(Hotz eta eurien ondoko lehen eguzkiei esker kalera atera den jendeari begira bururatutakoak).
Lourdes Oñederra, (Galde 09, negua 2015). Haur batzuek oso ume aurpegia dute (horiei argazki asko egin behar zaizkie, betiko galduko den zer hori gogoratu ahal izateko handitzen direnean); beste batzuek, ez (antzematen zaie nolakoak izango diren 30 edo 40 urterekin).Emakume batzuek besteren komunak garbitu behar izaten dituzte; beste batzuek, ez. Herri eta kultura batzuk estetikoki sentibera dira; beste batzuk ez, ez dituzte beren lekuak apaingordetzen.Batzuk hil egiten dira; beste batzuk hil egiten dituzte. Pertsona batzuk erraz izerditzen dira; beste batzuei gehiago kostatzen zaie. Batzuek sexu harreman bakarra izan dute beren bizitza osoan; beste batzuek, ez (asko, gutxi, bakar bat ere ez: nola gerta…). Batzuek familiari egiten diote kasu gehien, horri ematen diote lehentasuna ; beste batzuek, adiskideei (adiskide bihurtzen diren senideak barne).Hemengo biztanle batzuek ETAri “zerga” ordaindu behar izan zioten ; beste batzuek, ez (zenbaiti eskatu ere ez zitzaien egin: horiek dira kualitatiboki talde markatuena, agian kuantitatiboki ere bai, baina itzuliko gara horretara). Batzuei eguzkia da gehien gustatzen zaiena; beste bazuei (gezurra badirudi ere), euria.Batzuek nahiago dute indarrrez menperatu konbentzitu baino, beste batzuek uste dute ez lukeela inork beste inor menperatu behar.Emakume batzuek umeak izan nahi dituzte kosta ahala kosta, beste batzuek ez. Batzuek (lanbideagatik edo bestela) lan egiten dute igandeetan; beste batzuek, ez. Bainua hartzean batzuek bat-batean sartu behar izaten dute uretan; beste batzuek pixkanaka. Gizon batzuek beren umeak bortxatzen dituzte; beste batzuek, ez. Hizlari eta idazle batzuek femeninoa erabiltzen dute maskulinoaren ondoan gaztelaniaz ari direnean ; beste batzuek, ez. Emakume batzuk gizendu egiten dira menopausiarekin; beste batzuk, ez. Batzuk nahitaez hartu behar dituzte oporrak abuztuan; beste batzuk ez. Krisiarekin lanpostua galdu dute langile batzuek; beste batzuek, ez. Emakume batzuk feminista dira; beste batzuk, ez (emakumeak perfektoak garela eta gizonak baino gehiago balio dugula dioten whatsapp ergelak bidaliz martxoaren 8a ospatu duten horietako asko barne).
Desberdintasunak aberasgarri omen dira. Errazegi esaten da hori. Ez dut uste desberdintasun guztiak aberasgarri direnik. Batzuk kaltegarri ere badira. Askok (guztiek?) bizitza zailtzen dute, konplikatu, eta ez beti norabide onean. Norabidea da kontua, ordea, honelakoetan: besteren komunak garbitu behar izatea bizi ahal izateko norberarentzat ez da ez aberasgarri, baina bai gainerakoentzat, komuna garbi aurkitzen duenarentzat batik bat…
Bikote horietako zenbaitetan giza-taldeek elkar behar dute (garbitzaileenak eta ordaintzaileenak, esate baterako); beste zenbaitek elkar ukatzen dute (adibidez, menperatzaileenak eta konbentzitzaileenak); beste batzuetan berdin dio, agian horiek dira aberasgarri, aniztasuna eta kolore desberdinak ematen dituztenak (erraz izerditzen direnena eta kostata izerditzen direnena kasu).
Horietako gizatalde batzuk bere bikote-kidea baino handiagoak dira kopurutan: eguzkia euria baino maiteago dutenena, euria nahiago dutenena baino; ama izan nahi duten emakumeena nahi ez dutenena baino; ETAk estortsionatu ez zituenena “zerga” eskatu zienena baino, etab. Baina gehiago izateak ez du esan nahi, berez, besteak baino hobeak direnik. Pentsa dezagun, esaterako, azken adibideaz. Besteak baino gehiago garaETAren estortsioa jasan ez dugunok baina horrek ez gaitu hobe egiten. Ziurrenik zerbait zor diegu, hori bai, estortsionatuei: egungo umeek (haur aurpegia izan zein ez) hemen urte luzez gertatuaren berri osoago izan dezaten noizbait, zerbait ikasi duen gizarte jakintsuago batean bizi daitezen.
Gertatzen dena da gutxienen eskubideak bakarrik aldarrikatzen ditugula gu gutxien direnen artekoak bagara; gehien direnen taldean gaudenenean, gehiengoen demokrazia aldarrikatzen dugu… eta horrela ez goaz inora, edo bai, leku itsusi batera.