(Galde 17, negua/2017). Inaki Irazabalbeitia.
Mediterraneo ekialdeko irla hau birbateratzeko elkarrizketak egiten dihardute komunitate greko-zipretarraren eta turko-zipretarraren ordezkariak. Gorabeheratsuak gertatzen ari dira eta nazioarteko agente batzuek presa dute lehenbailehen emaitza batera ailega daitezen. Gaia konplexua da, erpin askotakoa. Nola ailegatu da egoera puntu horretaraino?
Zipreren historiari erreparatuta entendi daiteke nola garai batean armonian bizi ziren bi komunitate elkarri bizkarra emanda bizi diren orain. Garai viktoriarrera egin behar dugu atzera, britainiar inperioa sendotzen ari zen hartara. 1878an Otomandar inperioak irla Britainia Handiari eman zion. Erresuma Batuak plataforma estrategiko inportantea lortu zuen Mediterraneoaren ekialdean.
Zipre betidanik kultura grekokoa izana zen, baina XVI. mendean otomandarrek konkistatu ondoren jatorri turkiarreko populazioa asentatu zen bertan gutxiengo bat osatuz. Greziatik urrun bertan ez zen piztu XIX. mendean kontinentean eta Kretan piztu zen independentziarako grina.
Hori horrela gerta zedin Zipreko gizarte-egiturak izan zuen eragina. Eliza ortodoxoak Greziako beste inongo irletan ez zuen estatusa zuen. Zipreko artzapezpikuak Konstantinoplako, Antiokiako edo Alexandriako patriarken maila bera zuen. Otomandarrek beraiek ere komunitate grekoaren buru moduan hartu zuten. Britainiarren garaian ere eskola-sistemak elizaren menpe jarraitu zuen. Ondorioz irlaren bizitza kontserbadorismo moral eta politiko batean murgilduta zegoen. Hala ere, 1920ko hamarkada erro sendoak bota zituen AKEL izeneko alderdi komunistak.
Kuestio nazionala Bigarren Mundu Gerraren ostean piztu zen. Zipretarrek beren burua grekotzat harturik Greziarekin lotzea zuten asmoa. Enosi zeritzon prozesuari. 1950ean Elizak autodeterminazio-erreferendum bat antolatu zuen elizetan. Emaitzak enosia babestu zuen, Grekoen % 96ak alde bozkatu zuen, irlako populazioaren % 80k alegia.
Britainiarrek ez zioten garrantzirik eman; destainatu egin zuten. Alabaina sua piztuta zegoen. Erreferenduma egin eta bost hilabeteetara ekimenaren burua Zipreko artzapezpiku bihurtu zen eta Makarios III.a izena hartu zuen. Hurrengo urteetan enosiaren aleko mugimendua antolatzeari ekin zion irlan. Atzerrian, Atenasen bereziki, Zipreko autodeterminazioaren auzia NBEa eramana izan zedin lobby-lanak sustatu zituen. Londresek ez zuen Zipreren autodeterminazioa inondik inora nahi, petrolio-hornikuntza bermatzeko base estrategikotzat jotzen baitzuen.
Blokeo-egoera horrek armak hizketan hastea ekarri zuen ezinbestean. 1954an Makariosek bilera bat egin zuen Greziako armadako koronel erretiratu batekin, George Grivasekin, borroka armatua abian jartzeko. 1955eko apirilaren 1ean lehen bonbek egiten dute eztanda. EOKAk, Grivasen erakundeak, hartu zuen erantzukizuna beregain. Herritarren babes osoa izan zuen gerrilla-gerra abiatu zen britainiarrek menperatu ahal izan ez zutena. Aldi berean kaleetan masak autodeterminazioaren alde mobilizatzen ari ziren.
Britainiarrak errepresio gogorrari ekin zioten. Makarios deportatu zuten, manifestazioak debekatu zituzten, eskolak itxi eta sindikatuak legez kanpo utzi. Aldi berean potentzia inperialista gutxiengo turkiarra hasi zen usatzen enosiaren kontra. Turkiarrak populazioaren bostena ziren. Itxura batean, EOKAko kideek argi zuten ez zutela gutxiengo turkiarra eraso egin behar. Kolaborazionista grekoak eta polizia ituak ziren ordea. Horrek ekarri zuen grekoek polizia uztea eta autoritate kolonialak turkiar komunitateko kideez ordezkatu zituen. Turkiarrak makineria errepresiboko ezinbesteko laguntzaile bihurtu ziren. Horrek, bi komunitateen arteko lubakia ekarri zuen, ordura arte esistitzen ez zena. Bien bitartean, Turkiak, britainiarren konplizitatearekin, TMT izeneko talde armatua sorrarazi zuen.
