Nafarroako eskubide kulturalei buruzko foru legea

 

Galde 24, udaberria/2019/primavera. Mª Camino Barcenilla Tirapu, José Miguel Gamboa Baztán, Roldán Jimeno Aranguren eta José Vicente Urabayen Azpilikueta.-

Eskubide kulturalak –politika kulturalekin loturik– zenbait eratan ulertu daitezke. Batzuen ustez demokratizazio kulturaleko oinarri bat dira (kulturara iristeko aukera) eta, beste batzuen iritziz, kultura aniztasunaren –“pluralismo kulturalaren”– aitorpena eta, betiere, herritarren jardun espresibo eta kulturalen aitorpena dakarte berekin (demokrazia kulturala), eta funtsezko tresna bat dira, eskubide kulturalak giza eskubide gisa bermatzen dituena.

Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko urtarrilaren 15eko 1/2019 Foru Legea, berriki onetsia, berritzailea da, Europan eta estatuan ez dagoelako ezaugarri horiek dituen araurik. Foru Legea parte hartzeko prozesu bizi baten ondoren prestatu zen eta politika kulturalak balioetsi nahi ditu, baita administrazio publikoei betebeharrak ezarri ere eskubide kulturalen alorrean. Haren helburua da eskubide kulturalak segurtatu eta sustatzea, eta haiek oinarrizko eskubide gisa onartzea erabat. Xede honek ez dio bakarrik begiratzen herritar multzoaren eskubideari, eskubide hori aitortzen die halaber artistei, sortzaileei eta kulturako kudeatzaile, sustatzaile eta profesionalei. Foru lege honek alor honetan eskumena duten administrazio publikoak premiatzen ditu politika kultural berritzaileak sustatzera, politika horiek ezar dezaten kulturako balioak guztion ondarea direla, eta kultura eskuratzeko eta hartan parte hartzeko eskubideak zutabe beharrezkoak direla gizarte berdinzaleago eta demokratikoagoa lortzeko.

Horrenbestez, pentsatu zen Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko Foru Legea onestea beharrezkoa zela, eskubide kulturalak balioesteko, bai herritar multzo osoari dagokionez, bai artista, sortzaile, kudeatzaile, sustatzaile eta profesionalei dagokienez ere, baita alor honetan eskumena duten administrazio publikoei dagokienez ere. Horrela, politika kultural berritzaile eta aurreratuetako testuinguruak sortu nahi dira XXI. mendean.

Gisa honetan, aurrera egiten da araudi komun batean, gaindituz kultura sektoreetan azken bi hamarkadetan egon den araudi zatikatu edo berariazkoa; garai hartan, politika kulturaletako printzipio gidariak eta kulturara iristearekin lotutako bermeak, batzuetan, ez zetozen bat, eta, orain, horiek zuzendu egin nahi dira Eskubide Kulturalei buruzko Foru Legearekin.

Azkenik, aipatu beharra dago Nafarroako Eskubide Kulturalei buruzko Foru Legeak erantzuna ematen diola kulturako sektore profesionalak azken urteotan adierazi duen eskariari. Eskari hori korporatiboki adierazi zen Kulturari buruzko Estatuko II. Konferentzian, Iruñean egin baitzen, 2015eko martxoan, Baluarte Biltzar Jauregian, Kultura Kudeatzaileen Elkarteen Estatuko Federazioak eta Nafarroako Kultur Kudeaketaren Profesionalen Elkarteak sustaturik. Kulturaren aldeko Ituna aurkeztu zen hemen, eta haren 23. gomendioak autonomia erkidegoak premiatu zituen Eskubide Kulturalei buruzko Legeak onetsi eta garatzera.

Foru Legeak honako egitura hau du: sei titulu, xedapen gehigarri bat, bi xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile bat eta bost azken xedapen.

I. tituluaren edukia xedapen orokorrak dira, eta bertan foru legearen xedea, oinarrian dauden printzipioak eta aplikazio esparrua jasotzen dira. Era berean, kultur eskubideak zein diren adierazten du titulu horrek, eta horiek osotara eta libreki egikaritzea bermatzeko agintzen die Nafarroako Foru Komunitateko botere publikoei.

II. tituluan kulturarako irispidea izateko eta kultur bizitzan parte hartzeko eskubidea arautzen da. Administrazio Publikoek begiratu beharko dute eskubide horiek betetzen direla, eta egiazko berdintasuneko araubidean gauzatzeko behar diren baldintzak jarri eta neurriak hartuko dituzte, pertsona eta talde ahulagoen eta desgaitasuna dutenen inklusioa eta gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna bermatuta egoteko.

