Trump Dorrea

 

(Galde 16, udazkena/2016). Mikel Reparaz.
Manhattango Bosgarren etorbidean, Tiffany’s eta Gucci artean, Trump Tower dago. Hauteskundeen biharamunetik AEBtako Zerbitzu Sekretuak eta New Yorkeko poliziaren barrikadek inguratuta daukate. Kristalezko dorrearen gailurrean bizi da Trump familia, eta bertan daude Trump konpainiaren bulegoak, baita Trump taberna, Trump arropa-denda eta Trump jatetxea ere. Beste altzari asko bezala, eraikinaren igogailuak urre kolorekoak dira, eta Donald Trumpek hauteskundeak irabazi dituenetik ez dute atsedenik hartu. Gora eta behera etengabe. C-SPAN telebista kateak kamera bat ere jarri du igogailuaren ate aurrean, 24 orduz handik nor pasatzen den kontatzeko.

Militar uniformatuak, enpresario bilioidunak, AEBko ultraeskuinaren aurpegi ezagunak. Askotan ez dago argi Trumpekin negozioak egitera edo inperioaren etorkizunaz hitz egitera datozen. Baina zenbait kasutan gobernuko idazkari, Etxe Zuriko aholkulari edo enbaxadore tituloaz irten dira urrezko igogailuaren ateetatik. Armadako jeneral kondekoratuak Defentsa, Segurtasun edo Barne idazkari posturako; enpresario bilioidunak Lan idazkaritzarako; Wall Streeteko kapitalistak Merkataritza edo Altxor Publikoa kudeatzeko, eta ultraeskuin arrazistaren aurpegi ezagun eta ez hain ezagunak Etxe Zuriaren estrategia bideratzeko.

Sistema hankaz gora jarriko duelakoan, Slavoj Žižeken hitzak erabiliz “Trump paradoxaz” aritzen direnak presidente hautatu berriaren dorreko mezzaninean dagoen Starbucks kafetegian zerbait hartzera gonbidatuko nituzke, boterearen desfile hori lehen lerrotik ikusi dezaten (bertatik ezkaratzea eta igogailuen bista dezentea dago). “Hillary Clinton okerragoa zen”, diotenak gonbidatuko nituzke, bereziki. Trumpek kanpainian zehar “faxismo klasikoaren gidaliburua” erabili duela dio David Romo historialari mexiko-estatubatuarrak: beldurraren eta kaosaren estrategia, barne eta kanpoko etsaiaren mehatxuarena, gezurra eta desinformazioarena. Eta orain arte hartu dituen erabakiek ez dute estrategia aldaketarik erakusten. Clintonen kritiko gogorrenetakoa izan den Noam Chomskyk Žižeki erantzun dio onartezina dela ezkerretik Trumpen garaipena albiste ona dela esatea. “Clinton ez dut batere atsegin, baina bere jarrerak Trumpenak baino zentzuzkoagoak dira bururatzen zaizkidan gai guztietan”, esan du Chomskyk.

Jakina, Clinton Irakeko inbasioaren babesle ideologikoa izan zen, neocon korrontearen jarraitzailea nazioartean, Wall Street eta Davoseko elite neoliberalaren adiskidea, hedabide nagusien faboritoa, bai. Eta primarioetan Alderdi Demokratarenmakina boteretsua martxan jarri zuen bere aurkari Bernie Sandersen aurka, hautagaitza arriskuan ikusi zuenean. Ekaitzaren ostean, inor gutxik jartzen du orain zalantzan Sandersek Trump garaitzeko aukera handiagoak zituela. Baina Clintonek misio historikoa zuen eskuartean, AEBtako kristalezko sabaia hautsiko zuen lehen emakumea baitzen, eta horretarako alfonbra gorria baino ez zuen behar. Egiari zor, botoemaleen babes zabala jaso du Clintonek, Trumpek baino bi milioi eta erdi bozka gehiago (haien artean Sandersen milioika jarraitzailerenak). Baina ez ditu hauteskundeak irabazi, hautagai errepublikanoak estatu eta konterri zehatzetan behar zituen babes zehatzak kirurgia doiaz orraztu dituelako. Eta horrela irabazten dira hauteskundeak AEBtan.

Ez Chomskyk bakarrik. Occupy Wall Street edo Black Lives Matter bezalako mugimenduek ere #NotMyPresident protestekin bat egin dute, presidente errepublikanoaren aurka. Hemendik, AEBtako gizartearen bihotzetik, gauzak oso ezberdin ikusten direlako. Arrazakeria eta xenofobiaren mamu guztiak esnarazi eta merkatu librearen aurka egin badu ere, Trump ez delako inondik inora presidente anti-sistema izanen. AEBtan 1787tik indarrean izan den errejimen politikoa bi alderdi-zutaberen gainean eraikitako sistema federal presidentzialista da, eta Trumpek Alderdi Errepublikanoa ordezkatzen du, sistemaren bi hanketako bat. Eta hor amaitzen da bere antisistematasuna. Horregatik, Jill Stein Alderdi Berdeko hautagaiak ezin izan dio Bernie Sandersi lekukoa hartu, ezkerreko botoemale askok bere alde egin badute ere. Finean, Philadelphiako konbentzio demokrata gatazkatsuaren biharamunean Naomi Kleinek aldarrikatu “Sandersen mugimendu sozial berria” sistemaren handitasunean disolbatu da, trumpismoaren aroan. Etxe Zuria hatz puntekin ukitu duen lehen sozialistak berak aitortu du hori nolabait, AEBtako “progresismoaren agenda eraberritzeko” deia egin duenean, “Our Revolution: A Future to Believe In” bere testamentu politiko argitaratu berrian (Bernie Sanders, Macmillan, 2016ko azaroaren 15a). Alegia, Clintonen estrategiak eta, ondorioz, Trumpen garaipenak AEBtako ezkerra bere lekura itzuli dute. Sistemaren periferiara hain zuzen.

