Guerrilla Girls: Sutan

(Galde 04, udazkena 2013). Gela zabala, baina batez ere luzea da. Antolakuntza sinplea: posterrak bi aldeetan, modu simetrikoan kokatuta, paretaren zentroan handiago direnak. Gelaren erdian hainbat mahai daude, panfletoz, egunkarietako berriz, flyerez beteak. Gela ixten, barreneko pareta handian, Guerrilla Girlsen irudirik ezagunena dago: Ingresen Odaliskak gorila maskara batez estaltzen du aurpegia. Haserre dagoen gorila baten maskaraz. Hondoa horia da eta honen gaineko letra beltzek datu lotsagarriak botatzen dizkigute aurpegira: “Biluzik egon behar dira emakumeak Metropolitan Museumean sartzeko? Arte Garaikideko atalean 3% baino gutxiago dira emakumeak, baina biluzien 83% emakumeenak dira.”

1989an aurkeztu zuten Guerrilla Girlsek lan hau, eta taldearen ezaugarri guztiak batzen ditu. Alde batetik, Ingresen Odaliska Handi ospetsu horri aurpegia estaltzen diotenean, berarekin partekatzen duten ezaugarri bat azpimarratzen dute Guerrilla Girlseko partaideek: anonimotasuna. Ez dakigu nor den Ingresek pintatzen duen emakumea, emakume biluzi bat izateaz aparte. Eta ez dakigu zeintzuk diren gaur, edo izan diren bere sorreratik, Guerrila Girlseko kideak. Emakume artistak dira, jakina, baina aurpegia gorilen maskarekin estaltzen dute publikoki agertzen direnean; hildako emakume artisten izenak hartzen dituzte, Frida Kahlo esaterako. Alde batetik, errepresaliak ekiditen dituzte euren benetako izena ez emanez; bestetik, behar bezain ez ezagunak diren emakume artista bikainei ohore egiten diete.

54GuerrillaG

Hala ere, anonimotasun hori ez da soilik defentsarako estrategia moduan hautatzen: emakumeek arte munduan orokorrean sufritu behar duten egoera islatzen du. Eta ez dut hemen aditzik iraganean erabili. Historikoki, eta gaur egun hein handi batean, emakumeak arte munduan objektuak izan dira. Musa papera bete izan dute, edo modeloarena, biluzik agertzen den gorputzarena, pasiboki ikusle gizonezkoaren zain dagoena. Emakumeak orokorrean mihisearen alde zuria ikusi du, geldirik, gizonezkoak beste aldea margotzen zuen bitartean. Eta hori kasua izan ez denean, emakumea izan denean astoaren alde ekintzaileaz jabetu dena, bere lanak ikusgarritasun eza, gutxiestea eta alboratzea sufritu behar izan ditu, behar bezain ona kontsideratzen ez zelako.

Asko dira emakumeek artista bezala duten presentzia gutxia eragin duten elementuak, baina bada hauen oinarrian patriarkatuak bereziki bultzatutako bat: jenioaren ideia. Artea produkzio sozial bat legez ikusi beharrean, jenioaren kondairak ahalmen estetikoa gizon bakan batzuei zoriz egokitu zaien gaitasuntzat aurkezten du. Barruan duzu ala ez. Berarekin jaiotzen zara ala ez. Eta hara non gaitasun berezi eta ia jainkotiar hau jaso duten guztiak, edo gehiengo handiena, mendebaldeko gizon zuriak izan diren. Kondaira honen arabera, esparru sozialak, famili-lanbideak artearekin lotura izateak, bizitza publikoa egiteko aukerak edo ikusgarritasunak ez dute artean arrakasta izatearekin zerikusirik. Eta artea ez da giza talde baten balio kultural espezifiko, ez-natural eta hautatuen bilduma, emana datorren indar saihestezina baizik. Beraz, jenioaren indar saihestezina ez bada emakume eta beltzengan ernatzen, ze erru dute gizonek?

Horrela kontatua ipuin irrigarria lirudike, egia ez balitz. Izan ere, Guerrilla Girls 1985an osatu zen, aurreko urtean MoMAko berrirekitzerako egindako erakusketari lotuta. Momentuan momentuko artistarik ezagunenak erakusten omen zituen mostra horrek, pil-pilean zegoena arte munduan: 169 artistetatik 13 soilik ziren emakumeak. Manifestaldiak antolatu zituzten emakumeek museoaren aurrean, eta eskaintzen zitzaien arreta gutxia ikusirik, beste estrategia batzuk erabiltzen hasi behar zirela erabaki zuten. Hortik Guerrilla Girls eta euren posterren sorrera.