Kulturarako irispidearen arloan, aurreikusten da, batetik, ez bakarrik fisikoki irisgarriak izatea kultur zentroak, museoak, artxiboak, liburutegiak, antzokiak, auditorioak, kultur ondarea osatzen duten ondasunak eta, oro har, edozein ekipamendu kultural, baizik eta irispide birtuala edukitzea informazioaren teknologien eta kultur bitartekaritzaren bidez.

Irispide birtualari dagokionez, Foru Legearen bigarren xedapen iragankorrak hauxe xedatzen du: “Nafarroako Foru Administrazioak foru lege hau onesten denetik gehienez ere hiru urteko epean irekita eduki beharko du Nafarroako Kulturaren Atari Digitala. Horretarako, Gobernuak atari horren diseinu orokorrari buruzko proiektu bat aurkeztu beharko du gehienez ere 6 hilabeteko epean, Nafarroako Parlamentuak ezagutu eta hartan parte har dezan”.

Berariaz arautzen dira zenbait gai: Nafarroako Kultur Ondarearen parte diren ondasunetarako sarbidea, horien bisita publikoa baimentzeko betebeharra, Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legean adierazitakoa, erregulatuko duen araubidea zehazten baita; ondare immaterialerako irispidea eta haren sustapena; dokumentu-ondarerako, museo eta bilduma museografiko iraunkorretarako irispidea, eta, azkenik, liburu eta liburutegietarako irispidea.

Zinemaren eta ikus-entzunezkoen arloari dagokionez, nabarmentzekoa da kultur arloko eskumena duen departamentuaren mendeko Nafarroako Zinematekaren eginkizunen arautzea.

II. tituluan daude, halaber, arte eszenikoei, musikari, kultur eta sorkuntza ekosistemari eta kultur ekipamenduei dagozkien xedapenak.

Azkenik, aitortzen da pertsona orok, banaka nahiz taldean, eskubidea duela kultur bizitzan eta kultur arloko politika publikoekin lotutako erabakiak hartzeko prozesu garrantzitsuetan parte hartzeko, gardentasunaren, informazio publikorako irispidearen eta gobernu irekiaren gaineko araudiaren esparruan, partaidetzarako bestelako tresnek aurreikusten dituzten beste arau batzuetan xedatutakoa ukatu gabe.

III. titulua arte eta literatur sorkuntzari eta ikerketa zientifikoari buruzkoa da. Alde batetik, I. kapituluak sortzeko eta ikertzeko askatasunari heltzen dio, eta II. kapituluak, berriz, Administrazio Publikoek esparru horietan egin beharreko sustapen eta zabalkundeari.

IV. tituluak Administrazio Publikoek kultur arloan duten erantzukizuna arautzen du, eta ezartzen haien jarduna jarduera publikoaren gardentasunaren gaineko araudiaren esparruan bete behar dela.

Nafarroako administrazio eta erakunde publikoen argitalpenetan sartzeko eta haiek erabiltzeko irizpideak ezartzen dira.

Kultur sektoreetan aritzen direnen profesionalizazioa bermatzeko xedeaz, berriz, kultur arloko eskumena duen departamentuak bete beharreko jarduketak ezartzen dira.

Foru Komunitateko Administrazioari dagokionez, kulturaren arloko eskumena duen departamentuari gai hauen gaineko eskumenak esleitzen zaizkio: kultur ondarea babestu eta handitzea; herritarrek kulturarako irispidea izatea; arte sorkuntza eta zabalkundea bultzatu eta sustatzea; foru lege honetan aitortutako eskubideak eraginkorrak direla eta legea betetzen dela zaintzea, ezertan ukatu gabe Nafarroako Gobernuari dagozkion eskumenak eta Foru Komunitateko Administrazioko gainerako departamentuekiko koordinazioa.

Horretarako, kulturaren arloko eskumena duen departamentuak garatu beharko dituen jarduketak, neurriak eta programak ezartzen dira, hain zuzen foru legearen xedeak eta helburuak betetzeko eta jasotzen dituen eskubideak eta printzipioak egiaz aitortu eta erabiltzeko behar direnak.

Udalerrien kasuan, toki araubideko oinarrizko legeriari jarraikiz, betiere berezko eskumen gisa eginen dute kulturaren eta kultur ekipamenduen sustapena, Estatuko eta autonomia erkidegoetako legeriaren baldintzetan; horrez gain, foru legeak haien kultur ondarearen zabalkundea egin eta hari balioa emateko eginkizuna esleitzen die, ukatu gabe arlo horretako eskumena duen departamentuarekin lankidetzan aritzea, hura babestu, areagotu eta jakitera emateko.

