Galde 19 (uda/2017). Lourdes Oñederra.
Nahiago nuke beldurra baino sentimen boteretsuago bat adieraziz hasi. Baina beldurra zait nagusi. Egia da, egunkaria irakurtzen ari nintzela, behin, hona dakarkidan gaiaren inguruko notiziaren ertzean, “ze nazka” idatzi nuela rotuladore berdez.Irailaren azken astean gure Fakultateko ikasleek ere “nazkatuta gaude” zioten kartel ikusgarriak zintzilikatu zituzten sarrerako zutabeetan eta barruko eskaileretako paretetan). Egunkarian “ze nazka” idatzi nuenean uda zen, oporretan nengoen eta horixe sumatu nuen: nazka, haserrea.
Egunkariak zioen Gipuzkoan iazko bortxaketa kopurua bikoiztu egin zela abuzturako eta, oro har, erasoak ia ehuneko hogeita hamarrean igo zirela. Ondoko egunetan, hilean zehar Gasteizko, Donostiako eta Bilboko jaietan izandako emakumeen kontrako erasoen berri iritsiz joan zitzaigun.
Bortxaketa eta erasoen sarritze hori itxurazkoa liteke; salaketa gehiago egoteagatik izan daiteke noski kopurua igotzea estatistiketan. Izan dadila. Izango ahal da! Kontsolamendu eskasa da, halere. Alegia, hala bada, emakumeek egin dute aurrera: orain salatu egiten dute batzuek behintzat, lehen baino gehiagok… Baina arazoak hor dirau. Gizonak, ez guztiek baina bai gehiegik, eraso egiten dio emakumeari: bere gogoaren kontra ukitzen du, bortxatu egiten du, min ematen dio hori lortzeko, neurtu gabe, hiltzeraino batzuetan. Zer du arren zakil madarikatuak horrela jabetzeko gizonezkoaren izaki osoaz bere sartu beharrean, bere agindu eta inposatu behar horretan? Zer nazka, benetan. Zer nazka eta zer beldur!
Bai, hala da, beldurra ematen du gure herrietan, gure kaleetan, gure jaietan halako zerbait gertatu denarenberri jakiteak. Gutako batzuei inoiz izandako erasoen beldur ustez gaindituak berpizten zaizkigu nahigabe. Beldur berriak sortzen zaizkie beste batzuei, inoiz erasorik izan ez dutenei.
Beldurra gainditzeko, geure buruak behartu behar izaten ditugu leku bakartietatik pasatzera, ohitzeko berriz ere, enpirikoki jakiteko gurutza daitekeela parke bat gauez eta bakarrik. Halaxe ohitzen dira zaldiak zerbaitegatik beldurtzen dituzten bideetatik aurrera egiten: fisikoki pasatuz, erakutsiz praktikan ez dela ezer gertatzen, fida daitezkeela gainean duten zaldunaz, ez dituela arriskuan jarriko. Horretarako lortu behar da obedi dezaten, gainean duten gizakiak agintzen dien pasabidean zehar egin ditzaten pausuak. Berdin emakumeok obeditu behar diogu gure alderdirik kementsuenari, gure askatasun eta berdintasun gogoari, gorputzak beldurra gainditu behar du buruaren aginduz.
Ez da erraza eta arriskua benetakoa dela jakiteak burua bera ere atzentzen du.Nik behintzat onartu behar dut behin baino gehiagotan nire ibilaldi bakartietan bake-gogoaren eta beldurraren arteko gatazkan, bigarrenak irabazten duela eta jendea dabilen bide eta pasealekuen alde egiten dudala. Ez, ez gara erabat libre oraindik emakumeok munduaren lurralde aurreratuenetan ere, hiri pribilegiatueneetan ere.
Lerro argitsuagoekin amaitzeko, ezin Katalunia ukitu gabe utzi. Ai, ama: badatozkit bada bestelako beldur batzuk hortik ere… baina ez naiz horretan sartuko (ia). Emakumeen harira segituko dut: gora Manuela Carmena eta gora Ada Colau. El Intermedio saioan Gran Wyoming eta Sandra Sabatésekin izandako elkarrizketa ikusi zenutenek ulertuko duzue zertaz ari naizen. Carmenak eta Colauk bezala, modu horretan, halako doinu eta estiloan hitz egiten duten politikariak nahi ditut agintari eta, beraiek esan zuten bezala: ¡menos testosterona, menos testosterona!
Lerro hauek garbira pasatzen ari nintzela, Isabel Coixetek, beste askotan bezala, arnasa eman zidan eta hitz jakintsuak erregalatu «Tierra de nadie» bere artikuluan (Katalunia berriro!): gizakion arteko erlazio gaiztoen ondoriozko nire tristezian nik ere eremu isil eta lehorrean bandera zuriak altxa nahi nituzke laguntza eske.