Drone terminoa berriki barneratu dugu gure ohizko hiztegian. Teknologiaren beste urrats bat. Gerrarekin lortzen dugu. Gerra gupidagabea bada, are gupidagabeago bihurtzen duen urrats teknologikoa. Etsaia bertatik bertara ikusi eta sentitu gabe akabatzeko aukera ematen duen teknologia. Asepsia moduko bat eskaintzen duen teknologia, odolez ez baitzara zikintzen.
Alabaina, piloturik gabeko hegazkin horien jarduera-eremua ez zaio etsaia suntsitzeari soilik lotzen, bestelako asko aurreikus daitezke. Horietako batzuetan jada lehen urratsak eman dira. Aurreikus daiteke urte gutxiren buruan milaka dronek hegaldatuko dutela hirietako eta zelaietako zerua. Droneak oso baliagarriak izan daitezke zeregin askotan: pertsonen erreskate-operazioetan, nekazaritza-lurrak zaintzeko; suteen bilakaera jarraitzeko, landa-azterketa zientifikoetan edo trafikoa kudeatzeko. Adibidez, Deutsche Bahn Alemaniako tren-konpainiak iragarri berri du kamera infragorriak dituzten droneak erabiliko dituela trenak bandalismoaz babesteko, grafiti-egileez zehazki. Helburu egokiak dirudite horiek, baina istant batean horren egokiak ez diren beste makina bat otutzen zaizkigu.
Pentsa egoera: aireko ibilgailu automatiko merkeek, bideo-kamerez hornituta daudenak, zenbat erraz dezaketen zaintza-lanak. Lehen erabiltzaileak administrazio publikoaren adarrak izango dira. Asko merkatuko eta erraztuko zaie kontrol-lanak. Adibidez, zergatik ez planteatu autoen abiadura kontrolatzeko drone txikiak erabiltzea gidariak nekez detektatuko dituena? Horrela abiadura arau-hausteak errazago detektatuko lirateke. Lehen begi-kolpean gauza taxuzkoa dirudi, baina aldi berean autoan zeinekin zoazen jakin ahal bada, ez da orduan horren itxura onekoa.
Drone-eredu batzuk jada kilo bat baino gutxiago pisatzen dute eta milaka euro gutxi batzuk balio dute. Ez da engoitik baliabide ekonomiko adierazgarriak dituzten administrazio publikoen edo armaden eskura soilik dagoen teknologia, partikuarrek ere eskura dute nahi edo behar izanez gero.
Gorago deskribatutakoren antzeko beste makina bat egoera irudika daiteke non agintarien gizartearen kontrol-ahalmena areagotu eta erraztu egin daiteken. Zer esanik ez, bestelako asmorik izan dezaketen paparazzi edo detektibe pribatuei buruz! Laburtuz, dronea ordaindu ahal duen edozeinek izan lezake aukera bere ‘begia’ gure etxeko sukaldean sartzekoa.
Administrazioak herritarrok kontrolatzeko, anaia handirantz gehiago hurbiltzeko, tresna izan daitezke droneak eta, seguru egon, tentazio horretan jausteko askorik ez dutela behar izango gure agintariek; jausi ez badira jasa. CIAk onartu egin du erabili izan dituztela pertsonen ibilerak jarraitzeko.
Horretaz aparte pertsonon pribatutasuna arriskuan dago nik uste. Piloturik gabeko airekoak eragile pribatuek baliatzea ez dago araututa Europako herrialde gehienetan. Eragile publikoek baliatzea baimendu egiten da normalean. Alabaina, erakunde publiko horiek zein motako erabilera egiten duten ez da araututa egoten. Espainian esaterako ez dago arau legalik ibilgailu horiek zein espezifikazio tekniko bete behar dituzten zehazten duenik. Beraz, legalki ezingo lukete hegan egin.
Hutsune legal handia dago, agi denez. Batzuei egoera horrek horretan irautea interesatzen zaie, beren jarduera inpunitate osoarekin burutzeko egokiera dutelako. Bestetik, horrelako ibilgailuen fabrikatzaileei espezifikazio teknikoak ezarriko dituen arautegi bat egotea interesatzen zaie, baina interes txikiagoa izango dute droneen erabilera mugatuko eta zehaztuko duen legerik egotea, merkatua murriztuko zaielako. Baldin badago, ahalik eta lausoena eta makalena izatea interesatzen zaie. Horren alde egingo dute lobby-lana.
Herritarron ikuspegiak beste bat izan behariko luke: begi luzeak gure etxetik eta inguruetatik uxatzea. Izan administrazioa, izan partikularrak. Ondorioz, indar egin beharko genuke herritarron pribatutasuna babestuko duen lege-esparrua gara dadin eta esparru horrek lehenetsi dezan herritarron pribatutasuna beste ezeren gainetik. Herritar legez botoa nori eman erabakitzeko unean, kezkarako beste motibo bat badugu. Ene!
Bidenabar, ‘drone’ ingelesez erlamando esan nahi du. Ausartuko al gara euskarazko terminologian bide hori jorratzen ?