(Galde o4, udazkena 2013). Oraindik orain izandako eztabaida bateko kontua. Antzerkigintzak bizi duen estualdia zen mintzagaia, baina errez har genezake auzi berbera beste sormen arlo baterako. Zelan ez, kulturarako subentzioek – edo inbertsioek, nahi erara- protagonismoa hartu zuten ezbaian eta honela agertu zen partaide bat suharki: ‘Sorrera artistikoak ez du zer ikusirik kontsumo-ondasunen ekoizpenerako modelo tradizionalekin: gurea Artea da’.
Artearen, ‘herrihautatu’ horren parte izateagatik, kultur sorkuntzak berezko eremu ekonomiko bat mereziko lukeela aldarrikatzen zuen, gizarteak gainontzeko afera arrunt guztietan ardatzat dituen merkatu baldarren gainetik. Baieztapen borobil hauen segidan ez ohi dator inolako azalpenik, artearentzat bereziki egokia izan daitekeen eredu espezifiko baten ezaugarrien inguruan. Testuinguru inplizituan argiki gelditzen dira, ostera, eredu horrek eskaini beharko lituzkeen osagarri ezinbesteko bi: diru-laguntza publiko intentsiboa eta, aldi berean, artistaren lanari buruzko balorazio kritikoa egiteko orduan irizpide objektiboak edo zientifikoak erabiltzeko ezintasuna: zenbat eta subjektiboagoa izan artelana, hainbat eta ukiezinagoa artista bera.
Pasa den mendeko kultur demokraziaren babespean areagotu zen auzia dugu hau, akaso sekulan amaierarik izango ez duena. Gehienetan oratoria pizteko argudio soila izatera kondenaturiko auzia da, bestalde, egunez egun artegintzan ere gizarte-sistemaren kategoria ekonomikoak nagusitzen baitira. ‘Merkatu’ izenak izenondoa behar du gure pentsamoldeen alde edo kontra jokatzen duen jakiteko, baina kasu guztietan muin-muinean dauka fenomeno geldiezin bat: prezioa eta balioaren arteko harreman bizia (dialektikoa esaten zen hiztegi zaharrean), eguneroko gertaera askorekin lotuta dagoena, nahiz gero zer pentsatu handia eman dezakeena. Egunotako zenbait eredu ekartzearren:
Banksy artistak amaitu du bere hilabete bateko egonaldia New-Yorken. Artista, grafiteroa, ospetsua bezain klandestinoa, aberats eta probokatzailea, hiri handiaren egunerokotasuna astintzea lortu du alkateari pultsua irabaziz. East Villageko auzokideak bere kaleetara artistaren lanak ikustera hurbiltzen ziren bisitariei kobratu nahian ibiltzen zitzaizkien bitartean,Bansky-k bere orijinalen saltoki anonimo bat ezarri zuen kalean: 309 euroko salmenta egun osoan. Aitzitik, zenbait egunetara, enkante batean erositako 50 euroko koadro bat soldadu nazi malenkoniatsu batekin pertsonalizatu zuen eta enkante berean 615 mila dolarrengatik saldu zituen Housing Works ongintzako erakundearentzat…
Artearen beste espaloian, Ana Botellaren Madrilen, non turismoa erorketa askean dagoen, Reina Sofia Museoak bere marka guztiak apurtzen ditu hain sona, eta balio handikoa (kontuak borobiltzeko ere) den ‘Dali’ erakusketarekin, orain arterainoko programazioaren nortasunari norabide ezohiko bat emanaz. Markaz marka, ‘majorrak’–Guggenheim, Louvre, Hermitage, Beaubourg eta horrelakoak- etengabe ari dira hedatzen euren frankiziak mundu globalizatuaren ferian zehar, Abu Dabin dela zein Bartzelonan edo Malagan ere. Izan ere, honako kasuetan markek jakin badakite euren balioa prezio eta aurrekontu bihurtu. Ea gure instituzioak, Guggenheim Bilbaoko kasuan, alderantzizkoformula ebazteko gai diren, aurrekontua balio bihurtu, alegia. Bizkaiko Diputazioa, bati bat, zeinak aurtengo bisitari kopuruaren % 9ko jaitsiera dela eta, oraintsu 2 milioiko diru-laguntza gehigarri bat jarri behar izan duen programazio artistikoaren erakargarritasuna berritzeko. Momentu egokian, alajaina, jada hitzarmen berriaren negoziazioa hasita dagoenean. Balio justuan baloratuko ote dituzte gure agintariek markaren balioa eta guk ordaindu beharreko prezioa?
Bere partetik, zine ikusleek ezin hobeto neurtzen dute zaletasunaz gozatzeko ordaindu nahi duten prezioa: merkeena edo ezerez. Azkenerako, banatzaileek amore eman behar izan dute zinemen hustuketaren aurrean, eta sarreren prezio guda bati ekin diote asteko egun zehatz batzuetarako. Errez asma zezakeen edonork prezio jaitsiera honen ondorioa, banatzaileek berauek kenduta, antza: ikusle ilarak eta publiko gaztea aspaldi ez bezala. Pirateria, B.E.Z.a, eta abarreko baldintzatzaileguztien gainetik, zine zaleak baditu kanal desberdinak bere afizioa nola edo hala asetzeko, batzuk legalak, ilegalak baina eskuragarriak besteak. Prezioak marrazten ditu aukeraren aldeak, neurri handi batean. Montorotar ez bazara, jakina: kasu honetan merke irtengo zaizu gorrotatzen duzuna .
Prezio beherapena zen Kultura Bonuaren funtsa. Eusko Jaurlaritzak ez du bere balioa aurkitu nahi izan; beno, egia esan, badirudi politika kultural zehatz bat izatearen balioa ez duela aurkitzen, 2004 urtera bueltatuz. Kasua da, lau urte arrakastatsuren ondoren bertan behera uztea erabaki duela, eragile eta kultur kontsumitzaileen haserrea piztuz. Baina esaera zaharrak dioen moduan ‘katurik ez dagoen etxean saguak dantzan’ eta, herriko politikaren faltan, Bizkaiko Aldundiak hartu du berriro buruzagitza Bizkaiko Kultur Txartela aterata. Garrasien oihartzunak entzuten omen dira oraindik ere Lakuan. Ez dute arrazoirik, ordea, bizkaitarrek jakin izan baitute Bonuaren balioa aurkitzen eta, halaber, EAJ-ren barne-aferak nahasten. Telebista serietan bezala: …jarraituko du.
Eta telebistaz ari garela, balio eta prezioaren arteko tentsioaren beste bi eredu txiki. Fabra valentziarrak ez omen du 40 milioi Canal 9 zabalik mantentzeko baina bai 47 milioi Formula 1 utzitako zorrari eusteko. Azkena, “BlackMirror (Ispilu beltza)”, teknologia kulturak sortzen ari den mundu distopikoan oinarritutako telesailetik hartua. Kapitulu batean honako baieztapen kezkagarri hau egiten digu: “Smartphone bat kargatzeko gure bizitzaren hamar minutu sakrifikatu beharko bagenitu, smartphonea kargatu egingo genuke”. Asmatzen ote dute? Izan daiteke, Antonio Muñoz Molinak arrazoia badu: “Memeloarentzat, ez bada preziorik ezta baliorik ere”
Jason&Argonautak