edo ekonomiaren maila berean, faktore bat gehiago besteen alboan; alderantziz, beste faktore guztiek hizkuntzaren barruan dute bere lekua, hizkuntzaren barruan dira eraginkorrak herria egiten”.
Euskarak komunitate bat adina, leku bat ematen du mundua eta gizakia pentsatzeko eta ulertzeko; hau da, moderniaren proiektuak eratu botere harremanek eta injustizia epistemiko, politiko, sozial eta kulturalek azpiratutako gizaki, herri eta taldeen alde egotea dakar euskaldun izateak, humano izateko gure modua baita euskaldun izatea. Horregatik, euskalduntasun unibertsal bat aldarrikatzen zuen, errotua, eta gizakiaren defentsa egingo zuena, horrela baino ezin baitateke unibertsal izan. “Borroka abertzalea eta euskararen defentsa izan liteke partikularista eta aldeanoa (erromantikoa edo arrazista…) baina borroka abertzalea eta euskararen defentsa pertsonaren aldeko defentsa eta borroka bada unibertsala da” idatzi zuen 2017an.
Euskararen hautua eginagatik baino, egin izanagatik, Europako eta mendebaldeko pentsalari handienetariko izan da, bai pentsamendu garaikidean, bai filosofiaren alorrean. Nazioaren gaineko aditu handiena, ezbairik gabe, Europako nazio eta estatuen historia, filosofia, epistemologia eta irismena xehe aztertu zituena, nazio-estatu inperialen –bereziki Espainia eta Frantziarena– gezurrak deserakitzeko eta haien dogmatismoa azalera ekartzeko. Dogmatismoekin hautsi duen pentsalaria baita izan ere, marxismo ortodoxoarekin, moderniako dualismo metafisikoekin –burua eta gorputza, pentsamendua eta sentimendua, arrazoia eta arima, kultura eta natura, zibilizatua eta barbaroa…. –. Erlatibista, nork bere uste sendo eta dogmak izanagatik, horiek denak erlatiboak direla sinetsita. Fede, ideia eta helduleku sendo handi ustezko denak joan diren honetan “galderetan eta galderekin bizitzen ikasi behar dugu”, esaten zuen.
ARANTZAZUTIK MUNDURA ETA EUSKAL HERRIRA Azurmendi 1941eko martxoaren 19an jaio zen Zegaman, langile familia batean. Hamar urterekin eta euskara baizik ez zekiela joan zen Arantzazuko frantziskotarrekin ikastera, eta han galdu zuen euskara. Erriberrira filosofia ikastera joan zenean, berriz, berreskuratu zuen eta bertan ezagutu zuen Euskal Herria. Euskarazko poesia idazten ere hasi zen orduan. Handik berriro Arantzazura eta orduan lotu zitzaion Jakin aldizkariari. Erroma eta Alemania, ondoren, 1976an, Euskal Herrira itzuli zen arte. Jose Maria Arizmendiarreta Arrasateko kooperatiben sortzailearen gainean egin zuen doktore tesia eta 1982an EHUn irakasle hasi zen. 1993an, EHUko Filosofia Modernoko irakasle katedradun izendatu zuten, eta unibertsitateko irakasle gisa jardun zuen 2011n erretiroa hartu eta katedradun emeritu izendatu zuten arte. Beti taldean jardun zuen, Jakin taldean. Eta pentsatu beti taldean egiten dela zioen: “Nire ideiak ez dira nireak, taldean sortzen dira eta ez dira propietate bat. Baina nire ideiak norbaitek irakurtzen ditu eta bere ideiak martxan jartzen dira. Horrek ez du beste saiakera bat idatziko, bazik nobela bat idatziko du. Orduan, ideia hauek ur-jauzi modura iritsi egiten dira iritsi behar duten tokira. Hori da nire esperantza”. Horra, transmisioa eta eskuzabaltasuna. 56ko belaunaldia deia osatu zuen, besteak beste, Txillardegi, Torrealdai, Intxausti, San Martin, Rikardo Arregi eta Gabriel Arestirekin batera.
Azurmendi pentsalari handia, esan dugu, baina baita dibulgatzailea eta irakaslea –zentzurik eta klasikoenean gainera: dizipuluak eta jarraitzaileak dituen irakasle gutxienetako horietan bat izan da–. Bere jardunaren hastapenetik izan du Euskal Herriari baliagarri izango zaizkion ideien argibiderako eta zabalkunderako xedea. Dena egiteke eta herri bat birpentsatzeke zegoen garaian hasi zen Azurmendi idatziak plazaratzen.
Mundua guretik pentsatu beharraren urgentzia izan du kezka. Literaturazale sutsua, hainbat idazleren obra, pentsamendua zein literatura aztertu du, euskal pentsamenduaren tradizioa testuinguruan kokatu eta eguneratu du. Era berean, Europako korronte eta auzi filosofikoak ekarri ditu Euskal Herrira, horiek landuz eta bertako testuinguruan txertatuz.
Pentsalari konprometitua da Joxe Azurmendi. Bere obra osoa Euskal Herriagatiko konpromisoz egina dagoela esan daiteke. Baina bere idatziez gain, bestelako egitasmoek ere hala erakusten dute. Euskararen normalkuntzan, kulturgintzan, bakegintzan… ibili diren hainbat erakunderekin jardun du lanean, modu batera edo bestera. Auzi politikoetan bustiz, baina alderdikerian jausi gabe, etorkizunerako oinarriak bilatzeko materiala jarri digu eskura “idazkin” izate horretan, eta bere obra osoa eskuragarri dugu Jakinen atari digitalean (www.jakin.eus), klik bakarrera. Azurmendiren unibertsoan sartzen denak mundu berri aske solidario baterako pentsa eta lan tresnak topatuko ditu.
“Un país lo hacen muchas cosas: el trabajo, la historia, la música, las tradiciones, el clima y la tierra, y sobre todo, la lengua. La lengua no está al mismo nivel que la tradición o la economía, un factor más al lado de los demás; por el contrario, todos los demás factores tienen su sitio dentro de la lengua, para hacer país son eficaces dentro de la lengua”.
LIBURU HAUTAKETA BAT:
- Manifestu atzeratua (1968)
- Hizkuntza, etnia eta marxismoa (Jakin, 1971)
- Zer dugu Orixeren kontra? (Jakin, 1976)
- Gizona abere hutsa da (Jakin, 1975)
- Zer dugu Orixeren alde? (Jakin, 1977)
- Espainolak eta euskaldunak (Elkar, 1992)
- Teknikaren meditazioa (Kutxa Fundazioa, 1998)
- Demokratak eta biolentoak (Elkar, 1997)
- Azken egunak Gandiagarekin (Elkar, 2009)
- Barkamena, kondena, tortura (Elkar, 2012)
- Gizabere kooperatiboaz (Jakin, 2016)
- Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk (2018)
- Europa bezain zaharra (Jakin, 2023)