Housekide, partekatuz zahartzeko modu bat

(Galde 04, udazkena 2013). Urte hauetan erretiroa hartzen ari den belaunaldiak, aurreko eta hurrengo belaunaldiekiko oso baldintza desberdinetan egin behar dio aurre zahartzeari.

Hurrengo belaunaldiekin alderatuta, ekonomiari dagokionez, bereziki. Izan ere, gure belaunaldiak oro har, gizonezkoak behintzat,  ez du arazo gehiegirik izan  enplegua izateko. Aldiz, emakume askok ordaindu gabeko lanean jardun dute etxean eta ume eta zaharren zaintzan bereziki, ekonomia ofizialetik at.

Hala ere, hainbat kasutan urteen poderioz egoera ekonomikoa hobetuz joan da, azken urteak ahazten baditugu, eta nekez izan bada ere, hipoteka ordaindu ahal izan dute askok eta jubilazio-sari bataz beste dexente bat jasotzeko esperantza oraindik ez dute galdu.

Eta aurreko belaunaldiei begiratuz gero, eraldaketa sozial eta demografiko baten protagonista izan delako, batez ere. Izan ere, guretako asko familia ugarietan jaio gara baina ugalketa-tradizioari uko eginez oso ume gutxi, askotan bat ere ez, izan ditugu. Horri gehitzen badiogu nola luzatu den bizitza-itxaropena eta gero eta emakume gehiago bere bizimoduaren jabe bilakatu izanaren ondorioz zaharrak zaintzeko disponibilitatea galdu izana, emaitza argi batera iritsiko gara: gure belaunaldiak jubilatze ondoko aldi luze bati aurre egin behar dio jakinik ezin duela zain egon seme-alaba (gehienetan alaba)ren batek bere gain hartuko duenik bakarrik gelditu eta osasuna gainbehera hasten denean.

Gainera gure aurrekoen bizitza asko luzatu denez, gure belaunaldiari maiz egokitu zaio urte luzeetan guraso zaharren ardura hartzea, eta zenbaitetan, anai-arreben artean banatuta izan bada ere, zaintzaile izatearen ardurak eta loturak gure baitan sentitu ditugu. Ukatu barik zaintzak askotan maitasunaren adierazpen direla, eskarmentu horrek gure zahartze-prozesurako irtenbideak bilatu behar direla erakutsi digu.

Izan ere, orain hamarkada batzuk aldarrikatu ziren “irtenbideak” asmo ustel bilakatu ziren. Horrela, adineko jendeak ustez arazorik gabe babesa aurkituko zuen jeriatriko erraldoiak, desagertu dira zerbitzu publiko gisa. Une honetan erresidentzia jeriatrikoen bezeroak ia beti dependentzia larriz ­-adina, gaixotasuna edo istripua dela bitarte- jotako pertsonak dira, eta laguntza publikoak urrituz doazenez, zenbait ixten ari dira.Tutelapeko edo gainbegiratutako etxebizitzei dagokienei, berriz, leudekeen beharretarako oso gutxi izateaz aparte, behartasun sozialaren eta ausaren arabera banatzen direnez, ezin dute  bilakatu askorentzako irtenbidea.

Administrazio publikoek, murrizketa-grinak jota, gero eta aukera gutxiago uzten dute, eta dauden laguntza urriak, ardatz bat daukate: jende zaharrari bere etxean iraunaraztea.

