Ockhamen labana: Teknologiaz harantzago

Fergu

Inaki Irazabalbeitia. (Galde 08, udazkena/2014). AEBtako polizia zuriek susmagarri beltz desarmatuak hiltzea ez da ohizkanpoko gertaera. Horrelakoei buruzko berria behin baino gehiagotan izan dugu atzen asteotan komunikabideetan. Logikak dioena baino maiztasun handiagoarekin polizia horiek zigorrik ez dute ordaindu behar izan beren ekintzengatik. Arestian aipatutako kasuotan ikusi dugu, ostera ere, nola kargugabetu dituzten tiro eginiko poliziak. Istilu gorriak izan dira kaleetan horren ondorioz.

Ez da gauza berria. Ezaguna da zein erraz sakatzen duen zakurra poliziak AEBtan. Ez gaitu horrek harritzen. ‘Lehenik tiro egin eta gero galdetu’ leloa bere egina dute zeharo, westernetan bezalaxe. Ezaguna da, era berean, minoria etnikoen kideek, beltzek bereziki, aukera gehiago dituztela polizien susmagarri izateko eta, bide batez, tiro bat jasotzeko. Gizarte horren ezaugarria da, bere DNAn dagoela esanen nuke. Zeintzuk diren arrazoiak? Armak erosteko erraztasuna eta horiekiko zaletasunak lagundu egiten dutela ez dago dudarik. Alabaina, nago, ez dela hori arrazoi nagusia, armak eskura izateak tiroketak errazten baditu ere. Lotuago dago, nire irudiko, indibidualismoaren, erabakimenaren eta libertate pertsonalen kultu gehiegizkoarekin.

Kasu horiek, jakina, egon eza sorrarazten dute sozietatean. Agintari politikoek zerbait egin behar dutela sentitzen dute. Eta neurriak promesten dituzte. Horrelaxe egin du Obama presidenteak. Aipatutakoak bezalako kasuak argitzeko eta polizen lanaren txukuntasuna zuzentzeko poliziak kamerak soinean itsatsita eramatea proposatu du. Poliziek egiten dihardutena grabatzea da helburua. Proposamena bitxia iruditu zitzaidan hasieran, ideia ona lehen kolpean. Alabaina bi buelta eman nizkionean, kamutsa begitandu zitzaidan.

Ezagutzen nauenak badaki teknofiloa naizela eta zientzia gure bizimoduaren oinarri sendoetako bat dela uste dudala. Nekez esplika dezakegu gure gizartea zientziaren eta teknologiaren ekarpena aintzakotzat hartu gabe. Dena dela, bi osagai horiek ezin dituzte giza bizimoduaren konplexutasun osoaren erremedioa izan, Anbotoko Mariren ukendua bailiren. Edonola ere, zientzia eta teknologia ukendu guztiz ahalduna direla sinesten dute hainbatek, fededun zintzoen maneran. Obamaren proposamena bide horretan aitzinatzen dela deritzot.

Sustrai soil-soilik sozialak dituen arazo bati teknologiaren bidez erantzun nahi zaio. Erantzun partziala bidenabar. Teknologiak lagun dezake une eta toki jakin batean gertatu denaz argi ematen, baina ez ditu arazoak arreglatuko ezta saihestuko ere. Teknologiaren ahalmenetatik kanpo dago. Urliak pentsa lezake, soinean kamera eramateak nolabaiteko eragozpena jarriko diola sendiaren balizko jokabide desegoki, gaizto edo maltzur bati. Sendiak birritan pentsatuko duela egin aurretik. Zentzukoa dirudi uste izateak horrek eragin positiboa izango duela. Alabaina arazoaren muina ukitzeke jarraituko litzateke. Arazoa ez baita nire irudiko une jakin batean norbanako jakin batek izan dezakeen jokabidea. Inportantea izanik ere. Arazoa gizartean bertan dago, bere balioetan. Horri heldu behar zaio benetako konponbidea bilatzeko. Alegia sozietatean eta poliziarengan dauden jarrera eta aurreiritzi okerrak borrokatu behar dira, arrazakeria-aurreiritziak esaterako. Era berean, aurreiritzi horiek azaleratzen laguntzen duen arrazoi sozialei, baldintzapen sozio-ekonomikoei etsenplurako, eragin behar zaie. Horretan teknologiak ekarpen mehea egin dezake.

Obama ez da originala hala ere. AEBtako hainbat hiritan egin izan dira froga-saio batzuk horrelako kamerekin. Arrazoia goian aipatu duguna da. Poliziak jokabide egokiagoa izango dute, baldin eta kamerak esandakoa eta egindakoa grabatzen badute. Emaitzek ez dute erantzun argirik eman. Metodologia ez omen da oso ‘zientifikoa’ izan. Kezka batzuk ere eragin dituzte, pertsonen pribatutasunaren zein erabilera desegokien ikuspegitik.

Kamerek egin dezaketen benetako ekarpena argitzeko AEBtako Justizia Institutu Nazionalak bi landa-azterketa handi finantzatzen ari da Los Angelesen eta Las Vegasen. Emaitzak 2015aren hasieran egotea espero da. Obama horren jakitun izango zen noski!

Harritzekoa ez da izango bi azterketok kameren eraginkortasunaren aldekoak izatea. Beraz, ematen du soinean eramandako kamerek bidea egingo dutela aurrera, polizien lanaren txukuntasuna juzgatzeko baliatuko direla grabatutako irudiak, … Eta behin bide horretatik abiatuta, ez ninduke txundituko aurki teleberrietan ere ikustea, egun polizia jazarpenak ikus daitezkeen bezala.

Gorago esan dut. Konponbide maingua iruditzen zait ondorioei erreparatzen diena eta ez diola benetako konponbideari oratzen, hots, prebentzioari. Egokiena hasieran deskribatu ditugun moduko gertaerak ez gertatzea izango litzateke. Poliziaren jokabideetan positiboki eragingo duten hezkuntza- eta prestakuntza-programak, batetik, eta aurreiritzi okerrak izan ditzaketenak detektatzeko neurriak bestetik, asko lagunduko lukete arazoa minimizatzen. Teknologia guzti horrek huts egin eta gertaera tamalgarria jazo denean esplikazioak bilatzeko makulua baino ez litzateke izan behar.

Bide luzeagoa da jakina; hain segur, inbertsio ekonomiko handiagoa eta iraunkorra beharko luke; polizia-gorputzen esparrua gainditu beharko luke; …

Azkeneko burutazioa, botere publikoek, sarritan, errepresioa gurago izaten dute prebentzioa baino.

Categorized | Derechos Humanos, Política

Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
“JAZZ for TWO”, José Horna
“JAZZ for TWO”, José Horna
"El origen del mundo" José Blanco
"El mal del país" José Blanco
Fotografía de José Horna
Fotografía de José Horna
"Lemoniz", Mikel Alonso

Egileak