Maiatza 68 kantutegia

 

(Galde 21, 2018/udaberria). Joseba Zulaika.
Maiatza 68 zen eta Txabi Etxebarrieta eta Jokin Gorostidi autoz Donostiako bidean ziren. Txabik, ohi zuen bezala, Machinen boleroren bat abesteko eskatu zion Jokini. “Dos gardenias para ti” zuten faborito bat: “Dos gardenias para ti. Con ellas quiero decir: te quiero, te adoro, mi vida.” Bi militanteak maitemindurik zeuden.

Ordurako, euskal kanta berriaren garaia zen —Lourdesen “Gazte gara gazte”, Leteren “Maiteaz galdezka”, Laboaren “Egun da Santimamine”, Lertxundiren “Zenbat gera”. Baina Machin ere artean popularra zen Txabiren Bilbon. Che Guevara zen heuren heroia eta castrismoaren anti-kononialismoa heuren ideologia, baina iraultza aurreko Cubako Machin mulatoak ahots sensualez abestutako boleroak zetozen bat heuren bizitza sentimentalekin: “Cuando tú me besas”, “Anoche hablé con la luna”, “Espérame en el cielo”, eta holakoak.

Handik egun batzuetara, Gorostidirengana autoz zoazela Txabi eta Sarasketa, errepidean alto eman eta geroago Benta-Handin ekainaren 7ko fetxa fatidiko hartan lurrean zegoela, Txabiren sakelean piparekin batera Isabelen argazkia aurkituko zuten. Isabel ordurako beste norbaitekin ezkondua zegoen. Imanolek kantatuko zion karraxika “Lengo batean/ kalearen erdian/ Benta-Handi erdian/ Xabier anaia hil zuten.”

Aurreko udan gertatua zen Kalifornian summer of love bezala ezagutu zen uda beroa, ehun mila gazte San Franziskon bildu zituena, marihuana erre eta amodio librea praktikatzen.Euskal gaztediak militantziarako orduazuen. Imanolen kanta: “Eta nolazgu/ gu, eguneroko patxara merkean/ oso lasai bizi geran. . . / gure herria zapaltzen duten/ beste jende hoiek/ bihar ere/ berriro ere,/ beste bat hilko dute”. Eta beste hura: “Ez jaia, ez dantza/ herria lutoz dago.”

68ko amodiozko uda berean, Euskal Herrian milaka gazte seminario edo fraile eta monja konbentuetan birjinitatea suharki gordetzen saiatzen ginen, neu tarteko. Gure praktikak zilizioa eta auto-flajelazioak ziren.

San Franziskon hippy izan nahi zuten. Eta Pariseko 68an iraultza proletarioa eta sexuala zen helburu. Euskal gazteok ere urte hartan bagenituen gure desirak eta helburuak. Jean Genetek, literatura frantseseko printzeak, santu eta canaille bide batez zenak, idatzi zuen “santua” dela frantsez hizkuntzan dagoen hitzik ederrena. Ondo genekien hori zenbait gazte euskaldunok. Gure santutasun helburuak ez ziren baina jolas estetiko hutsak. Gurea tradizio monastiko zehatza zen, erdi harotik zuzenean zetorrena.

Heurentzat San Franziscon Beatlesak eta rock and rolla, Parisen L’Internationale; gurea gregoriano purua ere bazen, gaberdian maitinesetan hasi eta egunean zehar ordutik ordurakoak. Gauzak zailago egiteko, konbentuko paretak santu eta santa erotizatuaz estalita zeuden, trantze mistikoak irudikatzeko nonbait. Amodio libreak eta amodio iraultzaileak izango zituen beren gozamenak, nola ez, baina gure konbentuetan sexoak sortzen zuen izua, ikara, harridura, apokalipsia, eta beste gabeko misterium tremendus et fascinans hura, ez pentsa haren enigma eta gozamen debekatua gutxiago zenik.

Edo konbentu eta seminarioetan santutasuna, edo politikan martirioa: hauek ziruditen gure 1968ko alternatiba nagusiak. Garai batean Etxebarrietaren panfletoak Deustuko San Felicísimo konbentuan ziklostilatzen ziren; banuen nik fraile lagun bat, Euban filosofía irakatsi zidana, horrexegatik kartzelan urteak eman zituena. Seminariotik ETAra salto egindakoak gazte ugari izan ziren. Zubi nagusi bat bazen bien artean: bietan sexua izkutuan gordetzeko traba bat besterik ez zen, sublimaziorako aitzakia.

