Lourdes Oñederra. (Galde 07, uda/2014). Bukatzear dagoen uda honetako ibilaldi batean leiho batean zegoen oihal bati erreparatu nion: “euskaraz bizi nahi dut”. Zer esan nahi du hori jarri duenak? Alor guztietan euskaraz egiteko aukera izan nahi duela ala gaztelania desagertzea nahi duela.
Azken aldian nabarmen dira gaztelania agertzearen aurkako jarreren seinaleak. Nahiago ingelesez izendatu zerbait, gaztelanaiz baino. Ingelesak euskara estaliko ez balu bezala. Clusterak aipatzen ditugu eta Basque Culinary Center edo Basque Center on Cognition bezalako izenak jartzen zaizkie erakundeei, euskara aldarrikatu gabe edo apalago aldarrikatuz, gaztelania zenean baino euskara estaltzen zuena.
Behin, aurkeztu berri zidaten batek azaldu zidan zergatik gaztelaniaz Lizarra herria “Estella” deitzen zen. Ezer esateko denborarik eman gabe, adierazi zidan haserre Estella izena “inposatu” zutenek ez zekitela euskaraz eta “izarra” hitzaren latinezko itzulpena eman zutela. Orduan ere, latinaren garaietan ere, ezjakinak inposatzen… Hor gelditu zen, ez zuen beste ezer pentsatu. Nahi zuena sinesten zuen. Euskararen biktimismoa. Betikoa, aspaldikoa. Horrela guri ere inposaketaren kontra inposatzea eta inposatzaileak gorrotatzea edo gutxienez mespretxatzea zilegi zaigu. Ez zen ohartu “Lizarra” “Estella” itzuli zutenek, euskara pixka bat behintzat ulertzen zutela, “izarra” zer zen bazekitela, gaizki analizatu zutela hitza, ziurrenik jendeak maizago hitz egiten duelako izarrez lizarrez baino. Gaztelaniaz ere gehiagoren hiztegian dago “estrella”, “fresno” baino. Garbi dago ingeles pixka bat dakienak ere “star” hitza ezagutzen duela, baina askoz gutxiago izango dira “lizarra” ingelesez nola esaten den dakitenak.
Susmoa dut ez direla gutxi gure artean euskara maite eta gaztelania mespretxatzen dutenak. Ikuspuntu kultural eta intelektual batetik beldurgarria bada ere, badira gaztelaniaz gaizki moldatzen direla harro aitortzen duten gazteak. Gure aitonamonen lotsa eragin zuena negargaria izan zen, baina oraingoen harrokeria ere horixe iruditzen zait, harrokeria, ezjakintasuna oin duen arlotekeria.
Gero beste kontu bat da euskararekin zer egiten den, zenbat erabiltzen den, zertarako erabiltzen den.
Uda honetan ikusi eta entzuna da halaber lehendik ere ezaguna genuenaren gertaldia: Hegoaldeko bikote bat Iparraldeko jatetxe batean bazkaltzen, gaztelaniaz euren artean. Zerbitzaria hurbiltzean, ordea, euskaraz hasten dira eta hari ere hala egiten diote, bizkaieraz, bizkaiera petopetoan. Besteak espainiera frantseskoloreztatuan erantzuten diete, ekialdeko euskaran uler dezaten pare bat aldiz alferrik saiatu ondoren.
Begirale batek atera lezakeen ondorioa da euskarak balio duela, besteak beste, zerbitzariekin hitz egiteko. Baita, Iparraldera joaten garenean aldarrikatzeko uler gaitzaten frantsesa erabili gabe. Hori bai, hango euskarara hurbiltzeko, guk, lan gutxi… Pastorala bera ere nahiago dugu Donostian ikusi Zuberoraino (haraino!) hurbildu baino urtean behin. Baina desbideratzen ari naiz… Ez guztiz halere, ematen baitu axola duena hizkuntzaren estandarte balioa dela batik bat, bestetik bereizten gaituen identifikatzaile balioa. Bestetik: beste hizkuntza horretatik eta beste hizkuntza horretako hiztunengandik, ahaztuta guk ere hizkuntza hori hitz egiten dugula eta ukatuz hemengoa dela aspalditik, ezkutatuz hori gure buruari, gure nortasunaren iruditik atereaz erabat.
Baina zer axola du horrek, azken batean funtzionatzen badu. Hau idaztean ez dakit oraindik zer gertatuko den Eskoziako erreferendumean, baina garbi dago independentziatik gu baino gertuago egoteko ez dutela eskoziarrek hizkuntza berezi bizi baten beharrik izan. Aski dute gaelikoaren balio sinbolikoarekin, estandarte balioarekin… Hori tristea da hizkuntzen (hizkuntza guztien) biziraupenaren aldeko argudioen bila gabiltzanontzat. Tirorik ere ez dute behar izan (eta hori pozgarria da gizaki ororen bizitza gainerako guztien aurretik dugunontzat).