(Galde 01, invierno/2013). Lourdes Oñederra. Hirigunetik ia hiru ordubete ibili ondoren, oraindik erdibeterik dauden etxe erraldoien ondoan, gehiago ari dira eraikitzen. Bukatu gabeko eraikin biren aurretik pasa naiz, lanak geldituta daudela dirudi. Ondoan, hirugarren batean dabiltza garabiak, langileak, mailu zaratak. Kaleek poeten izenak dituzte eta itsasoenak, ozeanoen izenak. Zakurrak paseatzera atera diren pare bat lagunez beste ez dabil inor (ni). Etxeotan bizi direnak lanera joango ziren, lana badute, edo lan bila. Beste batzuk etxean egongo dira bazkaria prestatzen edo arropa garbitzen.
Ez dago dendarik. Sasiz eta zaborrez betetako orube abandonatuen ondoko espaloi berrietan plastikozko zorro hutsak higitzen ditu haizeak. Ematen du udaberria ez dela hona inoiz iritsiko. Se vende / se alquila / salgai / alokairuan kartelak daude estreinatu gabeko merkataritza-lokaletako paretetan. Hiriguneko saltoki itxiberrietakoak datozkit gogora inguruotakoak ikustean. Antzekoak dira. Batzuk, berdinak. Agentzia berak jarri ditu antza.
Hauzo berri erraldoi horiek eraikitzea erabaki zutenei eskerrak besteak beste, kale zaharragoetan, ohiko dendak itxi ahala, saltzaile ezagunen irribarrerik gabe ari gara gelditzen. Astegun grisean salbatzen zaituzten euriari buruzko elkarrizketa erraz horiek gabe.
Aurrez aurre datorkidan zakur bat ere triste hautematen dut, fosforito koloreko pilota ahoan aldamenean doan jabeari begira. Deitu egin diot klik ezpainkari batzuekin. Ez dit kasurik egin, jabearen arreta nahi zuen, behar zuen, zakurren menpekotasun baldintzagabe horrekin. Jabeak ez zion jaramonik egiten: sakelako telefonoz ari zen urruti, botatzen zituen orroen arabera behintzat, oso urruti zegoen norbaitekin.
Hauzo zaharrago eta beteago bateko lorategi publiko batean zakur baten irudi urratua ikusi nuen beste egun batean belarretan jarri dituzten karteltxo berde batzuetan. Zakurren pixak belarra erre eta kirastu egiten baititu inguruak. Bakarren batek eskuz idatzi du zakurraren marrazkiaren ondoan “txakurrak kanpora”.
Agure ahuskor bat zetorren poliki-poliki maldan gora niganantz, ogia eskuinekoa eskuan hartuta, txakur baten lokarria ezkerrekoan. Txakurra txikia eta bixia zen, adi-adi zegokion agureari begira. Hizketan ari zirela zirudien urrutitik. Gurutzatu garenean entzun dut bazkaldu eta siesta egin ondoren egin behar zutenaz ari zitzaiola attona txakurrari, nola parkera joango ziren eta… Nahi izan dut orduan ez zezatela “txakurrak kanpora” jartzen zuen karteltxo hura ikusi.
Eta orduan, graffitti puxka horretaz bigarren aldiz pentsatzean, sortu zait kezka eta nahi izan dut, nik animaliak maite baditut ere, gutxienez, “txakur” idatzi duenak benetan zakurrak izatea gogoan. Ala (eta hor nire larria) hain ohiko, hain onartua izan genuen gorrotoaren hizketa (hate speech) oraindik gure artean bizi ote da?
Hurrengo egunean LOMCEren kontrako manifestazio-azkeneko hitzaldi batek eraman ninduen berriro gure hizketa-moldeen inguruko zalantzetara. Emakume-ahots indartsu batean aireratu zen esaldi baten puskak jo ninduen esaten zuelarik LOMCE hezkuntza espainoltzea zekarren lege zentralista zela. Gogo optimistenari aurre egin behar izan nion eta onartu, onenean txakurrak lau hankakoak badira honezkero, oraindik espainol ez dela hitz deskribatzailea, gaitzeslea baizik: irain modura erabil daitekeen zerbait. Bestela, nola ulertu? Ez al dago euskaldun zentralistarik? Eta espainiar ez-zentralistarik. Ba bai, bi galderen erantzuna baiezkoa dela uste dut bene-benetan. Besterik dioenak begira beza inguru hurbilenekoetatik haratago eta entzun dezala ahapeka esaten den ere.