Galde 43, Negua 2024. Inaki Irazabalbeitia.-
2014ko maiatzean joan nintzen lehen aldiz Karabakh Garaira, Artsakh-era. Eurodiputatua nintzen artean. Aralar ordezkatuz Jon Inarritu, orduan Espainiako kongresuko kidea, Olga Perez Vitoria, nire parlamentu-laguntzailea eta hirurok joan ginen. Hain segur, Euskal Herritik Artsakh-era joandako lehen ordezkaritza izango ginen. Helburu argi bi genituen, egoera bertatik bertara ezagutzea eta gure bi herrion arteko harremanak hasteko zubiak eraikitzera.
Iritsi orduko maitemindu nintzen jendearekin eta tokiarekin. Gizarte bizi batekin egin genuen topo. Ostiral ilunabar baten arribatu ginen. Gure hotela Stepanakert-eko kale nagusian zegoen, zeina ilunabarraren goxotasunez gozatzen ari zen jendez mukuru zegoen. Herria su-eten egoera zegoen, teknikoki 1991ean Azerbaijanekin izandako gerra amaitu gabe baitzegoen. Urliak espero zezakeen bideetan militarrak ikustea, tankeak, kontrol-postuak eta antzekoak, baina horrelakorik ez genuen topatu, aitzitik, Europako ezein hiritan asteburuaren atarian dagoen giroak egin zigun harrera.
Gerora beste hiru bider izan naiz bertan, bitan hauteskunde-begirale gisa. Eta erreparorik gabe esan dezaket Karabakh Garaiko errepublikak printzipio demokratiko sendoak zituela oinarrian: etsenplua zela inguruko estatuekin konparatuta, baita Armenia berarekin ere. Gure solaskideek harro adierazi ziguten Europar Batasuneko kide izatea amesten zutela eta zintzo-zintzo saiatzen ari zirela Europan sortutako legedia beren herrian aplikatzen.
Eta Europak traizio egin die Steparnaket-eko kaletan paseoan zebiltzan jende haiei. Azerbaijanen erasoaren aurrean beste aldera begiratu du. Ez du deus egin. Laisser faire, laisser paser politika aplikatu du. Duela 100 urte Turkiak armeniarren genozidioa burutu zuenean egin bezalaxe. Ez du ezer jakin nahi izan Azerbaijango erregimen diktatorialak, giza eskubideen urraketetan txapeldunak, iritzi-askatasuna hankartetik pasatzen duenak eta homofobikoak Karabakh Garaiari eraso dionean; ez duela hiru urte, 2020ko udazkenean, Azerbaijango armadak Armenia eta Karabakh Garaian eraso zituenean, ezta atzen hilabeteotan Aleyev-en erregimenak Artsakherako sarbide bakarra blokeatu duenean ere, eragotziz herritarren zirkulazio librea eta elikagaiak, botikak eta bestelako oinarrizko merkantziak Artsakhen sartzea gosea eta botika-eskasia eraginez.
Europak gogor salatu du Errusiak Ukraina inbaditzea eta ukraniarrak laguntzeko ahalegin handia egiten ari da. Ados nago. Alabaina, ahul eta ulerbera agertu da gauza bera Artsakhen gertatu denean. ‘Ekonomia da, adixkidea’ esango luke Urliak. Eta arrazoia du! Azerbaijan gas naturalaren ekoizle oso handia da, Europa hornitzen du eta duela hilabete batzuk Ursula von der Layen-ek esan bezala. Hipokresia hutsa.
Azerbaijanek garbiketa etniko erabatekoa burutu du, armeniarrak beren etxea mendeetan zehar izan duten lurraldetik egozten indarra eta indarkeria medio. Hasi da jada armeniar kulturaren arrastoen suntsiketa: artelanak, elizak, museoak, etab. Historia berrasmatuko dute eta Artsakh herri azeriaren betiko lurralde bilakatuko dute. Eta erne ibil dadila Armenia, hurrengo katebegia izan ez dadin….
Europako Batasunak beste behin muzin egin die bere printzipio fundatzaile nagusietako biri: gatazkak prebenitzeari eta gutxiengoak babestea.ri Eta urraketen katea gero eta luzeagoa da, Gazan gertatzen ari dena kate horren atzen begia delarik. Quousque tandem Europa?
Eta orain zer? Urriaren 7a baino lehenago Artsakheko egoera ezkutuan bazegoen nazioarteko iritzi publikoaren aurrean, are ezkutuagoa dago orain Gazan Israelek egiten diharduen sarraskiak atzenduta. Ez dirudi inori asko inporta zaionik etxetik ihesi atera direnen patua. Honela zioen Artak Beglaryan-ek, Artsakheko ararteko izandakoak, urriaren 18an eginiko txio batean aurreko egunean Armeniako presidente Niko Pashinyanek Europako Parlamentuan eginiko hitzaldiaren kontura:
“Uste dut Armeniako agintariak alde batera utzi dutela Armenia eta Azerbaijanen arteko harremanak berrosatzeko prozesuan, Artsarkhekin zerikusia duen prekondizio-printzipio orokorra, bereziki, Karabakh Garaiaren eskubideak eta segurtasuna.’
Seinalatzen zuen halaber, nazioarteko iritziaren aktore batzuk uste zutela Armenian errefuxiatuen egoera humanitarioa konpontzearekin auzia bukatu egiten dela eta eransten zuen:
“Errealitatea da ezin dela bakerik eraiki eskualde horretan Artsakheko jendearen odolaren eta tragediaren truke, eta, are gehiago, Aliyev genozida eta diktadorea ez dela horrekin konformatuko.”
Tamalez, Artak errealitatetik oso urrun ez dabilela iruditzen zait.