Irla bi komunitateen artean partitzea bere interesetarako egokia izan zitekeela pentsatzen hasi zen Britainia Handia. Turkia ados jakina, baina ideiak ez zuen aurrera egin AEBk ez zutelako begi onez ikusi. Grezian haserre handia piztu zitekeela eta NATO uzteko tentaldia egon zitekeela zen AEBren kezka. Gerra Hotzean geunden!
1959an zehar Britainia Handiak, Greziak eta Turkiak irlaren etorkizuna negoziatu zuten Zurichen. Independentzia ebitaezintzat ikusi zen, baina independentzia kontrolatua izango zen: Turkiak eta Greziak bertan tropak izateko aukera izango zuten, epaitegi goreneko presidentea atzerritar bat izango zen, turkiarrek betoa ezartzeko presidenteordea izango zuten, greziarrek eta turkiarrek zerrenda separatuak izango zituzten parlamentuko eta udaleko hauteskundeetan, funtzionarioen % 30a eta indar armatuen % 40a turkiarrak izan behar zuten eta zergak onartzeko bi komunitateen aldeko boto berezia behar zuten. Hitzarmen honek beste bi hanka zituen. Britainia Handiak base militar subiranuak izateko eskubidea zuen. Halaber, eranskin sekretu batek zioen Zipre NATOn sartuko zela eta AKEL alderdia legez kanpo utziko zela. Akordioak AEBren babesa izan zuen. Bestalde, Turkiak, Greziak eta Britainia Handiak militarki interbenitzeko eskubidea gordetzen zuten. Tratuak Turkiaren posizioa indartzen zuela ez dago dudarik.
Errealitate horren aurrean paratuta Makariosek onartu egin zuen eta Zipre independentearen lehen presidente bilakatu zen. Presidente moduan, ordea, ez zituen Zuricheko akordioak osotasunean bete. Zipre ez zen NATOn sartu eta ez zuen AKEL legez kanpo utzi. Kanpo-politikan gainera ibilbide propioari ekin zion. Lehen bisita ofiziala Nasserri egiten dio Kairon, bigarrenean Titok antolatutako Lerrokatu Gabeko Estatuen konferentziara doa eta hirugarrenean Indiara doa Nehru topatzera.
Irlan egoera ez zen ona. Britainiarren errepresioan turkiarrek jokatutako paperak bi komunitateen arteko liskarrak piztu zituen. 1964an lehertu zen egoera. Greziarrak izan ziren biktimario handienak. Makariosek ez zuen jakin aurreikusten eta zigortzean huts egin zuen. Turkiak irla inbaditzeko imintzioa egin zuen, baina Johnson presidentearen gutun batek seko geldiarazi zituen asmoak. Biolentziak 364 turkiarren eta 174 grekoen heriotza ekarri zuen eta baita 109 herrixka turkozipretarren edo mistoen suntsiketa ere. Turko-zipretarrak barrundietan bisitzen hasi ziren. Makariosek errepublikaren egitura aldatu zuen eta Nikosia Lerro Berdearen bidez zaitu zen Nazio Batuen kasko urdinak zabaldu zirenean.
AEBk ez ziren Makariosekin fido bere kanpo-politika independentea zela eta. Greziako gobernua presionatu zuten, Britainia Handiaren adostasunarekin. Costa Grivas Ziprera itzuli zen Guardia Nazionalen burua hartzeko. Bere helburua klarua zen, Makariosen autoritateari azpiak jatea.
1967ko apirilean Grezian estatu-kolpea jazo eta koronelak boterera iritsi ziren. Nazionalismo greziarra indartu zen eta Grivas babestuta sentitu zen erasora pasatzeko. Bi herrixka turkiar estrategikori eraso zien. Turkia mobilizatzen hasi zen Zipre inbaditzeko. Une horretan 10.000 soldatu greko zeuden irlan. AEBk ez zituen NATO bi kideren arteko gerrarik nahi. Atenasko junta konbentzitu zuen soldaduak irlatik erretiratzeko eta beraiekin Grivas joan zen. Tentsioa baretu zen eta Makariosek bere autoritatea indartu zuen. Handik gutxira egin ziren elekzioetan Makariosek aise bentzutu zuen.
