(Galde 21, 2018/udaberria). Iban Zaldua.
Joan zaigu, ia 89 urte zituela, Ursula Kroeber Le Guin, zientzia-fikzioaren maistra handia (Berkeley, 1929-Portland, 2018). Eta plurala nahita erabiltzen dut, asko ginelako –eta garelako– bere jarraitzaileen erkidegoko partaide. Eta, bestalde, ziur nagoelako berari gustatuko zitzaiokeela pluralaren lehenengo pertsonak adierazten duen jabegoaren nolabaiteko zentzu kolektibo hori.
Intelektualen familia batean jaioa –bere gurasoak antropologoak ziren, eta horrek badu bere garrantzia Le Guinen ibilbide literarioan–, idazle bokazioa aurkeztu zuen txikitatik. Zientzia-fikzioaren alorrean eman zituen lehenengo urratsak, Estatu Batuetan generoko aldizkari espezializatuek eskaintzen zituzten argitaratzeko aukera joriak probestuz, emakume idazleek nahiko zaila zeukaten garai batean, gainera. 1960ko hamarraldiaren hasieran bere ipuinak argitaratzen hasi zen, eta 1966an iritsi zen bere lehen nobela laburra, Rocannon-en mundua, zeinetan lehenengoz agertzen baitzen Ekumen delakoaren unibertsoa –batzuek Hainitar zikloa deitzen dutena–, bere hurrengo lan askoren testuingurua osatuko duena: gizakiek –Hain jatorriko humanoideek, tartean lurtarrek– gidatutako izarren arteko nolabaiteko liga, laguntza eta aholkua eskaintzen diena kosmosean zehar topatzen dituen zibilizazioei, nahiz eta ez beti ondorio ongarriekin. Trama horrek mundu eta izaki ezberdinen arteko enkontruak eta talkak deskribatzeko aukera ederra eskaini zion Le Guini, eta ziklo horretan kokatzen dira, nire ustez, bere eleberri eta ipuinik interesgarrienak. Egilearen irudimenaren potentzia bereziki handia da alor horretan: bere nobela famatuenetako batean esaten zuen bezala, Iluntasunaren ezkerreko eskua izenekoan (1969), “egia imajinazioaren ondorio bat da”.
Arrakasta 1960ko hamarraldiaren amaieran eta 1970ekoan iritsi zitzaion, nobela sail paregabe batekin: aipatu berri dudanaz gain, Ezeukiak (1974) eta Munduaren izena Basoa da (1976). Guztiek irabazi zituzten zientzia-fikzioaren eremuko sari nagusienetako batzuk –batek edo bestek, Ezeukiakek bezala, ia guztiak; The Dispossessed hori aurki euskarara itzulita egongo dela espero da, Talaios kooperatibaren eskutik–, eta argiki planteatu zituzten Le Guinen gai nagusiak: generoen eta sexuen arteko mugak, feminismoa, ekologismoa, inperialismoaren kritika, biolentzia eza…
Fantasiaren alorrean ere aritu zen, eta hor, ziurrenik, Lurritsaso liburu-saila da bere emaitzarik entzutetsuena (Earthsea, sei liburukiz osatua), gazte literaturaren klasiko bat. Bide batez esanda: nobelengatik ezaguna den arren, ipuinlari bikaina zen, orobat, Le Guin, Haizearen hamabi bizilekuak (1975) edo Munduaren urtebetetzea eta beste istorio batzuk (2002) bildumek oso argi uzten duten bezala –haietako bat, gutxienez, euskaraz entzun daiteke Xerezaderen Artxiboa podcastean: “Legez kanpokoa”–.
Beti ere pertsona ezkertiar antiautoritario bezala aurkeztu zen, feminismoaren eta ekologismoaren kausekin bereziki konprometitua. Berak esan zuen bezala, “Kapitalismoan bizi gara. Bere boterea saihestezina iruditzen zaigu. Berdina gertatzen zen erregeen jainkozko eskubidearekin. Gizakiek edozein giza-botereari egin diezaioke aurre, eta baita aldatu ere. Erresistentzia eta aldaketa, maiz, artearen alorrean hasten dira, eta, oso maiz, gure artean, hitzen artean”.
Zientzia-fikzio anglosaxoiaren egile “klasikoen” –Asimov, Heinlein, Clarke…– osteko belaunaldikoa zen Le Guin, hau da, zientzia-fikzioari maila literario jasoago bat eman nahi izan ziotenena, hots, Philip K. Dick, Samuel R. Delany, J.G. Ballard eta enparauena, eta ahalegin hori nabarmena da bere obran, generoari gaien eta fokatzeen aldetik egin zizkion ekarpen berritzaileak alde batera utzi gabe. Bide horretan, nire ustez, bereziki arrakastatsua izan zen Le Guin, hainbeste ezen –beste idazle batzuekin batera, noski– zientzia-fikzioa genero heldu eta “onargarria” bihurtu baitzuen, pulp literaturaren katakonbetatik ateraraziz. Edo, beste era batean esanda, agian aldarrikatu beharko genukeena ez da zientzia-fikzioaren maistra handia izan zela, literaturaren maistra handia izan zela baizik.
Eta kito.