Etxebarrieta eta Isabelen kasua adierazkorra da. 1966ko udan ezagutu ziren. Abendu arte afera kartsu bat izan zuten, heuren eskutitzetan agertzen den bezala. Txabik maitasuna aitortzen zion Isabeli behin eta berriro, segidan barkamena eskatzeko. “Agian krudela naiz —neure burua suizidatzearren. . .” Amodio erotiko bat beste gabe gozatzea ezinezkoa zen; Isabel baino amodio altuagoak izateak kulpante egiten zuen.

Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua dakar gogora: emazte Mirenganako maitasuna ez zuen aski Leturiak, zeren “ene bihotzak zerbait Absolutoa behar zuen”. Emakumearenganako maite-mina behar maskulino heroikoaren sintoma beterik ez. Absolutoaren “amodio inposiblea” predikatuko du Leturiak, Aberrian finkatuko den Beste Handia. Unamuno eta haren bizitzaren zentzu tragikoa zegoen bai Txillardegiren eleberrian eta bai Etxebarrietaren bizitzaren atzean. “Kulpante naiz, bai”, aitortzen du Leturiak Miren abandonatu zuelako. Kulpante zen Etxebarrieta Isabel utzi zuelako. “Nere pekatuak maitasunez garbituko ditut”, dio Leturiak. “Eta zer da maitasuna? Bizitza ematea.” Miren gaixorik hilko da, Leturia suizidatu egingo da. Txabiren heriotza ere bere lagun ondokoenak suizidiotzat jo zuten. Baina Txabik Isabeli idazten jarraitzen du: “No sé llenar tu ausencia”, izenpetzen du poema bat. Bere kontroletik kanpo daude “las turbias arenas de tu vientre”, “donde el mar es la turbia escollera de amarte/ Allí donde la luz está sin tregua ante tus brazos.” Itxasoaren infinitoa da maitearen ordezkari bakarra: “Ahitarme de mar,/ llenar de olas y mareas/ el último rincón de mi cuerpo, por ti/ abandonado.” Hain urrun dago Isabel, hain ezinezko, eta bide batez desiotik hain hurbil: “porque eres criatura inconcebible/ y estás a punta de mis manos, sin embargo./ Inalcanzable./ Tu vida es otro mundo/ otro país.” “Maite zaitut” idatziko dio behin eta berriro. Denbora eta heriotza baino ere indartsuago den maitasuna: “De saber que muero esta noche/ te buscaría locamente;/ te auparía sobre mi muerte/ al país donde ha vivido mi amor por ti.”

Isabelekin amaitu ondoren Aberria da Etxebarrietaren egia bakarra: «Patria: Mar del río de mi sangre», «Tú eres mi único sentir inequívoco». Baina hil baino hilabete batzuk lehenago, Machinen boleroak Gorostidirekin autoan kantatzen zituelarik, bere azken poeman, “Me has hecho vivir con hondura”, honela idatzi zuen: “Con furia traspapelaría nuestras vidas/ A la marcha enorme de los cuerpos,/ Donde amarte me cubriera/ Como el mar se cubre a sí mismo, por entero.” Itsasoak. Aberriak. Infinitoak. Sabelak. Amodio ezinezkoak. Beste Handiak. Hirurogei ta zortzian mugida handiak bizi ziren Euskal Herrian. Aurreko urtean, sei hilabete luzeetan, Bandaseko langileen grebak zortzireun langile kale borrokan manteni zituen guardia zibilen aurka. Arantzazuko bilkura ere, euskararen estandarizazioa arautzeko lehen pauso erabakiorrak emango zituena, han goiko santutegian eta sotanadun fraile artean eman zen, Amabirjinaren kantuen oihartzunetan, 68ko udazkenenean. Bizkaian apaizak errebolta bizian ziren urte horretan. Azaroaren 1ean hirurogei bat abade Derion matxinatu ziren. Gogor izeneko diska kaleratu zuten, euskal meza, kanta herrikoi eta zenbait bertsoekin. Hauetako bat: “Iñok nai ba´dau gu Deriora/ zertan gatozen aditu,/ agonian ta preso dagoen/ Erriak biladu gaitu./ Pazientzia agortu yaku/ ta ezin geiago sufritu.” Apaiz hauetako batzuk hurrengo udaberrian Zamoran amaituko zuten. Han erein zen Amurizaren bertsogintza berria.

