Bake linguistikoaz eta hizkuntza-gatazkez

 

Galde 37, ura 2022. Kike Amonarriz.- 

Bertsolariari gaiak nola, “bake linguistikoaz” idazteko proposamena jarri didate mahai gainean GALDE aldizkariko adiskideek. Eta bakea behar dugunez, ez dut gatazkarik sortu nahi izan eta baiezkoa eman diet.

Gaia jakin orduko, gogora etorri zaizkit bi libururen izenburuak: Euskaltzaindiaren eskariz SIADECOk 1979an atondutako Hizkuntz borroka Euskal Herrian, eta Eusko Jaurlaritzaren Lehendakaritza Sailak, hainbat ikerketa oinarri, 1983an argitaratutako Euskararen borroka. Bi izenburuak Kataluniako soziolinguistikatik heldu zen “hizkuntza-gatazka” kontzeptuaren isla ziren, eta hizkuntzen arteko harreman korapilatsua nabarmentzen zuten. Era honetako kontzeptuak, azken hamarkadotan, gutxiagotan erabili izan dira, euskararen inguruko diskurtsoei eta biziberritze-prozesuari eman nahi izan zaien eta eman nahi izan diegun kutsu zabal, inklusibo eta positiboarengatik. Baina horrek ez du esan nahi, ezta gutxiagorik ere, gatazka desagertu denik, hainbatek, euskara konfrontazio politiko-partidistatik ateratzeko eskaera egin izan badugu ere. Ez eztabaidatik, noski! Badakigu-eta bereizten eztabaida politikoa eta konfrontazioa.

Ezin baita ukatu munduko hizkuntzen eta hizkuntza-komunitateen arteko harremanak gatazkatsuak izan ohi direnik maiz (gehienetan?).

Beste gatazka-mota batzuekin gertatzen den bezala, “bake linguistikoaz” hitz eginez gero, edo, gatazka linguistikoa noiz sortzen den edo nork eragiten duen eztabaidatzen hasita, oso ikuspegi desberdinak azaltzen dira. Batzuentzat, bake linguistikoa, hizkuntzen inguruko errebindikaziorik edo eskaera sozialik ez egotea da, hau da, praktikan, hizkuntza hegemonikoa nagusitzea eta hizkuntza gutxituak erabilera pribatura zokoratzea. Hizkuntza hegemonikoetako hiztunei ezertan eragiten ez dieten bitartean onartzen dira, hots, haien statu quoa eta pribilegioak ukitzen ez diren neurrian. Beste batzuontzat, aldiz, “bake linguistikoa” hizkuntzen arteko berdintasunak mugarrituko luke; hau da, Euskal Herrian euskaraz eroso bizi ahal izatea, eta euskararen erabilera soziala, jarraipena eta biziraupena bermatuta egotea.

Izan ere, bake linguistikoaz eta hizkuntza-gatazkaz ari garenean, ez gara ukiezinak diren hizkuntzez ari, hizkuntza horietan bizi diren pertsonei eta komunitateei buruz baizik: estatuek hizkuntzei eta hiztunei onartzen dizkieten eskubideez, hizkuntza horietan bizitzeko aukerez, hizkuntza-politikez eta hartzen diren neurri zehatzez (kontratazio-politikak, ikus-entzunezkoen eskaintza…). Eskubide pertsonal eta kolektiboez ari gara; hizkuntzek, pertsona eta giza-antolamendu guztiak ukitzen baitituzte.

Historian zehar, hizkuntza batzuk hedatu egin dira eta beste batzuk atzerakada-prozesu nabarmenak nozitu dituzte, edo desagertu egin dira. Hizkuntza hegemonikoen hedapenean (eta besteen galeran) eragin gehien izan duten faktoreen artean daude gerrak, konkistak, emigrazioak, debekuak eta inposizioak, botere-harremanak, etab. Gertatuak ez dira naturalki eta halabeharrez gertatu, faktore sozial, politiko, ekonomiko eta demografikoen ondorioz baizik.

Euskararen atzerakadan ere antzeko faktorek eragin dute: gaztelania edo frantsesa ezartzeko lege eta politika baztertzaileak, jazarpena, bertoko agintarien utzikeria… Hala ere, beti egon dira euskararen galeraren aurka egin duten pertsona eta mugimenduak. Gure historia ulertzeko eta bizi izan ditugun gatazka gehienak interpretatzeko, hizkuntzen faktorea oso aintzat hartu behar da.

Gaur egungo munduari erreparatzen badiogu ohartuko gara, oso herrialde gutxi direla “bake linguistikoa”n bizi direnak, hau da, hizkuntza-komunitateen arteko berdintasuna eta oreka lortu dutenak eta hizkuntzen jarraipena eta biziraupena ziurtatuta dutenak. Egoera horiek, gainera (demokrazia bera bezala) ez dira egonkorrak eta betierekoak, zaindu beharrekoak baizik. Aitzitik, munduko beste hainbat lekutan bada beste bake linguistiko mota bat, hizkuntzen desagerpenak utzitakoa, hain zuzen ere. Baina, hori ez da bake justua, hizkuntzen hilarrietako bakea baizik. Amerikako hainbat estatu edo zonaldetan, edo Australian, esate baterako, ez dago gatazka linguistikorik, hiztunak desagerrarazi zituztelako.

