Ukrainako gerra: Europar integrazioaren enegarren momentu erabakigarria

 

Galde 44, Udaberria 2024 Primavera. Denis Sorondo Salazar.-

Dagoeneko bi urte igaro dira Errusiak Ukraina inbaditu zuenetik. Hamarkada luze Euromaidango gertakariek eta ondoren etorri ziren gatazkek, Krimean aurrena eta Donbass eskualdean ondoren, oraindik itxi gabeko zauriak zabaldu zituztenetik. Errusiaren azken inbasioak, baina, Ukraina zuzenean kolpatzearekin batera nazioarteko ordena astindu du. Gainera, Nazio Batuen gutuna urratuz Errusiak Ukraina inbaditu eta ordutik bien artean hasitako gerrari ez zaio irtenbide negoziatu bat emateko borondaterik antzematen gatazkan partehartze zuzena edota zeharkakoa duten aktore politikoen artean. Hortaz, gatazkak izozteko arriskua du. Are gehiago, ahanzturan erortzekoa. Halakorik gertatu baino lehen komeni da gatazkaren ondorioen inguruan berba egitea. Horiek askotarikoak dira; batzuk zuzenak eta zeharkakoak besteak. Testu honetan Ukrainako gerrak Europar Batasunaren eraikuntzan izan ditzakeen ondorioei erreparatuko diegu.

Errusia eta Ukrainako gerrak Europan aurreko mendearen amaieratik ikusi gabeak ziren irudiak utzi ditu. Kontinente zaharrean Jugoslaviako gerretan ikusi ziren halakoak azkenekoz. Tartean bestelako gatazkarik izan bada ere, horiek urrunetik ikusi ditugu edota gertuago jazotakoek, Txetxenian, Georgian edota Karabakh Garaian esaterako, zeharka eragin digute. Aitzitik, Ukrainako krisiak Europar Batasuna (EB) zuzenean astindu du. Arrazoiak askotarikoak dira. Batzuk, oso gureak ditugun eurozentrismo eta etnozentrismo fenomenoekin elkarloturikoak. Zentzu honetan ezin ukatu Ukraniarrak, zuriak izanik, beste herrialde batzuetako biztanleak baino gertuagokoak sentitzen ditugula. Beste arrazoi batzuk Europak Errusiarekin izan duen interdependentzia erlazioei egotzi beharrekoak dira. Hor kokatu beharko genituzke, besteak beste, Europako zenbait herrialdek Errusiarekiko izan duten dependentzia energetikoa, edota Putinek zuzentzen duen herrialdeak eta Europak historikoki izan dituzten erlazio gorabeheratsuak. Azken arrazoiak, artikulu honetan garatuko direnak, Batasunaren barnean jadanik eztabaidagai ziren gaiekin erlazionatutakoak dira.

Behinola Jean Monnetek esan zuen Europa krisi garaietan eraikiko zela. Hau da, europar proiektuak hartuko zuen jitea krisialdi horiei emaniko soluzioen emaitza izango zela. Ordutik, ugari izan dira krisiak. Europar Batasunaren (EB) barnetik eratorritakoak exogenoak adina. Horietako bakoitzak Europar Batasuna zaildu dute. Dagoeneko azala gogortua du nazioarteko erakundeak. Era berean, baina, krisi guztiek utzi dituzte orbainak ustez narriorik gabe eta utopia baten hezurmamitze modura jaiotako proiektuan. Etorkizuna aurreikustea ezinezkoa den arren, Ukrainako gatazkarekin antzera gertatuko da. Ziurrenera dagoeneko antzeman daitezkeen hainbat eraldaketa jasango ditu EBak. Batik bat, elkarloturiko lau plano hauetan: EBaren hedapenean, abiaduran, norabidean eta egituran. Monnetek esandakori so eginez, arlo horietan ematen diren aldaketa edota soluzioek adierazi diezagukete zein izango den Europar proiektuaren etengabeko eraikuntzak datorren hamarkadetan hartuko duen moldea.

Orain arte, EBak krisiaren aurrean ezohikoa duen jarrera erakutsi du. Hau da, ahots bakarrez eta benetako batasunaz jardun du. Tonua galtzeko zorian izan denetan beti aurkitu du hori ekiditeko modua. Hainbatetan, erabakiak hartzeko prozedura komunitarioak ez urratze aldera, irudimen handiko formulak erabiliz. Azkenekoz, 2023ko Abenduaren 14an eta 15ean Bruselan eginiko goi bileran, Europako Kontseiluak Ukraina eta Moldavia EBra batzeko negoziazioei argi berdea eman zienean. Bozkatzerako orduan Hungariako lehen ministroari egongela uzteko gonbita egin zitzaion. EBak arlo askotan guztien adostasunaren legea jarraitzen duenez, eta Viktor Orbanek kontrako bozka emateko asmoa agertu zuenez, erabakia hartzerako orduan bera ez egotea zer irtenbide bakarra. Era horretan, eta gainontzeko kideen baiezko bozkarekin, Europar Kontseiluak onartu egin zuen 2022ko otsailaren 28an, Errusiaren inbasioa hasi eta egun gutxira, Zelensky buru duen Kieveko gobernuak EBera batzeko eginiko eskaria. Hortaz, Ukrainak, eta baita Moldaviak ere, bi urteren buruan lortu du beste estatu batzuek hamarkada luzez lortzerik izan ez dutena.