1968an Xabier Gereñoren Cinsa diskaetxeak ahots harrigarri bat kaleratu zuen: Estitxu: “Orain nik e badut eskualdun makila!”1968an argitaratu zuen Arestik Euskal harria; haren “oskorria” Oskorri bihurtuko zuen laister Natxo de Feliperen taldeak: “Irrintzi bat entzun dugu/ezpataren aurrean/ oskorria zabaltzen da/ euskaldunen lurrean”.

Urte berean argitaratu zuen Letek Egunetik egunera orduen gurpilean. Lete abeslariak “Ai poeta” kantatzen zuen besteak beste eta Krutwigen “Bihotza”: “Munduak gezurra diotsu, bihotza./ Gezurra bere argi indarrez”. Imanolek eta Paco Ibañezek ere gogoko zuten kanta eta behin Bilbon elkarrekin abesten Arriagan entzun nien. Azken bertsoak zion dena: “Jainko gorde hoiek,/etzaituztet gurtzen nik,/ zuek ere hilkorrak zerate,/ eta ezerezera, ziurki zoazte,/ ezer ez bai zerate.”

Mende erdi lehenago idatziak ziren hitz horiek. Baina Imanolek, Xabier anaiaren errepideko odolakantatu zuen Imanol berak, bihotzaren gezurrak zenbaterainokoak diren agertzeko, lau mende lehenago Gurutzeko Joan Doneak idatzitako poemara joko zuen bere Barne-kanta hartan, Karlos Gimenez pianoan, auto-exiliora hiltzera joan aurretik: “Nun zaude kuku, Maite?/ Emen nuzu mingulin./ Oreiñak antzo, jota/ nadukazu maitemin./ Atzetik oska nuzu, ta Zuk neri aldegin”.

Mende erdi lehenago suertatu zen 68ko maiatza gertakizun. Urte horretan Beatlesak LP zuria kaleratu zuten, besteen artean “Revolution” eta “Obladi-Oblada” zituenak, eta Harrisonen “Nire kitarra negarrez leun darion bitartean”. Mende erdi horretan eman du bere bizitza nere belaunaldiak. Dostoievski zuen gogoko Etxebarrietak. Karamazov anaien parrizidioa bizi izan genuen, aita gabe konpondu beharra. Ez genuen ikasi bereizten Walter Benjaminen “biolentzia mitikoa” eta “biolentzia dibinoa”.

68ko iraultzaileek azkenean maisu/agintari berri bat nahi zutela, zioen Lacanek. Ekintzak ez duela bere arrazoia ezagutzen, zioen. Eta iraultzak ezin duela subjektua bere esklabutzatik askatu. Gure euskal belaunaldiak ere ekintza zuen grina eta iraultza agindu. Jainko gordeen Beste Handietatik askatzea zen egitekoa. Oraindik ere hala da. Oraindik ere iraultza gizartean eta norberagan egiteko sasoia ez da pasatu. Duela mende erdi erraza zen Laboarekin Brechten hitzak abestea: “Lilurarik ez/ ez dago itzultzerik/ eguna atean dago/ haize hotza dakar/ ez da izango beste goizerik.” Gaur lilura gabe bizitzea besterik ez zaigu gelditzen, ze “bizitza da haundiena/ galtzea litzake galtzea dana.”

 

Categorized | Dossier, Política

Txema García
Eugenia Nobati, Argentina
“JAZZ for TWO”, José Horna
Sebastião Salgado
Txema García
Sebastião Salgado
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
Sebastião Salgado
"El origen del mundo" José Blanco
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
Inmigrantes rescatados por salvamento marítimo
Refugiados sirios: Mujer cocinando
Txema García
"Lemoniz", Mikel Alonso
Txema García
Txema García
“JAZZ for TWO”, José Horna
Fotografía de José Horna
"El mal del país" José Blanco
Irene Singer, Argentina
Porteadoras
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
“LIKE”. Eduardo Nave
Fotografía de José Horna
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
Sebastião Salgado
Bonill, Ecuador
Alfredo Sabat, Argentina
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
“LIKE”. Eduardo Nave

Autores