(Galde 14, udaberria/2016). Nikolas Blain. Baterako kidea da.
Sekuentzia bat bukatzen da. Maiatzeko bukaera itxoin behar izan dugu HELEParen inguruko erabaki definitiboa ezagutzeko.
2015eko udazkenean egindako bozka kontsultatiboan, Ipar Euskal Herriko biztanlegoaren erdia ordezkatzen duten herri kopuruen gehiengoak HELEParen alde azaldu ziren, erran nahi baitu Prefetak jarritako legezko bi baldintzak lortu zirela. Bi bozka horien artean aldaketa gutxi izan dira. 111 herrik, Herri elkargo bakarraren alde posizionatu dira 47 herri kontra agertu direnean. Hau da, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %66a aurkezten duen herrien %70ak bat egiten du, Prefetak egindako proposamenarekin. Ipar Euskal Herriak, Herri elkargoaren aldeko apostua egiten du. Baiezkoaren gehiengoak argiki adierazten du herri honek aitzinatzeko duen xedea. Are gehiago, argitu gabeko pundu bat uzten du agerian : NOTRe legea deituriko Lurralde erreformak herri elkargoak batetzeko baimen berezi bat ematen zuen Frantzia osoan salbuespen gisa ekainaren 30a arte. Hori horrela izanik, HELEPa gauzatu ahal izateko, prefetak, Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %50a ordezkatzen duen herrien %50a beharrezkoa zela adierazi zuen. Normalean, proposamena onartzeko, herrien %50ak, biztanleriaren %50a ordezkatu behar du edota aderantziz. Gure kasuan beste datu bat azpimarratzen ahal da xifreekin bukatzeko : hautetsien %73ak, HELEParen alde bozkatu du.
Lorpen hori garrantzitsua izan harren, bide luze baten lehen urrata da baizik.
Orain proeiktua bera martxan jarri behar da. Hau da, gobernantza paktua, etorkizuneko hirigunearen estatusak idatzi. Beharrezkoak dira, biharko Herri Elkargoaren sorrera ongi egin nahi badugu. Proiektuaren aurka diren hautetsiek hortaz jabetu dira. Barne ministeritzan errekurtso bat jarri nahi zutela jakin dugun unean, beste batzuk indarrez, Hautetsien Kontseilua kargutik kentzen saiatzen dira. Baina, Administrazio Kontseiluan adostasun batera iritsi dira eta azkenean gaurko 10 herri elkargoak, Hautetsien kontseiluak, Garapen Kontseiluak eta Herrien Biltzarrak parte hartuko duten gidaritza batzorde bat sortu da. Heldu diren hilabeteei begira gune estrategikoa izanen da. Horrek baitu norabidea finkatuko : Frantziako beste lurraldeetan bezala bateratze prozesu hutsa ereman, teknikoa edo bestela, hemengo lurraldeari eta erronkei erantzunen duen egiazko proiektu politiko bat adostu gure anbizioen araberakoa eta azken hamarkadetan eramandako lanaren ondorioa. Gidaritza batzorde honek du ipar orratza finkatuko.
Lantaldean dira finkatuko Euskal Herri Elkargoak hartuko dituen eskumenak. Batzuk legez eskuratuko dira automatikoki : garraioak eta turismoa adibidez. Beste batzuentzat ez dira aintzinetik finkatuak bainan Iparraldeko egoera ezagutu eta, noski naturala da horien hartzea. Kasu hortan dugu hizkuntza politika adibidez. Frantses legeetan ez da aurreikusten herrien arteko egitura administribo bati holako eskumena emaitea baina ikusi eta euskararen alde ereman behar diren politikak, behar gorri bat badago arlo hortan bertan erabakitzeko. Gauza bera da goi mailako ikasketentzat edota mugaz gaindiko harremanen eskumenentzat. Ez dira legez aurreikusiak bainan negoziatu beharko da holako arlo estrategikoetan ahalik eta podere gehien Ipar Euskal Herrirat ekartzeko.
Lan handia dago estrukturaketa lana aitzina eraman eta HELEPa 2017ko urtarrilaren 1ean martxan jarri dadin. Hautetsiek, bozka definitiboa onartu eta horren zerbitzura jarri behar dira. Eztabaida demokratikoak desadostasunei gaina hartu behar dio. Ez gira zatiketa une batean baizik eta, elkarlanaren unean eta 71 hautetsiz izenpeturiko errekurtsoa ez doa bide hortatik. Eraikitze fasean, ikuspundu desberdinek ukanen dute parada heien kezkak azaltzeko argiki, eta justuki eztabaida horrek du ekarriko aberastasun bat, baina hautetsi horien helburua, proiektua gauzatze data pusatzea da. Onartu behar da oraindik duda batzuk izaten al direla. Baina, eramandako eztabaida kolektiboak, Hautetsien kontseiluaren espertisa eta prefekturako langileek, nahiko elementu atera dituzte proiektua ahalik eta hobekien gauzatu ahal izateko.
Oroitarazi behar da ere Euskal Herri Elkargoa ez dela iparraldeko gizarteak eskatzen zuena. Estatus bereziki Lurralde Kolektibitatea dugu oraindik helburu. Bainan ikusi eta frantses gobernamenduak ezezko borobila eman zuela eskakizunari, pausu taktiko baten aukera jorratu ginuen. Eta horrela erabaki ginuen prefetak proposatutako herri elkargo bakarra sostengatzea. Sei hilabeteren buruan, lehen aldiko iparraldeak bere mapa ukanen du, lehen aldiko lurralde osorako, Xibero, Baxe Nafarro eta Lapurdi lurraldeen aldeko politika amankomunak eta orekatuak garatzeko aukera ukanen dute, lehen aldiko biztanleek komunitate baten partaide izanen dira. Ipar Euskal Herria parez pare jokatuko du frantses panorama administratiboan bereziki Paue, Bordale edo Pariserekin hitz egin beharko delarik.
Herriko kontseiluak, Iparralde mailako instituzioa bat lortzearen alde azaldu dira. Hautetsiek eraikitze baimena eman dute orain goazen etxe amankomuna eraikitzera. Eztabaida eta pentsaketa uneak aspalditik ereman ditugu, orain tresna gauzatzeko garaia da.