White Rage” edo Zurien Amorrua

Manhattango Trump Dorretik kotxea hartu eta pare bat ordu baino ez dira behar beste planeta batera salto egiteko. Baina Pennsylvania, Ohio, Michigan edo Wisconsin estatuetan gertatu dena Europako hainbat eskualde industrialetan izan den bilakaeraren antzekoa da neurri batean. Great Recession edo Atzeraldi Handiaren ostean eskuin muturraren mezua gasolina lorratzak bezala zabaldu da langileen artean. “Amorruaren aroa” Tea Party mugimenduak mustu zuen 2010eko hauteskunde legislatiboetan. Eta, sei urte beranduago, orduko buruzagi fundamentalista erradikal haiek establishment moderatuenaren ordezkari ematen dute Trump sumendiaren magalean. Texaseko Ted Cruz edo Floridako Marco Rubio senatariak trumpismoaren biktima handienak izan dira, “Washingtoneko politiko profesionalak” direlako.

Hauteskundeetan giltzarri izan diren estatuak ez daude Hegoaldeko “Bibliaren Eskualdean” edo Mexikoko mugaren ondoan. Benetako Trumpland garai batean AEBtako mugimendu sindikal indartsuaren gotorlekuetan dago. Meatzariak edo altzairu-fabriketako langileak izan dira Trump Etxe Zurira eraman dutenak. 62 milioi boto jaso ditu, Romney edo Bush hautagaiek 2012an eta 2004an bezala. Haietarik %58 zuriak dira, horretan ere ez da boto errepublikano tradizionala aldatu, baina datu batek dena hankaz gora jarri du oraingoan: Obamak bi aldiz irabazi zituen ia 300 konterritan Trumpek garaipen argia lortu du. Konterri horiek Pennsylvania, Ohio, Michigan edo Wisconsin estatuetan daude, besteak beste. Baina ekonomiak, depresioak eta langabeziak ez dute dena azaltzen. Carol Anderson Emory unibertsitateko irakasleak izena jarri dio atzean dagoen fenomenoari: White Rage edo “Zurien Haserrea”.

Zergatik daude estatubatuar zuriak hain suminduta? 2008an Barack Obamaren garaipenak aro berria ireki zuela kontatu genuen askok Chicagoko Grant Parketik hauteskunde gau hartan. Arrazaren hormak eraitsi eta herrialde berri baten aurrean geundela sinetsi genuen. Baina lehen presidente beltzak gizartea inoiz ez bezala zatitu duela ere egia da. Eta haustura horrek arrazaren orban zaharrak urratu ditu berriz ere, odoletan utzi arte, Fergusonetik Baltimorera. Hirietatik urruti, Ipar Amerikako “paradisu zuria” Latinoamerika, Asia edo Ekialde Hurbiletik etorritako etorkinek aztoratu dute azken urteotan, lehen ez bezala. Nancy Foner soziologoak aspaldi ohartarazi zuen arraza aniztasuna hirietatik landa eremuetara eta herri txikietara iritsi izanak ondorio politikoak ekarriko zituela. Eta hemen daude ondorio horiek.

Breitbart edo InfoWars bezalako hedabide “alternatiboak” jarraitzea baino ez dago fenomeno hori ulertzeko. Alt-Right izena jarri dio Richard Spencer neonaziak eskuinaren iraultzari, sare sozialen aro digitaletara moldatu nahian, baina ez da gauza berria. Kobazulo ilunetan ezkutatuta ibili diren Ku Klux Klan, supremazista zuriak edo zombie naziak argitara irten dira. Eta haien ahotsa lau haizeetara zabaldu duen Stephen Bannon ideologoak Trump Dorrean du orain egoitza. Presidente hautatu berriaren Estrategia-buru berria da.

Make America Great Again” da haien goiburua. Eta jarraitzaile trumpistei Amerika hori nolakoa den galdetuz gero ia denek erantzuten dute: Ronald Reagan presidentearena. Reaganek XVII. mendeko John Withdrop kolono puritanoaren metafora famatu egin zuen: “Mendiaren gailurrean altxatzen den hiri distiratsua da Amerika”. Gizatediaren itsasargia. Esaldi hori irakurri dudanero niri Manhattan etorri izan zait burura: “Alexandria garaikidea”. Baina orain badakit Tiffany’s eta Gucci artean, Bosgarren etorbidean dagoen kristalezko dorre baten gailurra dela benetako faroa, eta bertara urrezko igogailuetan iritsi ahal dela.

Categorized | Internacional

“LIKE”. Eduardo Nave
www.eduardonave.com
“LIKE”. Eduardo Nave
www.eduardonave.com
Alfredo Sabat, Argentina
Bonill, Ecuador
Eugenia Nobati, Argentina
Irene Singer, Argentina
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
“JAZZ for TWO”, José Horna
“JAZZ for TWO”, José Horna
"El origen del mundo" José Blanco
"El mal del país" José Blanco
Fotografía de José Horna
Fotografía de José Horna
"Lemoniz", Mikel Alonso

Autores