Atzen asteotan orrialde hau osatzeko materialaren peskizan nebilenean beste batzuren artean bi gaik erakarri dute bereziki nire atentzioa: enegarren trumpkeriak eta Donostiako kimika-fakultatean lankide izandako Yanko Iruinek El blog del buho bere webgunean eskribitutakoak.
Atzenetik hasita Yankok mikroplastikoei buruz hedabide serio batean idatzitakoaz gogoeta oso pertinentea egiten du. Izan ere, artikulu hori ozeanoetako uretan sakabanatutako mikroplastikoei buruzkoa zen eta bertan horien kontzentrazioa adierazteko mikroplastiko-kopurua ematen zen. Metodo zientifikoari jarraituta poluitzaileen kontzentrazioa adierazteko ohikoena pisua baliatzea da ez kopurua. Adibidez, sodio zianuroak ugaztun bat hiltzeko 15 mg/kg-ko dosia hartu behar dela esaten da, hots, ez da zianuro-molekulen kopurua ematen. Zergatik den hori inportantea Yankoren artikulua leituz ikasiko duzue: https://elblogdebuhogris.blogspot.com/2025/05/microplasticos-en-numero-y-en-peso.html?utm_source=substack&utm_medium=email.
Maiatzaren bukaeran Trumpen administrazioak 2026rako aurrekontu zehatza aurkeztu zuen. Aurrekontu horrek, batetik, AEBetako gobernuaren bi oilar nagusien arteko sesioa piztu zuen, eta Elon Musk-ek gobernuan zuen postua utzi zuen aurrekontua oso txarra zela lau haizetara zabalduz. Ez naiz sartuko onak ala txarrak diren aurrekontuok, zientziaren alorrean eragin dezaketen kalteez arituko naiz.
NASAk eta bere zientzia-programek aizkorakada nabarmena izango dute bidean egoera konpontzen ez bada. Agentziaren aurrekontuek % 25aren bueltako jaitsiera izatea aurreikusten da. Inflazioa aintzat hartuta horrek 1961eko zifretara eramango luke, hain zuzen ere, Sobietar Batasunak artean Juri Gagarin espazioan jarri aurretik onartutako aurrekontuen parera. Historia jakina da Gagarinen hegaldiak zein eragin izan zuen AEBk espazioan eginiko inbertsioen tamainan.
NASAren profil altuko dozenaka misio bertan behera geratuko dira berehalako ondorioekin, New Horizons zunda Plutonera eta Juno orbitadorea Jupiterrera eta Lurretik gertu dagoen Apofis asteroidera doan OSIRIS-REX espaziontzia barne.Guztira, 41 proiektu zientifiko dira, NASAren zorroaren herena. Lurra behatzeko programek eta Marteko misioekpairatzen duten murrizketarik handienak.
Bestetik, NASAren giza kapitalak, talentuak egungo terminologian, galera nabarmena izango du: zuzeneko17.391 langile izatetik 11.853 izatera pasatzea aurreikusten da. Jakintza-galera ez da ahuntzaren gau erdiko eztula!
Hori guztia, apirilean Hubble-n 35. urteurrenaren karian Trumpek ‘NASAk espazioaren esplorazioa bultzatzen jarraituko duela’ harro adierazi ondoren. Dena den, jokaera hori ez da harritzekoa Trumpen ohiko jardunari erreparatu ondoren.
Trumpen eta Musken arteko sesioak izan lezake eragina NASAren ohiko jardunean, agentzia menpekotasun handia duelako Space X enpresaren teknologian.
Izan ere, kalapitaren erdian Muskek hordagoa jo zuen Dragonespaziontzia bertan behera utziko zuela adieraziz. Hordagoa, antza, aho txikiarekin jaulki zuen, gero atzera egin baitzuen. Dena den, ez da oharkabean pasatzen utzi behar den auzia.
Dragon Ameriketako Estatu Batuetako espazioaren giza esplorazioaren funtsezko erreminta da. NASAko astronautak Nazioarteko Espazio Estaziora (ISS) iristeko modu nagusia da, eta baita NASAren eta SpaceX-en arteko kontratu baten funtsezko osagaia ere, 2031n ISS segurtasunez desorbitatzekoa. Dragon erabilgarri izateari utziko balio, NASAk, epe laburrean, ErrusiarenSoiuz edo akatsez jositako Boeing-en Starliner espaziontziakusatu beharko lituzke tripulazioa garraiatzeko. Halaber espazio-agentziak ISS desorbitatzeko dituen planak birdiseinatzen hasi beharko litzateke. Gainera, NASAk SpaceX suziriak erabiltzen ditu bere zientzia-misio asko jaurtitzeko.
Hori horrela izanik bi oilarren arteko sesioak odolik ez egitea eta oilarkerian gelditzea espero liteke, helburu ezkutua ez bada, AEB espazio-esplorazioaren zati publikoa deskapitalizatzea eta ekimen pribatuari lehentasuna ematea. Muskek hori begi oso onez ikusiko lukeela ezin uka, baina administrazioaren dirua ere oso ongi datorkio espazioaren esplorazioak zein inbertsio militarrak sortutakoa.