Hizkuntzen inguruko auziak ohikoak dira. Hona adibide batzuk, azken hilabeteotako albisteetatik atereak: Errusiak Ukrainako inbasioa justifikatu nahi izan du, besteak beste, bertoko errusieradunen hizkuntza-eskubideen defentsa gisa; Zeelanda Berrian maoriera ofiziala izan arren, ikasleen protestak gertatu dira, maila batetik aurrera askok ezin dutelako beraien hizkuntzan ikasten jarraitu; Molac Legearekin izandako eztabaida, edo Brebeta eta Baxoa bezalako azterketak euskaraz ezin egin izana, Frantziaren hizkuntza gutxiekiko begirune faltaren adibide garbiak dira; Txinako gobernuak mongoliera hutsezko irakaskuntza debekatu du, protesta ugari eraginez; Amerikan hizkuntza indigenen aldeko ekintzaileek borroka etengabean jarraitzen dute; Islandiako gobernua kezkatuta dago islandieraren etorkizunarekin, ingelesa gazteen artean lortzen ari den sarbidea dela-eta; tokiko hizkuntzen aldeko manifestazioak ikusi ditugu Ipar Irlandan, Quebecen, Katalunian… Eta mugimendu horiekin batera, hizkuntza gutxituen aurkako eta homogeneizazio kulturalen eta hizkuntza hegemonikoen aldeko diskurtso supremazisten gorakada ere ari gara ikusten.

Horiek horrela, bizikidetza linguistiko egokiagoa lortze aldera, oinarria, hizkuntza-aniztasunarekiko iritzi soziala lantzea eta herritar gehienen atxikimendua ziurtatzea izango dela esango nuke. Herritar ahaldunduak eta kontzientziatuak behar ditugu, klima-aldaketarekin, edo genero-berdintasunarekin behar ditugun bezala. Unescok askotan aipatu duenez, neurririk hartu ezean, munduko hizkuntzen erdiak desagertu egingo dira mende honetan. Mundu mailako arazo baten aurrean gaude eta kontzientzia sozial hori zabaldu behar dugu.

Bake linguistiko sendo batek, bestalde, adostasun sozio-politiko zabala eta babes legala eskatzen ditu, euskara bezalako hizkuntza gutxituen biziraupena bermatzeko eta berauek erabiltzea ohikoa eta erosoa izan dadin baldintzak sortu eta garatzeko -alegia, normalizazioa lortzeko-. Lortu beharreko baldintza horien artean leudeke: herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea, euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa (gutxienez ulermena, denek nahi duten hizkuntza erabili ahal izan dezaten, inork berea aldatu behar izan gabe), eta euskara ohiko hizkuntza izatea bizitza sozialaren esparru desberdinetan, edo beste era batera esanda, euskara ardatz izango duen komunitate eleaniztun bat eratzea, errealitate soziolinguistikoak aintzat harturik.

Badakigu, helburu hauek ezin direla gauetik goizera lortu, egoera soziolinguistikoak, legalak eta administratiboak oso desberdinak direlako Euskal Herrian zehar. Kontziente gara, bake linguistikoa edo hizkuntza normalizazioa lortzeko prozesu sozio-politikoa oso konplexua izango dela, eta ez duela amaierarik izango; datozen belaunaldiek ere etengabe elikatu beharko dutelarik. Baina, hauxe da, nire ustez, Euskal Herriak munduari egin diezaiokeen ekarpenik handienetako bat: hizkuntza-aniztasuna eta herritar guztien hizkuntza-eskubideak errespetatuko dituen euskararen biziberritze-prozesu arrakastatsu bat. Hori lortuz gero, erreferentzia itxaropentsua sortuko dugu munduko beste hizkuntza-komunitateentzat.

Gatazkak gainditu eta bake linguistiko iraunkorra lortzeko prozesu hau (beti inperfektua eta ezegonkorra izango dena), beste alorretan bezala, balio sendoetan sostengatu behar da: berdintasuna, justizia, aniztasuna, erreparazioa edo errespetua, garrantzitsuenen artean.