Jubilazioan pentsatzen hasten den adinera iritsitakoan, jende gehienak etorkizunaz aurreikuspenak egiten dituenean bere buruari, eta lagun-adiskideei zera esaten dio: komenigarria izango litzateke denon artean irtenbideren bat moldatzea zahartzarorako. Pentsatu eta esan bai, gehienek, dirudienez, baina hortik urrats bat egitera…

Baina badaude, izan, zenbait herrialde non adineko jendeak, taldetan elkartuz erabaki duen indarrak batzea eta elkarrekin prestatzea zahartzaroa, etxebizitzak neurri batean partekatuz. Ez dugu pentsatu behar gu baino “azkarragoak” direnik, baizik eta herrialde haietan, guri egokitu zaizkigun aldaketa demografiko eta sozialak, orain dela 30 edo 40 urte gertatu zirela. Baina bai aitortu behar dugu  “sozialagoak” direla, Europa iparraldeko gizarte politikak gurekin alderatuz askoz ere aurrerakoiak baitira eta kasu askotan lur publikoak erabiltzen dituzte pertsona helduentzako etxebizitza alternatiboak egiterako orduan.

Egia da, dena den, kontu horietan aurreratuen dabiltzan tokietan ere, zahartzaroari aurre egiterakoan gehien-gehienek bide indibidualetik jotzen dutela, beren konfiantza, gordetako  aurrezkietan, administrazioaren laguntzetan, eta, aitortzen ez badute ere, familiartekoren baten sostengua izango dutelakoan jarrita.

Horiek ez dira gure eredu, bai ordea, herrialde haietan gutxiengo nahiko zabal batek hartutako beste bidea: neurri batean partekatutako etxebizitzak modu autokudeatuan eraiki eta bertan bizitzea.

Cohousing izenez ezagutzen dena, arkitektura aldetik apartamentu pribatuz eta zenbait gune eta zerbitzu erkidez osaturiko multzo bat da, osotasunean diseinatua erkide-bizimodua ahalik eta gehien errazteko, beti ere etxebizitza pribatu bakoitzaren osotasuna eta intimitatea gordeaz.

Cohousing mota asko daude, bizimodu hori aukeratzeko arrazoiak bezainbeste. Cohousing batzuen motibazioa erlijio edo filosofia jakin bat izan daiteke; beste batzuetan emakumeak bakarrik elkartu ohi dira; gehienetan, adin guztietako jendea da, edozein eraikin edo auzotan bezala, elkarrekin bizitzea hautatu duena. Eta badira, gero eta gehiago, adineko jende multzo batek, gelditzen zaion bizialdian espazioak eta bizimoduak partekatzeko egiten dituenak.

Gure proiektua, Housekide (www.housekide.org), azken mota horretakoa da. Une honetan, bi dozena lagun gara (gehienak emakumeak), jubilatuak edo jubilazio-adinetik gertukoak;  erabilera-lagapeneko (cesión de uso) etxebizitza-kooperatiba bat moldatzen ari gara, lurzoru bat eskuratu eta modu autokudeatuan apartamentu pribatuz eta zerbitzu erkidez osaturiko multzo bat eraikitzeko. Apartamentu bakoitza, pertsona bat edo  bi bertan bizitzeko sukalde eta gainerako zerbitzu guztiez hornitua izango da, eta espazio komunetan, sukaldea, jangela, egongela-liburutegia, arropa garbitzeko gela, eta aurrekontuak uzten dizkigun gainerako gune eta zerbitzu osagarriak (lorategia, jimnasioa, lantegiak…) izango ditugu. Guztia, jakina, arkitektura-oztoporik  gabe, eta mugikortasuna galduz joango diren pertsonak eroso mugitu ahal izateko egokitua.

Zenbait kasutan, bizitoki edo bizimodu alternatiboren bat aukeratzen dutenek, landa-giroa nahi izaten dute; hiritik ihes egin, naturatik gertuago, bizimodu lasaiagoa eta “ekologikoagoa” bilatu nahirik; baina gure aukera, naturatik hurbil bizitzearen onurak ezertan ukatu gabe, hiritarragoa izan da. Zeren eta, hobetsi dugulako urte luzeetan gure ingurune hiritarretik hurbil egotea, eta hiriak eskaintzen dituen aisiarako, kulturarako, osasunerako eta oro harreko zerbitzuak aprobetxatu nahi ditugulako.

Gainera, uste dugu hiritik aldentzeak bakartasuna areagotu egin dezakeela; batez ere norberaren mugitzeko ahalak urrituz doazenean.

