Nanozelulosa, iraultza berria?

Nanocelulosa2

(Galde 14, udaberria/2016). Inaki Irazabalbeitia.

Tolosari paperaren hiria esaten zitzaion orain hamarkada batzuk. Oriaren aparrak eta kiratsa ezaugarri moduan. Garai horiek pasa dira. Egun Tolosako papergintza-sektorea ez dago jada paper-orea ekoizteari lotuta. Sunda eta bitsak amaitu dira. Historia da hori. Paperaren sektorea bizirik da, hala ere. Transformazioari edo makineria produzitzeari lotu zaio. Oriaren uraren kalitatea irabazle atera da. Oria harroko jendearen osasunak eskertu egin du.

Paper-orearen produkzioaren urterik onenetan Tolosako industrien jabeek eskulan kualifikatua behar zutela, hots, beren langileak formatu behar zituztela, ohartu ziren. Ondorioz Tolosako Paper Eskola jaio zen, lanbide hezkuntzako eskola hasieran; ingeniaritza teknikoa erantsi zitzaion laster (Estatuko bakarra); lanbide hezkuntzako eskola soila berriz ere; mende horren bigarren hamarkadaren hasieran irakaskuntza arautua eten zuen eta duela 3 urte berpiztu zen Don Bosco eskola errenteriarraren eskutik. Tolosan papergintzaren sektoreak izandako eboluzioaren isla da Paper Eskolaren historia.

Eskolak 50 urte beti ditu aurten. Tolosan ospatu egin dugu; ez historiagatik bakarrik, etorkizun oparoa ere opa diogulako baizik. Zelebrazioen karian nanozelulosari buruzko hitzaldi bat entzuteko parada izan nuen. Mundu ezezagun batekin topo egin nuen.

Egia esan nahikoa eszeptikoa naiz nano aurrezkiz hasten den termino bat entzuten dudanean. Nire lagun batek esaten duen bezala, orain badirudi zientzia serioa egiteko ‘nano’z hasi behar duela zure lanak. Gauza bera jazotzen zait ‘bio’rekin. Hortaz, aurreiritziz beteta joan nintzen Alvaro Tejado, Tecnaliako ikerlaria entzutera. Entzundakoak konbentzitu nau.

Zer da bada nanozelulosa? Ba zelulosa zer den argitu beharko dugu aurrenik. Wikipediak argi egiten digu: Zelulosa glukosa molekulez osatutako polisakaridoa da, naturan oso ugaria dena. Zurruna da eta uretan eta disolbatzaile organikoetan disolbaezina. Landareen polisakarido nagusia da eta landareen zelula-horma osatzen du. Zelulosaren katea lineala da eta isolaturik dagoenean hari luzeak osatzen ditu. Papera eta kartoia egiteko ezinbesteko osagarria da. Zelulosa-zuntzek ematen diete sendotasuna eta arintasuna.

nanozel

Papera osatzen duten zuntzen luzera milimetroen neurrian egoten dira. Horrek ezaugarri fisiko batzuk ematen dizkie, guk guztiok ezagutzen ditugunak hain zuzen ere. Alabaina, zelulosa zuntzen neurria nanometroen esparrura eramaten denean, ezaugarri horiek zeharo aldatzen dira. Aplikazioetarako mundu berri bat irekitzen da

Material horiengan 1970.eko hamarkadan piztu zen interesa, baina egiatan mende honen lehen hamarkadaren bigarren erdira arte bazterreko ikerketa-gaia izan da. Nanozelulosa prestatzeak zuen kostu energetiko handia izan zen arrazoi nagusietako bat. Erabilpen teknologikorako aukera politak aurreikusten zitzaizkion, baina kostuak ez zituen bideragarri egiten. 2005az gero, nanozelulosa lortzeko teknika berriak garatzearekin batera, esponentzialki handitu da nanozeluloraren alorrean publikatutako artikulu zientifikoak. Ez zen jada horren prozesu energetikoa. Duela bizpahiru urtetik hona, produkzio industriala antzeko joera hartzen ari da. Alvaro Tejadaren arabera, egun ez dago papergintzaren sektoreko enpresa inportanterik nanozelulosen alorrean urrats industriala ematen hasi ez dena.

Nanozelulosa izenaren atzean ez dago material bakarra. Hiru mota bereizten dira. Nanozelulosako zuntzak amorfoak dira eta uretan disolbatzean gele moduko masak osatzen dituzte. Nanozelulosa kristalinoa, zelulosazko nanokristalez osatuta dago. Egitura zurrunak osatzen ditu. Azkenik bakterioek sortzen dutena: nanozelulosa bakterioarra. Bakoitzaren ezaugarri fisikoen arabera izango da ustezko erabilpena.

Aukerak aipatuta makina bat aipatu zituen Alvarok eta horrelaxe agertzen dira bibliografian: paperari ezaugarri bereziak emateko, adibidez sendotasuna edo koipeen aurrean hesi-funtzioa; elikagaien gehigarrien munduan karbohidratoak ordezka litzake gelifikatzaile moduan; poliuretanoa ordezkatzeko aparrak; xurgatzailea pixoihaletan; petrolio-isuriak biltzeko, … Gainera naturala da, landareetatik lortzen da eta naturak degradatzen du. Besterik eska al dakioke?

Alvaro entzunda galdera bat etorri zitzaidan burura. Izan ere, ekologiko eta berde moduan aurkeztu izan diren teknologia batzuk sakon aztertu direnean horren berde eta horren ekologiko ez direla ikusi da. Adibide paradigmatiko bat dago, bioetanolarena. Frogatu da artotik produzitzen den etanola erretzean lortzen den energia txikiagoa dela etanol hori lortzeko usatu behar izan dena baino. Nanozelulosaren kasuan gerta liteke ordeztera datorren materialak baino energia gehiago behar izatea nanozelulosa lortzeko eta bizitza-ziklo osoa aztertzean emaitza poluitzaileagoak ematea. Horretaz galdetu nion Alvarori. Ez dela kasua erantzun zidan.

Horrela bada, etorkizunik onena opa diot nanozelulosari, besteak beste, Tolosaldean paper-sektorea indartzeko balio dezakeelako I+G+B egokia eginez.

Categorized | Sociedad

Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
“JAZZ for TWO”, José Horna
“JAZZ for TWO”, José Horna
"El origen del mundo" José Blanco
"El mal del país" José Blanco
Fotografía de José Horna
Fotografía de José Horna
"Lemoniz", Mikel Alonso

Egileak