Etorkizuneko Euskal Herrian ere, lehen eta ohiko hizkuntzatzat euskara, gaztelania, frantsesa edo beste hainbat izango dituzten herritarrak biziko dira elkarrekin. Eta bake eta elkarbizitza linguistikoak eskatuko du, ahalik eta gehienek euskaraz ere jakitea. Eta inertzia linguistikoek beti gaztelaniaren, frantsesaren eta ingelesaren alde egingo dutenez, ezinbestekoa izango da, euskara babesten jarraitzea, eta euskararentzat ahalik eta arnasgune funtzional gehien bermatzea; hau da, euskara ohiko funtzionamendu-hizkuntza izango duten uneak. Globalizazioak erronka berriak ekarri dizkigu: adimen artifizialaren garapena, ingelesaren mundializazioa, aurrerapen teknologikoak, ikus-entzunezkoen eta sare sozialen presentzia masiboa, migrazio-mugimenduak, laneko eta aisialdiko mugimenduak… Honek guztiak hizkuntza politika sendoak, eta berauek babestu eta sustatuko dituzten herritarrak eta erakundeak eskatzen jarraituko du.

Egin dezagun gure esku dagoena, euskal gizarte justuago, euskaldunago eta berdinzaleago hori lortze aldera.

Kike Amonarriz Gorria

Euskaltzaleen Topaguneko Lehendakaria

Atalak | Kultura, Politika

Un mundo en cambio, Iñaki Gabildondo | STM Galde

UKRANIA

Protagonistak

Juan Gutiérrez
Cristina Monge
Pedro Arrojo Agudo
Iñaki Gabilondo
Ana Valdivia
Dora María Téllez
Pedro Miguel Etxenike
Marta Cabezas
Tomás Arrieta
Maixabel Lasa
Carlos Berzosa
Esteban Beltrán
Lurdes Imaz
Garbiñe Biurrun
Javier Moreno Luzón
Koldo Martinez
Tomás García Azcárate
Lourdes Oñederra
Mikel Reparaz
Virginijus Sinkevicius
Laia Serra
Gerardo Pisarello
Daniel Raventos
Daniel Innerarity
Yayo Herrero
María Eugenia Rodríguez Palop
Carlos Juárez
Helena Taberna
Pablo J. Martínez Osés
Koldo Unceta
Xabier Aierdi
Aitzpea Goenaga
Javier de Lucas
Ander Bergara
Garbiñe Biurrun
Pedro Santisteve
Marina Garcés
Carod Rovira
María Silvestre
Joao Pedro Stédile
Enrique Villareal "El Drogas"
José Luis Rodríguez García
Adela Asúa
Xabier Rubert de Ventós
Catarina Martins
Iñaki Gabilondo
Alberto Acosta
Victoria Camps
Lluís Torrens
Mario Rodríguez Vargas
Mikel Aizpuru
Marta Macho Stadler
Ramón Sáez Valcárcel
Frédéric Lordon
Xabier Vence
Carmen Gisasola
Paco Etxeberria
Cristina Narbona
Juan Calparsoro
Joaquim Bosch
Idoia Estornés
Iñigo Lamarca
Tarana Karim
Txema Urkijo
Dolores Juliano
Yayo Herrero
José Ignacio Lacasta
Gurutz Jáuregui
Silvia Gil
Ramón Barea
Daniel Cohn-Benditt
Ada Colau
José Manuel Naredo
Anna Freixas
Carlos Beristain
Carlos Berzosa
Manuela Carmena
Gloria Flórez Schneider
Paco Etxeberria
Cristina Narbona
Juan Calparsoro
Idoia Estornés
Iñigo Lamarca
Tarana Karim
Txema Urkijo
Dolores Juliano
Yayo Herrero
José Ignacio Lacasta
Gurutz Jáuregui
Silvia Gil
Ramón Barea
Daniel Cohn-Benditt
Ada Colau
José Manuel Naredo
Anna Freixas
Carlos Beristain
Carlos Berzosa
Manuela Carmena
Gloria Flórez Schneider
"Lemoniz", Mikel Alonso
Refugiados sirios: Mujer cocinando
Zutik dirauena
Shushi (Karabakh Garaiko errepublika —Artsakh—, 2020/10/08)
"El mal del país" José Blanco
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
Debekatutako armak
Shushi (Karabakh Garaiko errepublika —Artsakh—, 2020/19/08).
La larga espera
Shushi (República del Alto Karabakh —Artsakh—, 08/10/2020)
Sebastião Salgado
Txema García
Cientificos-Volcán
La Palma 2021
Sebastião Salgado
Porteadoras
Canción de París
Jose Horna.
Metro de París
Jose Horna.
“JAZZ for TWO”, José Horna
Alfredo Sabat, Argentina
Sebastião Salgado
Encaramado a la valla de Ceuta
Antonio Sempere
“JAZZ for TWO”, José Horna
Sueños Rotos
República del Alto Karabakh —Artsakh—, 06/10/2020
Abrazo. Luna a Abdou
Playa del Tarajal, Ceuta
"El origen del mundo" José Blanco
“LIKE”. Eduardo Nave
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
Bonill, Ecuador
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
Sebastião Salgado
“LIKE”. Eduardo Nave
Txema García
Txema García
Txema García
Irene Singer, Argentina
Fotografía de José Horna
Txema García
Inmigrantes rescatados por salvamento marítimo
Eugenia Nobati, Argentina
Fotografía de José Horna

Egileak