Posterrak formatu moduan aukeratzeak ere zentzu handia du: zuzenak izanik, eguneroko mailan kokatu eta erraz ulertzen dira, bai estetikoki, bai mezuan. Formalki sinpleak izan ohi dira, arte kontzeptualaren moduan, testuak hondo lauen gainean ezarriz. Testuetan aurkitzen dena, ordea, ez da testu poetiko edo filosofikoa. Gordinak dira aurkezten dituzten datuak (datu hauen erabilera, zenbaketa, estrategia ezaguna izanik beraiengan, halaber), eta eskerrak ironia erabiltzen duten, negargura sortzeko modukoak baitira bestela. Esate baterako, 1997ko MoMAko Objects of Desire: the New Still Life erakusketan, 71 artistetatik 4 ziren emakumeak soilik, horietako bat beltza (erakusketako bakarra); edo 1996-2006 artean Washingtoneko National Galleryk 3 banakako erakusketa eskaini zizkien emakume artistei eta 68 gizonezkoei.

Mezua zuzena eta zorrotza bada ere, umorea erabiltzen dute maiz Guerrilla Girlsek. Esaterako, beraien “Emakume artista izatearen abantailak” lanean. Eskerrak eman ei behar dituzte emakumeek, arrakasta izateko presiorik gabe lan egin dezaketelako; egiten dutena eginik ere, femeninotzat hartuko delako euren lana; euren ideiak besteen lanetan betikotzen ikusiko dituztelako; edo lan profesionala eta amatasunaren artean hautatu ahal izateagatik. Denak artearen munduan gaur egun indarrean dauden dinamikak.

Eta hori da, hain zuzen, Guerrilla Girlsen erakusketan larritu ninduena: ikuslegoa posterren artean murgiltzen zela bertan agertzen zena Bilborekin, Euskal Herriarekin, lotura ez balu bezala. Bodegoiak ikusten egongo balira bezala, kontzentrazio apur gehiagoz akaso, baina distantzia berarekin. Siriako gudako irudiak ikusten baleude legez: interesgarri eta tamalgarria baina arrotza, beste errealitate paralelo batean. Egia da kolektiboaren lana, orokorrean, Ameriketako Estatu Batuei buruz mintzatzen dela, baina inori ez al zaio bururatu, lan hauen aurrean, Bilbon bertan dauden museoek ze politika jarraitzen duten galdetzea?

Bada, Euskal Herriko museoak ez dira ezertan MoMA edo Washingtoneko National Gallery baino gutxiago. Arte Ederren Museoak azken hamar urteetako 45 bakarkako erakusketetatik ez dio bat bera ere emakume bati dedikatu. 0%. 2011an aurkeztu zuen aurreko hamar urteetan egindako bildumarako erosketak: 1945-2011 bitartean sortutako lanetatik 7% bakarrik ziren emakumeenak. Donostiako Koldo Mitxelenako Ganbara aretoak azken hamar urteetan 32 erakusketa dedikatu dizkie banakako artistei; horietako soilik sei emakumeei. Artiumek azken hiru urteetan, Praxis programa alde batera utzita, 14 banakako erakusketa eskaini dizkie gizonezkoei, eta hiru besterik ez emakumezkoei. Zalantzarik balego, utzidazue esaten Arte Ederretako fakultatean badela hamarkada pare bat emakumeak matrikularen erdia baino gehiago direla. Izan ere, azken hamar urteetako datuei begira, gizonezkoak 35% dira soilik. Arte Ederretako datu hauek izan ezik, bereziki galdetu behar direnak, beste guztiak instituzioen web orrialdeetan daude, guztion zerbitzurako.

Gogora dezagun ere MoMA ez bezala, oraintxe aipatu ditudan hiru instituzioak publikoak direla; biren kasuan, bilduma bat ari direla osatzen, eta guztion ondare izateaz gain, gure gizartearen irudia errepresentatzen dutela suposa genezakeela. Esan dezagun ere, bide batez, New Yorken ez bezala, Euskal Erkidego Autonomoan badela 2005etatik Gizon eta Emakumeen Berdintasuna Bermatzeko lege bat, eta honen arabera, emakumeak baztertzen dituzten instituzio kultural publikoek ez luketela diru-laguntzarik jaso beharko. Lege hau, argi dago, politikariek eskuak astintzeko eta martxoak 8an kamera aurrean Athletici buruz pentsatzen duten bitartean kezka aurpegia jartzeko baino ez du balio izan.

Bukatzeko, utzidazue esaten ez naizela estatistiken oso lagun. Nahiago ditut hezkuntzan, burujabetzan, azterketan eta gogoetan oinarritzen diren programak. Aldi berean, sutan jartzen naiz egun bat eta beste bat berdin pasatzen ikusten dudanean, Lehendakaria Guerrilla Girlsen posterrekin argazkiak ateratzen imajinatzean, gizon anitzek histerikoei moduan begiratzen gaituztenean diskriminazioa existitzen dela esaten dugulako. Eta beldurgarria deritzot Guerrilla Girlsen erakusketa eta gero bisitari guztiak sutan ez ateratzeari, horrek erakusten baitu argi dutela kontua ez doala haiekin. Eta kontua, lagunok, guztion kontua da.

Haizea Barzenilla

EHUko Arte Historiaren irakaslea

Categorized | Cultura, Sociedad

Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
“JAZZ for TWO”, José Horna
“JAZZ for TWO”, José Horna
"El origen del mundo" José Blanco
"El mal del país" José Blanco
Fotografía de José Horna
Fotografía de José Horna
"Lemoniz", Mikel Alonso

Egileak