Inaki Irazabalbeitia. (Galde 07, uda/2014). Zin degizuet pasa berri dugun sasiuda honetan egunerokotasuna beste uda batzuetan baino patxada handiagoz hartu dudala. Dolce fare niente horretan jausi naiz sarritan. Giro horrek harrapatuta zenbait afal ostetan telebistaren aurrean paratu izan naiz. Zapping deritzon kirol berri hori ekin diot grinaz. Kate batetik beste batera saltoka ibili izan naiz, digitalizazioak eskaintzen digun itxurazko aniztasunetik gustuko zerbait aurkitu nahian, ea kateren batean film atseginaren bat topatzen nuen. Alferrikako lana gehienetan, film kaxkarrak edo makina bat bider emititutako horiek direlako eskaintzen den ohizko jatena.
Halako batean dokumental interesgarri batekin egin nuen topo kanal tematiko batean. Arizonako letxuga-soroei buruzkoa zen. ‘Izugarri kitzikagarria’ pentsa lezake Urliak ironiaz ‘fare niente horrek garuna urtu egin dik!’. Ba, bai! Harri eta zur utzi ninduen, sinistu ezinik ikusten ari nintzena. Letxuga industrialki hazten basamortu batean!
Arizonako klima ez da letxugak hazteko modukoa. Baratzean dabilen edonork dakien bezala, letxugek ur asko behar dute hazteko. Arizonako klima lehorra da, oso euri gutxikoa: 330 mm urteko gutxi-gora behera. Gure Kantauri isurialde honetan 1.200 mm urteko euri izaten dugu. Hala ere, letxugak ureztatu behar izaten ditugu itxuraz haz daitezen (eta Kalikane apur bat bareak eta barraskiloak akabatzeko!).
Nola da, bada, letxuga-hazkuntza industria eta negozio Arizonan? Teknologiari esker 18.000 eta 22.000 hektarea letxuga lantzen dira Arizonan, gehienak Yuma konderrian, Colorado ibaiaren arroan. Hor are euri gutxiago egiten du: 73 mm urteko! Bertan astabelarria deritzogun letxuga-mota hazten dute, Penintsulan Mediterraneo aldean edo Andaluzian jatetxeetan zerbitzatzen digutena. Letxuga erromatarra esaten diote. Letxuga mota hori klima lehorretara moldatuta dago. Hala ere, zerutik jausten dena baino askoz ere ur gehiago behar du letxugak hazteko.
Letxuga hazteko lurra prestatu behar da lehenik. Makineria astuna eta laser teknologia baliatzen dituzte sail osoa lau-laua izan dadin. Ureztatzean ura egoki banatzeko hartzen ei dute prezisio-lan hori. Beste makina batek ildoak egiten ditu, hiru letxuga-lerro paraleloki hazteko adinako bizkarra dutenak. Makinaz ere, letxuga haziak banan-bana ereiten dira lurrean. Haziak diatomea-lurrez gainestaltzen dira elkarri itsatsi ez eta banaka ereiteko.
Segidan izurriak eta belar gaiztoak kontrolatzeko pestizidak, jorratzea bezalako ohizko baratza-lanak eta ura hiru-lau hilabetez letxugek saltzeko moduko tamaina lortu arte Arizonako eguzki galdatan; uda partean 40 C inguruko tenperatura arrunta da bertan. Ureztatzeko sistema iruditu zitzaidan baldarra: ohizko ihinztagailuen bidez letxugak dutxatuz! Jakina da ureztatzeko modu hori ez dela oso eraginkorra ura aurreztearen ikuspegitik. Egia esan ttanttaz-ttanttako metodoa edo antzeko sofistikazioa espero nuen.
Uzta biltzeko moduarekin ere ustekabea! Makina itzel batek soroak korritzen ditu, letxugak zuztarraren oinarrian ebakitzen ditu ur-zorrotada baten bidez, xingola batek makinaren atzealdera eramaten ditu non hainbat pertsonek eskuz sailkatzen dituzten.
Hortik, ahalik eta azkarren letxuga prozesatzeko lantegira, ez baita komeni letxuga bildu berria eguzkitan izatea. Izan ere, AEBtan saltzen den letxugaren % 40a edo tratatuta, moztuta eta plastikoko zorroetan saltzen da supermerkatuetako apaletan. Horraino iristeko, sorotik ekarritako letxuga, giro-tenperatura freskoan dagoen planta batean tratatzen da: garbitu, intsektizida batez tratatu hostoen artean animalia-proteina aurki ez dezagun, garbitu ostera, moztu, zetrifugagailu batean lehortu gehiegizko ura ez baita ona, zorrotan sartu, nitrogenozko atmosferan preserbatu, kamioian sartu eta saltokira.
Harritzen al zaizue orain neroni harriturik gelditzea? Lau belar-hosto platerean jartzeko zenbat baliabide usatu behar dira? Zenbat ur? Zenbat energia? Ez al da erokeria?
Entzuna neukan Ipar itsasoko ganbak kamioetan sartu, Marokora eraman, bertan zuritu eta atzera Alemaniara eramaten zirela saltzera. Merkeago omen zen! Hala ere, Arizonako basamortuan letxugak haztearen kontu horrek marka guztiak gainditzen ditu. Har dezagun uraren adibidea. Apenas euririk egiten duen lurralde batean ura da prozesuaren ardatza ia urrats gehienetan. Horrek adierazi nahi du ura zerutik ez bada, beste nonbaitetik atera behar dela. Colorado ibaitik erauzten da kasu honetan. Jakina da Colorado ibaia gain esplotatuta dagoela; presak, ubideak eta enparauak ugari dituela. Milioika jenderen eta nekazaritza-lur zabalen ur-iturria dela. Ondorioz ingurugiro-arazoak pairatzen ditu: ur-fluxua murriztea, garraiatutako sedimentuak gutxiagotzea eta ibaiaren delta garai batean zenaren hondarra bihurtzea, ura gazitzea eta pestizidez pozoitzea, biodibertsitatea murriztea, … Letxugak ez dira kulpante bakarrak hala ere.
Zentzurik ba al du guzti horrek? Zein azalpen logiko dauka? Dirua? Alabaina, benetan al da ekonomikoki errentagarria hori guztia? Prozesuaren materia- eta energia-ziklo osoa kontuan hartzen badugu, egon seguru ezetz. Hori guztia ezkutatu egiten da sarri errentagarritasun ekonomikoa neurtzean. Bioetanola da adibide egokia.
Kontsiderazio moral batzuk egin nintzake, baina hori zure esku uzten dut irakurle.