Hurrengo urteetan gauzak ez ziren errazak izan Makariosentzat eta Ziprerentzat. Greziako junta militarrak traidoretzat jotzen zuen enosiaren ideia bazterrean utzi izanagatik eta, are gehiago, komunismoaren Troiako zalditzat jotzen zuten. Makarios hiltzen behin baino gehiagotan saiatu ziren eta, azkenik, 1974ko uztailaren 15ean estatu-kolpe bat bultzatu zuen koronelen juntak. Makariosek Zipre utzi behar izan zuen eta bere ordez enosiaren aldeko Nikos Sampsonek hartu zuen presidentetza. Bost egun geroago Turkiak Zipre inbaditu zuen, estatu-kolpea Zuricheko akordioak haustea zela iritzita. Irlan base militar handiak eta tropa ugari zituen Britainia Handiak beste aldera begiratu zuen eta turkiarrei egiten utzi zien. Kasualitatea edo, Londresen laboristak zeuden gobernuan eta Turkian internazional sozialistako bere kideak.
Turkiak lurralderen % 37a konkistatu zuen bi olde desberdinetan. Milaka herritar desplazatuta gertatu ziren eta beren jabegoa galdu zuten. Are gehiago, ondorengo urteetan Turkiatik etorritako kolonoak asentatu ziren Irlaren iparraldean. Ondorioz, inbasioak are gehiago zabaldu zuen bi komunitateen arteko lubakia. 1983an Iparraldeko autoritateek Ipar Zipreko Errepublika Turkiarra aldarrikatu zuten, Turkiak bakarrik errekonozitu zuena.
Zipreren historiaren ondorengo mugarria Europako Batasunean sartze-prozesuarekin gertatu zen. 1990 Ziprek Europako Batasunean sartzea eskatu zuen ofizialki. Eskaera onartu zen, baina Batasunak ez zuen praktikan deus egin. Une hartan, hiru urte lehenago sarrera eskatutako Turkiarekin negoziatzen ari ziren eta Zipreko egoera harri bat zen bidean. Ankararekiko harremanek une gozoa bizi zuten.
Alabaina, Batasunak Turkiarekin aduana-batasuna sinatzear zegoela Greziak betoa ezarri zuen. Arazoa desblokeatzeko eta Greziaren betoa kentzeko EBk Ziprerik agindu zion atxikimendua 1998rako.
EB ez zegoen eroso irlaren partizioarekin, Turkiarekiko harremanak gaiztotzeko eta Greziako balizko betoak justifikatzeko aukera ematen zuen. AEBak posizio bera zuten. 1999ko udan, G8ko bilera batean, Britainia Handiak eta AEB ebazpena bultzatu zuten NBEri eskatuta babes zitzala Zipreko bi komunitateen arteko elkarrizketak egoera bideratzeko asmoarekin. Seguritate Kontseiluak oniritzia eman zion eta Kofi Annan jarri zuten prozesuaren arduradun bezala. Zipreko subiranotasunaren gainetik pasa ziren, berriz ere, nazioarteko potentziak.
EBk helburutzat zuen irlaren batasunaren auzia Zipreren sarrera onartu baino lehen bideratuta egotea. Horrela beste balizko arazo bati aurre hartzen zitzaion, Ziprek Turkiaren sarrerari egin zekion beto hipotetiko bat neutralizatzen baitzen. Ez zen posible izan eta atzenik EBk 2004ko maiatzaren 1etik aurrera Zipre Batasuneko kide moduan onartu zuen Maltarekin eta Ekialde Europako beste zortzi estaturekin batera. Atxikimenduak bazuen bitxitasun bat. Irla osotasunean kontsideratzen da EBren kide bezala, baina Iparrraldean acquis communautaire delakoa ez da aplikatzen.
Bien bitartean Annanek bere lana egiten ziharduen. Asko kostata 2004ko martxoaren 31ean planaren bosgarren bertsioa ontzat jo zuten parteek eta apirilaren 24rako onartzeko erreferenduma deitu zen; EBko sarrera baino astebete lehenagorako. Komunitate turkiarrak baiezkoa eman zion, baina komunitate grekoaren % 78ak ezezkoa eman zion. Bateratze-prozesua hil zen eta horrekin batera EBren desioak.