Premialdiak eraginda hartutako erabaki honekin EBak urtetan geldirik egon den Batasunaren hedapenari eman nahi izan dio bultzada. Hala ere, Ukrainak eta Moldaviak oraindik Kopenhageko Irizpideetara hurbilduko dituzten lege aldaketak burutu beharko dituzte Batasunean sartu ahal izateko. Bi herrialde hauei, gainera, etorkizunean mendebaldeko Balkanetako herrialdeak gehitu beharko zaizkie ziurrenera. Hori noiz eta nola gertatuko den dago eztabaidaren zentroan. Nahiz eta estatu kideen artean iritzi desberdinak egon, EBa horien integrazioa bizkortzeko pausuak emateko prest dagoela dirudi. Hedatze horrek, baina, goitik behera eralda dezake Batasuna.

Batasun zabalago batek, Batasun sakonago bat behar luke bidelagun. Ukraina, Moldavia eta ondoren etorri daitezkeen herrialdeek ez dute soilik EBaren zentroa geografikoki lekualdatuko, baita politikoki eta ekonomikoki ere. Sakontze hori emateko, baina, EBaren funtzionamendu arauak aldatu beharko lirateke. Hortaz, Tratatuak aldatu nahi ez badira, erabakiak hartzeko prozedurak edota Europako hauteskundeak eta, ondorioz, Europar Parlamentuko eserlekuen banaketa sistemaren inguruko aldaketak premiazkoak dira. Lehen kasuan, esaterako, erabakiak guztien adostasunaz hartu beharrean gehiengo kualifikatuz onartu beharko lirateke beto eta paralisi egoerak ekiditeko. Kontrako egoeran, Orban edota beste edozein manugaitz egongelatik ateratzea salbuespenezko erabakia izan beharrean ohiko jarduna bilaka daiteke. EBren aurrekontuak ere eztabaidagai behar luke izan. Batasunaren hedapenaren ondorioz egun dirua jasotzen duten zenbait herrialdek etorkizunean dirua jarri beharko lukete. Horrek, era berean, eragina izango luke herritarren poltsikoetan. Ondorioz, Batasunaren hedapenak herritarren egunerokoan ekar ditzakeen aldaketa eta ondorioak ondo azaldu ezean alderdi euroeszeptikoek ondoeza baliatu dezakete eurenganako babesa lortzeko. EBaren hedapen bizkorra nahi bada, sakona bezain arduratsua ere beharko du izan. Ostera, hedatze prozesuaren bizkortzeak jadanik errealitate den abiadura desberdinetako EBa zimentatu dezake.

Urrutiegi joan gabe, 2023ko Irailean Frantziak eta Alemaniako Europa Gaietarako ministroek aurkeztutako dokumentuak EBera batzeko hautagaik diren herrialdeen apurkako integrazioa aukeratzat jotzen zuen. Era berean, maila anitzeko Batasuna mahaigaineratu zuen. Hein handi batean, orain gutxi, Frantziaren lidergopean sortu den Europako Komunitate Politikoak ideia hori du pizgarri. Zehazki, Europaren periferian, integrazio prozesuan dauden edota egon daitezkeen herrialdeekin atzerri gaien inguruan Europa mailako politikak koordinatzeko asmoarekin sortutako plataforma da berau. Ikusteke dago nazioarteko erakunde honek hartuko duen forma eta jarduna nolakoa izango den. Gerta liteke, Europar Batasunaren barne funtzionamenduek aprobatzea ia ezinezko egiten dituzten erabaki politikoak erakunde berri honetan onartzea. Hau da, egitura berri hau EBa saihesteko erreminta bihurtzeko tentazioa izan dezakete EBaren integrazioarekin aurrera egin nahi duten estatuek. Horrek, baina, integrazioren ondorioz sorturiko arazoak konpondu baino nahierarako eta abiadura anitzeko Europa bat sor lezake. Horrela, Batasuneko estatu partaideen artean lehen, bigarren edota hirugarren mailako herrialdeak eratu litezke politikak onartu eta hartzeko duten borondate eta ahalmenaren arabera. Are gehiago, Europak abiada hartzearekin batera estatu edota aktore batzuk atzean uzten baditu Batasunaren barnean zentro eta periferiak sortzeko arriskua dago.

