Galde 27, negua/2020/invierno. Lourdes Oñederra.-
Aiton-amonen euskara ezagutu dugunontzat begibistakoa da hurrengo belaundaldiena ez dela berdina izango. Noski: hizkuntzak etengabe aldatzen dira denboran eta espazioan zehar. Aldaketaz-aldaketa, hizkuntza bat beste bihur daiteke. Hala gertatu zen orain gaztelania deitzen dugunarekin, lehen latina zela, beste hizkuntza bat. Euskara lehen nola deitzen zen ez dakigu eta betikoa dirudi. Baina euskara ere beste zerbaitetik dator eta aldatzen jarraituko du. Agian orain lehen baino lasterrago.
Ez dakigu zergatik aldatzen diren hizkuntzak lasterrago edo polikiago. Badaude hipotesiak, baina ez da hau horretan sartzeko lekua. Bakar-bakarrik aipatuko ditut gaurkorako garrantzitsu diren hizkuntz itxuraldatzearen bi bultzatzaile. Bata hizkuntzaren ahulezia da. Dirudienez, egoera soziologiko txarrean dauden hizkuntzak (hiztun erlatiboki gutxiegi dituztenak alegia) errazago aldatzen dira: ondoko eta gaineko hizkuntza indartsuagoaren baliabideak hartzen dituzte hiztunek. Paradoxikoki hizkuntza ahulen indartze sozialak (egungo euskararenak bezalakoak gutxi!) areagotu egin dezake hizkuntzaren erdaratzea.
Erraz ikusten dira gaurko hiztunari ziurtasuna eta hizkuntzari sendotasuna kentzen dioten zenbait arazo: lehen etxerako bakarrik erabiltzen zen euskara orain lanean, politikan, hedabideetan erabiltzea; euskaradun askok heldutan ikasi izana hizkuntza; estandarra (batua) herenegun sortua izatea. Horiek guztiak bakarka on dira hizkuntzaren biziraupenerako. Hizkuntza bat ez da osoa etxean bakarrik erabiltzen bada; hiztun berririk gabe, euskarak jai; estandarrik gabe, euskalkitan sakanbanatuta, ez litzateke aurrera aterako euskara. Kontua da denak batera eta hain epe laburrean gertatu izanak dakarrena. Muturrera eramanda pronostikoa, agian bihar-etziko euskarak ez du ergatiborik izango, mugagaberik ere ez. Hitz ordena ere urtzen ari da: “Nator korrika”, “Korrika nator” bezain maiz entzuten da… Tira. Beharbada hizkuntzalarioi bakarrik axola zaizkigu halakoak. Beharbada inportanteena da euskarak nola edo hala irautea eta, hedatzen ari den ideia bati eusteko, gaztelaniatik aski bereiztea: herri bat hizkuntza bat eta, gaztelania hemendik desagertuko balitz, hobe (adi ideologia horrekin).
Gauzak txukunago egin genitzakeen, baldin eta ez bagintzaizkio lotu ahalik eta gehienek euskaraz bi egunetan egiteko ametsari. Mitxelenak zioen euskara indartsu zegoen lekuetan zaindu behar zela eta elikatu, gainerakoetara kontuz zabalduz joan. Ziurrenik euskara ulertzeko ikastaroak eman behar izan ziren eta ulertzaile-agiri bat ofizialdu gehiago nahi edo ezin duenarentzat: zekitenak eta ikasi dutenek euskaraz egin eta ulertzaileek erdaraz… Beranduegi honezkero horrantz abiatzeko. Kode biko elkarrizketen esperimentua baino nahiago izan da nola-hala euskaraz egitea ahalik eta gehienek. Hortik, batzuetako egoera xelebre samarra: gaztelaniaz erabat sendo diren helduak komunikazio murriztura kondenatuta besteren aurrean menperatzen ez duten euskaraz egin behar horretan. Etorriko al da euskararen biziraupena hortik? Etorriko ahal da!
Uste dut aski erakutsi dudala kezkatzen nauela euskararen kalitateak. Haatik erabat gaitzesten dut Gasteizen gertatzen ari denak. Eskola zenbaitetan, euskararen kalitatea oinarri hartuta, haurrak “segregatu” (nahita mailegu hori konnotazio txarragatik) egin dituzte: euskara etxetik dakartenak ikasgela batera, etxean euskararik egiten ez dutenak beste batera. Pedigree-dunak eta gabeak. Hizkuntza, komunikazio tresna beharrean, hesi.
Hain da itsusia egin dutena, non ez lukeen mereziko gai linguistikoetan sartzea ere. Zalantzarik gabe maniobra zatar horrek ez du euskara akasgabea bermatzen hautatuengan, agian beste gelakoena baino pixka bat hobea? Eta, horiekin nahasten direnean goragoko mailetan zer? Pedigreedunak harro eta besteak lotsatuta? Ez al da orduan hondatuko elitearena ere? Ziurrenik, gainera, guraso batzuek gezurra esango dute etxean egiten den hizkuntzaz, gela “onera” joateko beren haurrak. Onura linguistikorik ez. Kasta-kultura bai: hizkuntza txikituaren barruan erabat makur…