Zein izango litzateke azken urteotako gertakaririk nabarmenena, euskal literaturaren munduan? Twist eta Martutene bezalako nobela luze-zabalen eta (neurri batean) totalen argitalpena? Saiakeraren generoak izan duen bultzada (oso) erlatiboa? “Erasmus” literaturaren/belaunaldiarenpuztutze (eta, ondoren, hustutze) prozesua? Emakumeen literaturaren hazkunde post-sugetarra (numerikoki, behintzat, gizonezko idazle askok beldur direna baino txikiagoa suertatu dena)? Gure literaturaren globalizazioaren jarraipena, indigenismo gutxi-asko adeitsua dela bide? Euskal Gatazkaren inguruko kontakizunen (“errelatoen”) indarberritzea (eta, agian, historifikazioa) “armak isildu diren garai itxaropentsu” hauetatik aurrera?
Nago,aipatutako guztiek garrantzia izan arren (bakoitzak bere neurrian), fenomeno inportanteenetako bat euskal literatura komertzial baten finkapenaren hastapenak izan daitezkeela. Ez dut esan nahi hori errealitate irmo eta egonkor bat denik (gurea bezalako literatura txikietan ez da finko eta egonkorraia ezer, eta orrialde hauetan hiru hilean behin burutuko ditudan orokortze-ahaleginak beti izango dira, ezinbestean, behin behinekoak). Eta, bestalde, literatura gutxi gorabehera komertzial baten existentzia ez da berria gure artean; Xabier Gereñoren mikronobelak gogora ekartzea besterik ez dago, zeinei buruz Ibon Sarasolak, maltzurkeria pittin batez, hauxe esaten baitzuen bere Euskal literaturaren historian (1971): “irakurlegoaren zenbait sektoretan harrera on bat izan duten nobela single eta ardura haundirik gabe eratuak”.
Beti egon da, beraz. Baina katakonbetan ibili da, nonbait, gustu onaren inperioak alboratuta eta gutxietsia, noizean behineko agerpen estelarrak eginez euskaltegietako eta bigarren hezkuntzako zirkuitoetan, eta horietan ere disimuluz, irakasle iaio eta kontziente askokbenetako literaturaren aldeko zakur-zaindari lanak egin baitituzte haietan ere.
Baina postmoderniak eragindako likidotze garai hauek, merkatu-harremanen garrantziaren sakontzeak (baita literaturaren mundu ustez irazgaitzean ere), euskaldungoak jasan dituen aldaketa historikoek (zeinen ondorioz irakurle militantearen figurak behera egin baitu portzentajean, seinale guztien arabera) eta abarrek mota honetako ekoizpena gorantz bultzatu dute pausoz pauso. Hainbeste ezen Jon Arretxe bezalako idazle batek karrera profesional sendo bat eraiki ahal izan duen liburugintzaren esparru berezi horretan; gainera, profesionala ez bada ere, Alberto Ladron Aranaren ibilbidea koordenada horietan kokatu beharko litzateke, edo ildo berean hasi berria den Joseba Lozanorena. Argitaletxeek, bestalde (eta ez kasualitatez), literatura mota arinago hau kokatzeko sail bereziaksortu dituzte, hala nola Ereineko Uzta Gorria (polizia/thriller generoan espezializatua), Erein berak Alberdaniarekin batera eratutako Batera saila, edo Elkarren Ateko Banda (zeinaren inguruan beti ibiliko den gazte literaturara lerratuta ote dagoen zalantza, noski)(baina horrek, nire ikuspuntutik, ez du kontraesanik sortzen halabeharrez: inpresioa dut haur eta gazte literatura izan direla, luzaroan, euskal literatura komertzialaren nolabaiteko suzedaneoa, edo gordailua, eta hortxe daukagu Fernando Morilloren adibidea kotoiaren froga gisa kasik). Iruzkingileen aldetik literatura mota honekiko dagoen gero eta mesfidantza txikiagoa nabaria da, azkenik: Kritiken Hemerotekako azken sarreretatik buelta bat ematea besterik ez dago Sarasolaren garai bateko etorkotasuna, oro har, iraganeko kontu bat dela egiaztatzeko.
Esango nuke, gainera, literatura komertzialerako joera hori leku askotatik datorkigula bultzaka, ez soilik gure idazleen barne-produkziotik. Agian nagusitze-prozesu horren erakusle argienetako bat itzulpenen merkatua izango litzateke, zeinetatik elikatzen baitira, neurri handi batean, lehenago aipatutako sail horietako zenbait (edo Bidelagun eta Mintakasailak, Igelan, nobela beltzari dedikatutako “betikoaz” gain). Ororen buru, dena dela, Ereinek edo Ttarttalok gure hala-holako Ken Follet-aren, hots, Toti Martinez de Lezearenpastixe pseudohistorikoen edizio elebidunen alde egindako apustua legoke.
Esanguratsua: Berriak 2012ko Durangoko Azoka zela eta banatu zuen aldizkari koloretsuan, zein idazleri egiten zitzaizkion elkarrizketak? Lertxundiri, Urretabizkaiari, Izagirreri? Atxagari, Rodriguezi, Lizarralderi? Ez, jaun-andreak: Morillori, Martinez de Lezeari eta Ladron Aranari. Horrekin dena esanda dago.
Eta literatura honen ugaltzearen aurrean batek beti dauka zalantza: ea soziolinguista jarri behar duen, eta euskararengandik poztu (nolabait), ala literaturzale, eta apocalypticmode on-a martxan ipini, begirunerik gabe.
Eta gero dago, zer esanik ez, literatura komertzialaren eta midcult dei dezakegunaren arteko eremu lauso eta zalantzagarri hori; agian ugariena, uneotan, euskal letretan. Hots, Damian Tabarovskyk, bere Literatura de izquierda liburuan, honela definitzen zuen literatura mota hori: “Badago ederraren eta atseginaren literatura oso bat, klabe mediatikoan eraikitako nobela populista anti-intelektualak. Ez dira jada HaroldRobbinsen eta abarren erara best-seller izateko eratutako nobela horiek. Ez, gauza bera dira, baina altuago. Literaturaren historiaren barne-ikuspegi batetik, horietako batzuek barneratzen dituzte –eraaseptikoan– nobela modernoaren iraultzari forma eman zioten tekniketako batzuk. Beste batzuek joan den mendeko errealismoa umekeriaz berrirakurtzen dute (…) Orain, klase ertain tentelek, komunikabideek, unibertsitateek, argitaletxeek eskura daukate ‘ondoidatzitako’, ‘adimenezbeteriko’ hainbat nobela, esperimentazio tantatxo batzuekin, horrekin ‘zirraragarri’, ‘erakargarri’ eta ‘sakonak’ izateari uzten ez dioten arren”.
Baina horretaz hurrengo batean mintzatuko gara, akaso.