Gurera etorriz, azken honek eragin du, hain zuzen, Eusko Jaurlaritzaren ezinegona. EBren hedatzeak eta Ukrainako krisiari emandako erantzunak proiektu komunitarioaren desplazamendua ekarri dezakeela uste du Jaurlaritzak. Ororen gainetik ekialdera. Baina, baita mendebaldera ere. Hau da, Atlantikoaren beste aldera. Batasunak Estatu Batuekiko lotura estutu dezake eta, hortaz, dependentzia areagotu. Ondorioz, Urkulluk aipatu moduan, Atlantikoko kostaldea jokoz kanpo geratu daiteke. Hortik, EBren barruan ahots sendoagoa edukitzeko asmoz Eusko Jaurlaritzak Atlantikoko makro-eskualdea aurrera ateratzeko duen interesa.

Lehen aipatu moduan, EBaren hedapenak hartu dezakeen abiada eta norabideak izango du, edota izan behar luke, eraginik Batasunaren funtzionamendu-egituran. Baina, eta kasik hori baino garrantzitsuago, hedapenak eta horrek erantzuten dion logikak ere eragin diezaioke EBren fundazio-printzipioei. Bakea eta oparotasuna bilatzeko desirak batu zituen europar estatuak batasun proiektuaren inguruan. Hasieratik dimentsio ekonomiko garbia izan zuen arren, balioak eta dimentsio normatiboak lagun izan ditu integrazio prozesuak. Egun, baina, batasuna sakontzen baino gotortzen ari dela dirudi. Orain gutxi, esaterako, Europar Kontseiluak azpimarratu zuen, Granadako Adierazpena aintzat hartuz, Batasunaren hedapena bakean, segurtasunean, egonkortasunean eta oparotasunean eginiko inbertsio geoestrategiko bat dela. Nahiz eta ondoren Batasunaren funtsezko oinarriak eta bestelakoak babestu behar direla aipatu, ez da lehen aldia Batasuna eta bere ordezkarien diskurtsoetan logika geopolitikoa bestelako logiken gailentzen zaiela.

Hortaz, Ukrainako krisiari erantzunez abiada hartzen ari den Batasunaren hedatze prozesuak geopolitikaren logika badu iparrorratz pentsatu liteke, Monnetek esandakoak gogoan izanik, europar komunitatearen ethosa eraldatu egin daitekeela datorren urtetan. Bere garaian, Federica Mogherinik, Batasuneko Atzerri eta Segurtasuna Politika Erkideko Goi-Ordezkari zela aurkezturiko Kanpo Politika eta Europar Batasunaren Segurtasun Bateratuaren estrategia global berrian ‘printzipioen pragmatismoa’ aldarrikatu zuen. Izatez kontrajarriak diruditen bi kontzeptu maila berdinean jarriz Batasunaren oinarrizko baloreak, momentuan momentu, interes (geo)politikoen menpe jartzeko aukerari ateak zabaldu zizkion politikari italiarraren estrategiak. Bere ondorengoak, Josep Borrellek, bide berdinean dihardu. Iparrorratz Estrategikoak edota Europako Autonomia Estrategikoak Europak garatu behar lukeen “boterearen hizkuntza” eta “botere gogorraren” dimentsioa dituzte akuilu. Zentzu honetan, Borrellek Europa, ¿Otoño o Primavera? argitalpenean dio Ukrainako gerrari EBak eman dion erantzunaren ondorioz Europa geopolitikoaren jaiotzaren aurrean aurkitzen garela.

Alta, erditze oro da traumatikoa, bizidun berri baten sortzeak bizia eman dienen bizitza eraldatzen duen heinean. Europaren kasuan ere hala gerta liteke. Hau da, Europa geopolitikoaren jaiotzak Batasunaren izaera goitik behera eralda dezake. Ezaugarri berriak izan ditzake, zaharrak zokoratuz. Esaterako, geopolitikaren logikak EBak ezarritako irizpide demokratiko, ekonomiko eta bestelakoak zokoratzeko arriskua dago. Hau da, gerraren logika Batasunaren estreinako printzipio diskurtsiboen gainetik gera liteke. Era berean, Batasuna munduaren aurrean botere arautzaile gisa azaltzea ahalbidetzen zuen diskurtsoaren higatzea eman daiteke, integrazioa prozesuak nazioarteko sistemako beste aktoreetatik bereizteko zuen bertute eta estrategia diskurtsiboa galduz. Zentzu horretan, Errusiaren aurkako gerran Ukrainari babesa emateko EBaren Bakea Babesteko Europar Funtsak erabili izana aurrekaria izan daiteke.