Annan V planaren arabera Zipreko Errepublika Zipreko Errepublika batua bihurtuko zen eta sistema federal moduko batean antolatuko zen. Estatu turko-zipretarrak irlaren gainazalaren % 28,5a izango zuen eta Estatu greko-zipretarrak gainerako % 71,5a. Era berean, bandera eta himnoa aldatu egingo ziren. Bi ganbera izango zituzkeen estatu berriak. Behe-ganberan turkiarrek ordezkarien % 25a izango zuketen eta goi-ganberan % 50na banatukoz iren eserlekuak bi komunitateen artean. Ez zen presidenterik egongo, baizik eta 4 grekoz eta 2 turkiarrez osatutako kontseilu eragilea eta horren burutza errotazio-sistema baten bidez partekatuko zuketen bi komunitateek. Halaber, biek beto legislatiboa jartzeko eskubidea zuten.
Planaren punturik eztabaidagarriena lurraren jabegoa zen. Partizioa baino lehen grekoek iparraldeko lurren % 90aren jabegoa zuten eta etxeak uztera behartu zituzten. Gauza bera gertatu zitzaien turkiarrei. Hori medio, greko-zipretarrentzat lurraren auzia konponbiderako gordiar korapiloa zen. Annan V planak proposaturiko konponbideak ez zituen asebete. Planak proposatzen zuen kostaldea % 50ean partitzea bi estatuek. Hori onartezina zen grekoentzat.
Egoera desblokeatu zen 2008an AKELeko Dimitrid Christophias-ek Ziprek presidentetza eskuratu zuenean. Komunitate turko-zipretarrari birbateratzea helburu izango zuen elkarrizketak proposatu zion eta hark onartu. 2013aren hasiera elkarrizketak eten ziren Zipreko presidentetza aldaketak gertatu zirelako.
Alabaina, 2014ko otsailaren 11an bi komunitateetako buruzagiek, Nicos Anastasiades-ek eta Dervis Eroglu-k adierazpen bateratu bat sinatu zuten irlaren bateratzearen alde. Elkarrizketei berrekin zitzaien berriz ere.
Zazpi kapitulu nagusi dituzte negoziaziogai: gobernantza eta botere banaketa; Europako Batasuna; ekonomia; atzerritarrak, immigrazioa eta herritartasuna; jabegoa; lurraldea; eta segurtasuna eta bermeak. Bi urte hauetan lehen sei kapituluetan adostasunak lortu dira, bereziki greko-zipretarrek hainbat puntutan amore eman dutelako. Jabegoaren kapituluan desadostasun nabarmenak daude. Segurtasuna eta bermeak ez dira artean eztabaidatu.
2016ko udazkenean, duela hamabi urte bezala jabegoan egin zuen estropezu prozesuak. Elkarrizketa eten egin zen turko-zipretarrek iritzita komunitate grekoak gehiegizko eskakizunak egiten zituela jabegoaren gaian eta, gainera, nolabait botere-banaketaren gaiarekin lotu nahi zutela.
AEBren eta EBren presioz negoziazioari berrekin zioten bi parteek. Horretan dihardute testu hau idazten ari naizen unean. Iturri grekoek salatzen dutenez asmoa egon omen daiteke akordioa lotzekoa bi komunitateen gobernu-buruen artean eta herritarren berrespena saihestekoa. 2004ean jazotakoa ebitzatzea izango litzateke helburua. Susmo hutsa ez da, itxura batean. Izan ere, Zipreko artzapezpiku Krisostomosek bere eguberriko mezuan Zipreko presidente Anastasiadesi abertitu egin zion irlaren egoera politikoaren konponbiderako ezein proposamen herritarrek erreferendum bidez berretsi behar zutela.
Testuinguru geopolitikotik ez da dudarik Zipreko egoera egoki bideratzeak ekialdeko Mediterraneoan tentsio-guneetako bat baretzea ekarriko lukeela eta EBri berari buruhauste bat kenduko liokeela. Akordioen horiek eduki posibleez ez dut juzkurik egingo. Alabaina, ene aburuz konponbide horrek bi baldintza minimo bete beharko lituzke. Batetik, NBE Zipreri buruz hartu dituen erresoluzioak betetzea non Turkiako tropak irlatik erretiratzean behin baino gehiagotan demandatu baita. Bestetik, Zipreko herritarrek lortutako akordioa erreferendum bidez berrestea. Baldintza demokratiko minimoak dira horiek, nik uste.