Zientzia AEBtako politikan

Ockhamen labana

(Galde 02, primavera 2013). Gauza ezaguna da gai zientifiko batzuenganako jarrerak pisua izaten duela AEBtako politikan, hauteskunde-kanpainetan eta hautesleen hautuan. Aldaketa klimatikoaren edo eboluzioaren ukazioa, zelula-amekin ikertu ahal izateak eta beste gai batzuk eztabaida-politikoaren erdian egoten dira. Hautagai eta hautesle askorengan ebidentzia zientifikoaren ukazio ideologikoa beren hautuaren erdigunean egoten da. Errepublikanoen artean bereziki gertatzen da fenomeno hori. Hortaz, ez da harritzekoa errepublikanoen artean hautesleen begirunea lortu nahi dutenak zientziaren ukazioaren olatuan surf egiten jardutea olatuaren jitoari so unean uneko txanparik egokiena hartzeko.

Rommey presidentegai errepublikanoa surflari iaio agertu da. Bere hautagaitza aurkeztu zuenean, 2011ko ekainean, argi eta garbi adierazi zuen bere ustez aldaketa klimatikoa gertatzen ari zela eta gizakiok genuela erantzukizuna. AEBtako kobazulo mediatikoaren erasoa jaso zuen. Urte bereko urrian aldaketa klimatikoa onartu arren, adierazi zuen horren erantzulea nor zen ez zegoela garbi eta bilioika dolar erabiltzea CO2 emisioak murrizteko ez dela biderik egokiena. Alabaina, errepublikanoen izendapena jaso ondoren 2011ko ekaineko jarrerara itzuli zen.

Zientziaren ukazioa AEBtako gizartean errotatutako fenomenotzat jo daiteke. Ez da beti horrela izan. Nazio horren fundatzaileak zientziazaleak ziren eta Thomas Jeffersonek berak, legegizona izanik ere, zientzialariarekiko oso interes bizia izan zuek. Nola gertatu da aldaketa hori? Historia jakingarria da.

Duela mende bat jo behar da atzera, eboluzioaren teoriari buruzko eztabaidetara. Garai hartan AEBko lehendakaritzarako hiru bider borrokatu zen William Jennings Bryan politikari demokratak (http://en.wikipedia.org/wiki/William_Jennings_Bryan), bere sinismen kristau sendoetan oinarrituta eboluzioaren teoriaren kontrako kanpaina sutsuak egin zituen, besteak beste. Hizlari trebea omen zen. Ez zuen lortu AEBtako lehendakari bihurtzea, baina eboluzioaren teoria Bibliaren kontrakoa zela aldarria hegoaldeko estatuetako jendeengan sustraitzea lortu zuen. Adibidez, Tennesseek lege bat onartu zuen ‘Biblian adierazitako Jainkoaren kreazioaren kontrako edozein teoria’ irakastea debekatzeko. Lege horren bidez, John Scopes Tennnesseeko irakaslea akusatua izan zen eta epaitegira eramana. Kasuak izugarrizko oihartzuna izan zuen garaiko AEBetako komunikabideetan eta Bryanek berak jokatu zuen fiskalaren papera (http://en.wikipedia.org/wiki/Monkey_trial). Kasuak iritzi publikoa fundamentalismoaren kontra jarri zuen eta, halaber, zientzialari gehienak alderdi errepublikanoaren alde. Hainbat buelta ematen ditu historiak!

Bigarren Mundu Gerrak ospea eman zion zientziari eta horrek ekarri zuen gobernu federala gero eta diru gehiago inbertitzea zientziaren eta teknologiaren garapenean. Jakina, mesede handia egin zion zientzia-sistemari, baina ustekabeko ondorio kaltegarria bat ere ekarri zuen. Zientzialariak plaza publikotik urrundu ziren, beren lanetan murgildu ziren eta engaiamendu soziala eta politikoa arazo bezala ikusten hasi ziren. Horrek fundamentalismo erlijiosoari agora okupatzeko parada eskaini zion. Era berean, arma atomikoaren mehatxuak gizakion etorkizunari jartzen zion Damoklesen ezpatak eta gizakiok bizitza manipulatzeko gero eta gaitasun handiagoak erraztu zuten fededunen artean fundamentalismoa errotzea.

Bestalde, teknologiaren erabilera desegokiak (euri azidoa, poluzioak eta gainerakoek) jakintza zientifikoaren alde iluna agerian utzi zuen. Industriaren jarrera arduragabeak agintari publikoek ingurugiro- eta osasun-legeak eta –arauak indartzea ekarri zuen. Horrek kontrako jarrerak bultzatu zuen industria kimikoan, petrokimikoan eta farmazeutikoan beren interes partikularrak defendatze aldera. Defentsa-modu bat ebidentzia ukatzea izan zen. Posizio horretan fundamentalista erlijiosoengan aliatu naturalak aurkitu zituzten erregulazioaren kontrako lobbyek. Batzuk sosak ipini zituzten, besteek tropa tematia. Horrela plaza publikoan pisu hartzea lortu zuten fundamentalistek eta zientziaren ukazioaren aldekoek.

Bestalde, post-modernismoak zientzia eta jakintza erlatibizatzeko joera ekarri zuen duela hamarkada batzuk. Ez dago egitate zientifikorik, iritzia baizik mugimendu horretako jarraitzaileentzat. Eta ideia horiek uste baino gehiago blaitu egin dute gizartea. Ez badago egia absoluturik eta bi aldeek arrazoia izan badezakete, biei eman behar zaie tokia. Horixe da hain zuzen ere, kreazionismoa eta darwinismoa batera irakatsi behar dela eskoletan diotenen argudio errekurrenteenetako bat. Oreka faltsua da hori, iritzia eta jakintza maila berean jartzen dituena.

Bada, kezkatzeko modukoa da anti-zientziak AEBtako gizartean hartu duen tokia. Zientziak eta bere aplikazioek bizitzaren gero eta esparru gehiagori zuzenean eragiten dioten honetan zientifikotik gutxi duten jarrera eta uste ideologikoek sozietatearen gidaritza eta jarduera politikoaren zentralitatea hartzea demokraziaren beraren oinarriari eragin diezaiokete. Neurri batean gogorarazten dit Estatuan politikoen kontra bultzatzen ari den jarrera soziala, gutxi batzuen interes partikularren mesedekoa baino izango ez dena, botere ekonomiko faktikoena hain justu.

Urrun irudi dakiguke egin berri dudan argazkia gure Europa zahar honetatik so, baina arazoa ez da distantzia geografikoarekin soilik sendatzen, batzuk pentsatzera tentatuta egon daitezkeen bezala, joerek errez gurutzatu izan baitute Atlantikoa atzera beste alor batzuetan.

Evolution

Categorized | Política, Sociedad

“LIKE”. Eduardo Nave
www.eduardonave.com
“LIKE”. Eduardo Nave
www.eduardonave.com
Alfredo Sabat, Argentina
Bonill, Ecuador
Eugenia Nobati, Argentina
Irene Singer, Argentina
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
“JAZZ for TWO”, José Horna
“JAZZ for TWO”, José Horna
"El origen del mundo" José Blanco
"El mal del país" José Blanco
Fotografía de José Horna
Fotografía de José Horna
"Lemoniz", Mikel Alonso

Autores