Ukrainako gerrak, beste krisialdiek moduan, EBa eraldatuko du. Oraingoz, Batasunaren gogorturiko azala eta orbainduriko zauriak tenkatu egin dira soilik. Azala ez da eten. Haatik, ikusteko dago tenkatze horrek Batasuna sendotuko duen edo, aitzitik, integrazio prozesuaren izaera aldatuko ote duen, berau abiadura anitzeko komunitate geopolitiko lausoa, banandua eta berekoia bilakatuz. Argi dagoena zera da, EBa enegarrenez erabakigarri izango zaion momentu baten aurrean aurkitzen dela.

Dennis Sorondo Salazar. EHUko Irakaslea

Atalak | Txostena, Politika

Protagonistak

Montserrat Comas
Juan Gutiérrez
Cristina Monge
Pedro Arrojo Agudo
Iñaki Gabilondo
Ana Valdivia
Dora María Téllez
Pedro Miguel Etxenike
Marta Cabezas
Tomás Arrieta
Maixabel Lasa
Carlos Berzosa
Esteban Beltrán
Lurdes Imaz
Garbiñe Biurrun
Javier Moreno Luzón
Koldo Martinez
Tomás García Azcárate
Lourdes Oñederra
Mikel Reparaz
Virginijus Sinkevicius
Laia Serra
Gerardo Pisarello
Daniel Raventos
Daniel Innerarity
Yayo Herrero
María Eugenia Rodríguez Palop
Carlos Juárez
Helena Taberna
Pablo J. Martínez Osés
Koldo Unceta
Xabier Aierdi
Aitzpea Goenaga
Javier de Lucas
Ander Bergara
Garbiñe Biurrun
Pedro Santisteve
Marina Garcés
Carod Rovira
María Silvestre
Joao Pedro Stédile
Enrique Villareal "El Drogas"
José Luis Rodríguez García
Adela Asúa
Xabier Rubert de Ventós
Catarina Martins
Iñaki Gabilondo
Alberto Acosta
Victoria Camps
Lluís Torrens
Mario Rodríguez Vargas
Mikel Aizpuru
Marta Macho Stadler
Ramón Sáez Valcárcel
Frédéric Lordon
Xabier Vence
Carmen Gisasola
Paco Etxeberria
Cristina Narbona
Juan Calparsoro
Joaquim Bosch
Idoia Estornés
Iñigo Lamarca
Tarana Karim
Txema Urkijo
Dolores Juliano
Yayo Herrero
José Ignacio Lacasta
Gurutz Jáuregui
Silvia Gil
Ramón Barea
Daniel Cohn-Benditt
Ada Colau
José Manuel Naredo
Anna Freixas
Carlos Beristain
Carlos Berzosa
Manuela Carmena
Gloria Flórez Schneider
Paco Etxeberria
Cristina Narbona
Juan Calparsoro
Idoia Estornés
Iñigo Lamarca
Tarana Karim
Txema Urkijo
Dolores Juliano
Yayo Herrero
José Ignacio Lacasta
Gurutz Jáuregui
Silvia Gil
Ramón Barea
Daniel Cohn-Benditt
Ada Colau
José Manuel Naredo
Anna Freixas
Carlos Beristain
Carlos Berzosa
Manuela Carmena
Gloria Flórez Schneider
Sebastião Salgado
Alfredo Sabat, Argentina
"Lemoniz", Mikel Alonso
“JAZZ for TWO”, José Horna
Sebastião Salgado
"El origen del mundo" José Blanco
Zutik dirauena
Shushi (Karabakh Garaiko errepublika —Artsakh—, 2020/10/08)
Sueños Rotos
República del Alto Karabakh —Artsakh—, 06/10/2020
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
Txema García
La larga espera
Shushi (República del Alto Karabakh —Artsakh—, 08/10/2020)
“LIKE”. Eduardo Nave
Txema García
“LIKE”. Eduardo Nave
Sebastião Salgado
Txema García
Cientificos-Volcán
La Palma 2021
Metro de París
Jose Horna.
Debekatutako armak
Shushi (Karabakh Garaiko errepublika —Artsakh—, 2020/19/08).
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
Irene Singer, Argentina
Porteadoras
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
Txema García
Fotografía de José Horna
Refugiados sirios: Mujer cocinando
Sebastião Salgado
Inmigrantes rescatados por salvamento marítimo
Eugenia Nobati, Argentina
“JAZZ for TWO”, José Horna
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
Fotografía de José Horna
Canción de París
Jose Horna.
Txema García
Bonill, Ecuador
Abrazo. Luna a Abdou
Playa del Tarajal, Ceuta
Encaramado a la valla de Ceuta
Antonio Sempere
"El mal del país" José Blanco

Egileak