Eta bizimodu partekatu hori, geuk kudeatu nahi dugu, hasieratik bukaeraraino. Gure asmoa da geure bizimoduaren antolatzaile eta protagonistak geu izatea. Geureak izango dira erabakiak, geureak erantzukizunak eta arriskuak; geuk erabaki nahi ditugu ezaguera tekniko profesionalaren beharra ez duen guztia: non kokatuko garen, etxeak nolakoak izango diren, eta geroko Housekideko bizimodua nola antolatuko dugun eta nahi eta ez etorriko diren dependentziak nola kudeatuko ditugun.

Beste aldetik, erabilera pribatuko apartamentuen jabetza beti ere kooperatibarena izango denez, ziurtatzen dugu inolako tarterik ez diogula uzten espekulazioari, eta Housekide ez dela izango orain gaudenontzat bakarrik, gure ondotik etorriko diren guztientzat baizik.

Erronka ez da erraza, baina ez da abentura itsu bat. Izan ere, Europako iparraldeko herrialdeetan, Estatu Batuetan, Kanadan eta abar aspaldi gauzaturik eta emaitza onekin dauden ehunka cohousing-ez at, badaude Espainiak bide hori hartu duten adibide batzuk, esate baterako Madrileko inguruan dagoen Trabensol (www.trabensol.org), proiektu hau bideragarria dela erakusten dutenak.

Housekide proiektu berritzailea da, ekimen pribatukoa baina eduki sozial sendokoa; horrela errekonozitu digute zenbait erakunde publikok zein pribatuk, adineko pertsonen gaietan adituak; baina administrazio publikoen aldetik, hitz goxo eta bete gabeko hitz batzuk besterik ez dugu ezer jaso, oraindik, Housekide gauzatzeko bidea errazteko balio dezakeenik.

Denbora daramagu bilerak egiten eta gure proiektuaren oinarriak ondo finkatzen. Denbora luzea, baina ezinbestekoa, proiektua benetan partekatua, eta guztion ideiekin mamitua izan dadin. Bitarte honetan, taldea sendotzeaz  eta proiektuaren filosofia lantzeaz gainera, arkitektura, kostuak, finantzazioa, alderdi juridikoak eta abar ondo landu eta prestatu ditugu. Baina taldeak ikusi du badela garaia proiektu hutsa izateari utzi eta gauzatzen hasteko. Azken urte erdi honetan urrats zehatzak egin ditugu eta baiezta dezakegu hilabete gutxi barru atzerabiderik gabeko egoera batean aurkituko garela: lurzorua erosita edo lagapenean lortuta eskuratua, proiektua gauzatzen hasita, eta lehen diruak aurreratuak.

Ilusioz beterik gabiltza Housekide aurrera ateratzeko lanean. Ez bakarrik gure etorkizuna, geuk aukeratutako moduan bideratua aurreikusten dugulako, baizik eta, Housekide, gure ondotik datozenek ere aprobetxatu ahal izango dutelako.

Oraindik ez dugu galdu esperantza erakunde publikoek Housekideren onura sozialak ulertuko dituztela. Ez bakarrik horrelako taldeei gizarte-zerbitzuak eskaintzea errazago eta merkeago gertatuko delako, baizik eta eredua zabalduz gero zahartze-prozesuaren enfokea bera aldatuko delako. Baina ez gaude administrazioaren ikuspegi-aldaketaren zain. Gure itxaropena eta gure aktibo nagusia, Housekide osatzen dugun  eta zalantzarik gabe gehituko zaizkigun emakume eta gizon ausart eta aktiboak dira.

Antton Elosegi, Housekideko kidea

Categorized | Economía, Sociedad

Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
“JAZZ for TWO”, José Horna
“JAZZ for TWO”, José Horna
"El origen del mundo" José Blanco
"El mal del país" José Blanco
Fotografía de José Horna
Fotografía de José Horna
"Lemoniz", Mikel Alonso

Autores