Bereziki, udalerriak kultur ondare immaterialaren zabalkundeaz eta sustapenaz arduratuko dira, eta ahaleginduko Nafarroako herri kulturen eta kultura tradizionalen agerpen ezberdinak testuinguru historiko, kultural eta lurraldekoan kokatzen.

Udalerriek, beren eskumenak betez eta bakarka edo udalez gaindiko entitateen bidez, besteak beste sustatuko dituzten kultur zerbitzuak jasotzen dira.

V. tituluan Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseilua jasotzen da, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak kultur arloan duen kontsulta eta aholkuetarako organoa izateko. Halaber, haren eginkizunak aipatzen dira eta osaketa ezartzen, erregelamenduz garatuko dena, antolaketa eta funtzionamenduarekin batera.

Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseilua Nafarroako Kulturaren Kontseiluaren oinordekoa denez, foru lege honen xedapen indargabetzaile bakarrak xedatzen du bereziki indargabetuko dela Nafarroako Kultur Ondareari buruzko azaroaren 22ko 14/2005 Foru Legearen 10. artikulua, kontseilua juridikoki taxutu zuena. Lehen xedapen iragankorrean, bestalde, ezartzen da Nafarroako Kulturaren Kontseiluaz ordenamendu juridikoan egiten diren aipamenak Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluaz eginak direla ulertuko dela, eta foru legeak indarra hartzen duenean Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kide izanen direla gaur egun Nafarroako Kulturaren Kontseiluko kide diren horiek.

Gaur egungo kideen agintaldia amaitu ondoren, Nafarroako Kulturaren eta Arteen Kontseiluko kideak berrituko dira, foru lege honetan xedatutakoari jarraikiz, Nafarroako Kulturaren Kontseiluaren osaera, antolaketa eta jardunbidea ezartzen dituen araudi indardunean ezarritakoarekin bat.

VI. titulua finantza eta zerga xedapenei buruzkoa da, eta gai hauek aurreikusten ditu: kulturaren finantzaketa publikoa; kultur arloko eskumena duen departamentuak diru-laguntzak eta laguntzak ezartzea; kultur mezenasgoaren zabalkundea; eta kultur ekintzailetzarako funtsak sortzea eta krediturako irispidea, Foru Komunitateko Administrazioko beste departamentu batzuekin edo beste entitate batzuekin elkarlanean egiteko aukerarekin.

Foru legeak zerga arloko foru legeriara igortzen du eskubide kulturalen arloan aplikatzekoak diren zerga onuren gaia, eta espresuki aipatzen ditu kultur mezenasgoari, babesletzari, zinema ekoizpenei eta ikus-entzunezko serieei dagozkienak.

Foru Komunitateko araudi fiskalari dagokionez, azken xedapenetan hirugarrenak hau ezartzen du: “egokituko da Artistaren Estatutua prestatzeko Azpibatzordearen txostenean egiten diren proposamen eta gomendioetara, honako gaietan: fiskalitatea, batetik, eta prestazio publikoen jasotzea jabetza intelektualaren eta sormen jarduerengatiko eskubideen ondoriozko diru-sarrerak ere jasotzearekin bateragarria izatea. Aipatu txostena 2018ko ekainean onetsi zen Diputatuen Kongresuan”.

Xedapen gehigarri bakarrean ezartzen denez, kulturaren arloko eskumena duen departamentuak zerbitzu-gutunak onetsi beharko ditu, foru lege honek indarra hartzen duenetik hasita urtebeteko epean, eta haietan zehaztuko da zein diren bere eskumen esparruetako prestazioak.

Atalak | Kultura

“LIKE”. Eduardo Nave
Txema García
Txema García
Irene Singer, Argentina
Bonill, Ecuador
Porteadoras
Refugiados sirios: Mujer cocinando
"El origen del mundo" José Blanco
Sebastião Salgado
Eugenia Nobati, Argentina
Txema García
Sebastião Salgado
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
“LIKE”. Eduardo Nave
Inmigrantes rescatados por salvamento marítimo
Fotografía de José Horna
“JAZZ for TWO”, José Horna
Sebastião Salgado
"Lemoniz", Mikel Alonso
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
"El mal del país" José Blanco
Sebastião Salgado
Fotografía de José Horna
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
Alfredo Sabat, Argentina
“JAZZ for TWO”, José Horna
Txema García
Txema García

Egileak