Pandemia, eskola eta teknologia

 

Galde 29, verano/2020/uda. Inaki Irazabalbeitia.-

Bart lagun batzuk izan ditugu etxean afaltzen. Afal osteko solasak handik hara jo zuen. Erlea lorez lore dabilen maneran aritu ginen gu: gai batetik beste batera saltoan. Halako batean konfinamendu garaiko hezkuntzari heldu genion.

Lagunei komentatu nien nola herriko ama batek udaletxera hots egin zigun konfinamenduaren erdian, umeak eskolak bidalitako lanak ezin zituela egin etxean ordenagailurik ez zutelako eta eskuko telefonoan ez zela posible eta ea ahal zuen udaletxera hurbildu eta jasotakoa inprimatzea. Istorio horren harira komentatu nuen badela gure arduradun politiko batzuen artean pentsamendu txupiguai bat zeinek pentsaraztera eramaten dituen gure gizartean baliabide teknologikoak noranahikoak direla. Hortaz, konfinamendua ailegatu denean hezkuntza-prozesuarekin aurrera segitzeko zein modu egokiagorik baliabide telematikoak baino?

Lagunetako batek bota zigun arazo ekonomikoak zituzten familietan horrelakoak gertatzea entenditzen zuela, baina egoera normal batean dauden familietan utzikeria baino ez dela. ‘Total inpresora batek 50 € baino ez ditu balio’ esanez bukatu zuen. Harri eta zur laga ninduen. Ez nuen espero gure lagunak pentsamendu txupiguai hori gurtzea. Eztabaida beroa izan genuen tarte batean, bakoitzak bere arrazoiak jarri zituen mahaiaren gainean. Nire lagunak ez ninduen eraman utzikeriaren ikuspegira eta neronek ez nuen konbentzitu ordenadorerik etxean ez izatearen hautua zilegi dela eta ez duela pertsona bat haitzetako gizaki bihurtzen.

Covid19aren krisiak klaru utzi du gure gizartean dagoen arrakala teknologikoa. Arrakala horren osagaietako bat beste arrakala batean du oinarria: ekonomikoan. Jateko zailtasunak dituena nekez iritsiko da abiadura egokiko internet-konexioa etxean izatera edo ordenagailu bat erostera. Beste lehentasun batzuk dauzka.

Arrakalaren beste osagai batek soziologiatik edaten du. Nire lagun horrek eta biok ordenagailua dugu lan-tresna. Ordenadorik gabe ez genekike lan egiten: galduta geundeke. Hortaz, etxean ordenadorea izatea, neurri batean, lantokian lan-tresnatzat dugulako da. Horrekin elkarrekintzan aritzea ohituta gaude eta ez lan-kontutarako bakarrik. Interneten nabigatzen, informazioa bilatzen, hedabide digitalak kontsultatzen edo sare sozialetan ibiltzen ordenagailuaren bidez ikasi genuen. Laguna eta biok ez bezala, eguneroko lanean ordenagailuarekin harremanik ez duenak, arrazoiren bat behar du trastea etxean beharrezkoa duela sinisteko. Bideo-jokoen edo argazkigintzaren afizioa dutenek badute arrazoi sendo bat ordenadorea etxean izateko. Alabaina euskarri teknologikoa behar ez duten afizioak dituztenek zer arrazoi dute? Sare sozialetan ibiltzeko, hedabide digitalak kontsultatzeko edo informazioa biltzeko ez dute ordenagailuaren beharrik, eskuko telefonoarekin egin ditzakete operazio horiek guztiak. ‘Baina seme-alabarik badu eta eskolako lanak egiteko’ bota lezake nire lagunak. Ume horiek eskoletan dituzte ordenagailuak eta, igual, ez dute etxean izateko beharra sentitzen. Izan ere, eskuko telefonoak ematen die konektatuta egoteko behar duten guztia!

Gaurko Berria egunkaria leitzean barteko eztabaidan etorri zait gogora. Egunerokoak eztabaidan jarri ditu Iñaki Alegria (https://www.berria.eus/paperekoa/1968/022/002/2020-06-13/5g-ezbaian.htm) eta Zaloa Campillo (https://www.berria.eus/paperekoa/1964/022/001/2020-06-13/5g-digitalizazioaren-iraultza.htm) 5G teknologiaren hedapenari buruz. Zaloaren ekarpenaren muina da 5G teknologiak zenbat gauza egiten ahalbidetuko digun eta zelako gauza miresgarriak egin ahal izango ditugun. Iñaki zuhurrago agertzen da eta teknologiaren horren indarguneak ezkutatu gabe gauza ez horren positibo batzuk ere ikusten dizkio. Arrakala digitala handitzearen arriskua aipatzen du, besteak beste. Identifikatuta sentitu naiz ideia horrekin. Ez da, akaso, oso harritzekoa aintzat hartuta izena konpartitzeaz gain, adinkide garela, UBI Peñaflorida institutuan gela berean ikasi genuela eta gure bizitza profesional eta militanteak sarri gurutzatu izan direla.

Konfinamendua hasi eta aste batzuetara ETB3 erantsi zitzaion eskola telematikoari eta, akaso, pentsamendu txupiguaia nagusi izan ez balitz Hezkuntza saileko arduradunen artean telebistatik hasi behar zukeen hezkuntza-ahaleginak. Ez da horren modernoa izango, baina etxe guztietan bada bat gutxienez.

Atalak | Kultura, Politika

Porteadoras
"El mal del país" José Blanco
Fotografía de José Horna
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
Txema García
Txema García
Refugiados sirios: Mujer cocinando
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
“LIKE”. Eduardo Nave
Txema García
"Lemoniz", Mikel Alonso
Eugenia Nobati, Argentina
“LIKE”. Eduardo Nave
“JAZZ for TWO”, José Horna
Alfredo Sabat, Argentina
Txema García
Txema García
Irene Singer, Argentina
Bonill, Ecuador
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
“JAZZ for TWO”, José Horna
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
Fotografía de José Horna
Inmigrantes rescatados por salvamento marítimo
Sebastião Salgado
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
"El origen del mundo" José Blanco

Egileak