Inaki Irazabalbeitia. (Galde o4, udazkena 2013). Teknologia digitalen heraldoek sarritan esan digute papera desagertu egingo dela eta etorkizuna tresna digitalak izango direla. Egunkariaren papera esku artean sentitzea edo liburu baten orrialdeak pasatzea laket dugunok deseroso sentitzen gara augurio horiek entzuten ditugunean. Irudi dakiguke, atzeratutako teknofoboak garela eta australopitekoaren patu bera izango dugula paperean leitzea erosoago gertatzen zaigulako.
Zenbat bider gertatu zaizu testu bat ordenadorearen pantailan irakurtzen hastea, baina testua inprimatzea eta gero paperean leitzen bukatzea? Ez behin, ezta ez birritan ere. Makina bat bider ordea. Gertaera horrek badu azalpen fisiologiko-psikologikoa, antza, eta jokabide normaltzat jo daiteke.
Atzen urteotan gailu digitalek asko eboluzionatu dute. Beraietan leitzeko erosotasuna asko emendatu da, e-liburuen kasuan bereziki. Alabaina, ikerketek demostratzen ari direnez paperean leitzeak abantailak ditu oraindik. Bai ikerketa objektiboek eta baita inkesta subjektiboek ere adierazten dute irakurritako testu luzeak hobe entenditzen direla paperean leitzen badira, pantaila batean egiten bada baino. Bestalde, pantailan irakurtzeak ahalegin mental handiagoa eskatzen du leitzen dihardugun bitartean eta apur bat nekezagoa egiten du irakurtzen ari garena gogoratzea. Halaber, jendea pantaila baten aurrean ikasteko jartzen denean, bedi e-liburu bat edo tableta bat, jarrera erlaxatuagoa omen du paperaren aurrean jartzen denean baino. Apika jarrera ludikoago batekin hurbiltzen zaizkie.
Sobra ere leitzeak badu fisikotik zerbait. Gizakiontzat irakurketa nahikoa berria da ikuspegi ebolutibo batetik. Jaiotzen garenean ez dugu leitzera bideratutako garun-zirkuiturik. Hortaz, irakurtzera bideratutako zirkuituak ume garaian garatzen ditugu beste zeregin batera bideratutako zirkuituen zatiak elkarri josita.
Elkarri josten diogun zirkuituetako bat objektuak ezagutzea eta bereiztea egokitutakoa da. Ondorioz, leitzen eta eskribitzen ikasten dugunean, letrak objektu fisiko moduan ezagutzen ditugu; lerroen, kurben eta hutsuneen antolaketa moduan, alegia. Horretaz gainera gure garunak testuak paisaia baten moduan identifikatzen ditu. Irakurtzen dihardugunean testuaren irudikapen mentala egiten dugu. Zenbait ikerlarien arabera irudikapen hori paisaiarekin egiten dugunaren antzekoa ei da, hots, mendiz, muinoz, basoz etab.ez osatutako topografiaren antzeko bat sortzen dugu garunean. Alkizatik Erniorantz doan bideak Leteko bordan 180ºko kurba egiten duela gogoratzen dugun bezala, akordatzen gara Jakinek argitaratutako Axularren Gero obraren edizioak erdian justifikatuta dituela izenburua eta ondorengo esaldi ezaguna: “bi partetan partitua eta berezia”.
Paperak pantaila digitalek baino topografia aberatsagoa duela agerikoa da. Paperezko liburuak oso garbi definitutako bi zati ditu, ezkerreko eta eskuineko orrialdeak. Halaber, zortzi ertz ditu irakurlea orientatzeko. Era berean, orriak pasatutakoan esperientzia fisiko bat gertatzen da. Irakurritako orriak eta irakurtzeke dituzunak suma ditzakezu eskuetan eta pisu desberdina izango dute. Hortaz, buruan marraztutako mapa moduko batean ibiltzea izan daiteke.
Gailu elektronikoek bestelako esperientzia bat damaite, oro har, buruan irakurritakoaren mapa osatzen zailtzen dutena. Barra gora eta behera korrituz higitzen zara testuak zehar; esaldi edo hitz zehatza bilaketa baten bidez aurki dezakezu. Nekeza gertatzen zaizu, ordea, testu-zati jakin bat testuaren osotasunean kokatzea. Beste hitz batzuetan, oihan tropikal trinko batean diharduzu matxetez bidea irekitzen; inguratzen zaituenaren berri baduzu, baina ezin duzu zure buruan oihanaren zabalean kokatu eta batzuetan, Star Trek telesaioko telegarraioaren moduko baten bidez beste toki batera egiten duzu jauzi ez dakizula Amazoniako ala Borneoko oihanean zauden.
Traste digitalek asko eboluzionatu dute eta paperezko liburuen esperientzia berritu nahi izaten dute. e-liburuek eta tabletek orri-pasatzearen ekintza imitatzen dute, baina begi aurrean duzun orrialdea bakarrik existitzen da fisikoki. Uneko orrialdea hatzaren bidez gorde eta bospasei orrialde lehenagoko pasarte bat errepasatzea edo biak begi-kolpe batez aldaratzea nekeza bihurtzen zaizu, ezinezkoa ez denean.
Etorkizuna partekatua izango da hain segur. Paperak eta pantailek tokia izango dute gure irakurketa-esperientzian. Bakoitzak berea eta logika bati jarraituta osagarriak izango dira. Batetik edo besterik tiratuko dugu helburuaren edo egoeraren arabera. Era berean, pantailako leitzeko materialek ere eboluzionatu beharko dute. Ez dute, apika, papereko irakurketaren esperientzia errepikatzean tematu behar eta beste molde batzuk esploratuko dituzte edo esploratzen ari dira jada.
Bien bitartean, Galderen alea eskuartean duzu irakurle hori, segi paperaren ukitua sentitzen, tintaren usaina aditzen, alearen mardula haztatzen eta orri-ertzak tolesteko ohitura horrekin, … Paperak bizirik dirau eta bizi bedi!
Inaki Irazabalbeitia