Ockhamen labana. Gezurrak uste baino hanka luzeagoak

 

Galde 30, 2020/otoño. Inaki Irazabalbeitia.-

Covid19aren pandemiarekin izugarri ugaritu dira berri faltsuak, uste okerrak, sasi-egiak eta antzekoak. Teorian ongi informatuta dagoen eta inoizko ikasketa-mailarik handiena duen gizartean nola erro daitezkeen horrelakoak misterio baten modukoa da nire ustez. Nire lagunarteari begiratuta harri eta zur gelditu naiz hainbat gauza entzunda.

Horietako batek, lizentziatura baten jabea eta pertsonen ongizatean eragin handiko lanbide bateko profesionalak, hizpide atera zuen Euskadiko Biologoen Elkarteko presidente Jon Ander Etxebarriak Covid19ari buruz landutako txostena. Dakikezuenez txostenak ikuspegi negazionista defendatzen zuen: maskararen erabilera orokorraren kontra egiten zuen badaezpadako datuak usatuz edo PCR testen fidagarritasuna oso txikia dela adierazten zuen. Lagun horrek, koadrilaren juntadizo batean, puntua bota zuen men eginez Etxebarriak botatakoari. Berehala, egin nion kontra. Eztabaida sutsua izan genuen. Neroni saiatu nintzen esplikatzen txostenak zituen gabeziak edo nola erabiltzen zituen datu partzialak bere argudioen alde egiteko. Alferrik! Ez zuen entzuten. Amore eman nuen, ez zegoen modurik pentsamendu arrazional batera bideratzeko eta hantxe utzi nuen aldarrikatzen musukoa derrigortu ez duten estatuei hobe doakiela pandemiaren kontrolean.

Zer mekanismo klasek bultzatzen ditu ustez jantziak eta arrazionalak diren pertsonak horrelako jarrerak hartzera? Zerk lainotzen du beren pentsamendua? Zergatik ugaritzen ari dira txertoen kontrakoak? Zer dela eta ukatu egiten dituzte klima-aldaketaren ebidentziak? Zergatik zaie sinesgarriago sare sozialetik jasotako informazioa zientziaren iturrietakoak baino?

Itaun horientzako erantzun osorik ez dut. Zantzuren bat edo beste bai; aipatu dudan lagun horren kasuan iturri ofizialetatik datorren ororekiko jaiotzetiko mesfidantza, seinalatuko nuke. Eta sarri zientzia iturri ofizialtzat jotzen da. Eta jakina, zientziaren ukoa asko zabaltzen ari da. Klima-aldaketarena da argiena.

Burutazio horiekin nenbilelarik, topo egin nuen abuztuko Scientific American aldizkariaren orrialdeetan Naomi Oreskes-ek idatzitako pieza batekin: The False Logic of Science Denial[1]. Hainbat mekanismo aipatzen ditu gorago aipatutako ikuspegiak azaltzeko. Ez ditut denak hona ekarriko: bat bakarra hartuko dut.

Oreskes-ek implicatory denial kontzeptuaren aldaera moduan definitzen du fenomenoa (Ez dut aurkitu termino hori euskaraz nola eman). Honela definitzen du: B Aren ondorio da, baina nik ez dut B gustuko: hortaz A oker dago. Sarritan, B posizio hori gaizki ulertuetan oinarritzen da. Esaterako: ofendituta sentitzen naiz eboluzioaren teoriak adierazten duelako bizia ausazko gertaera dela, ez duelako berezko esanahirik eta jaungokorik ez dagoela iradokitzen duelako edo. Horrelakorik ezin dudanez onartu, eboluzioaren teoria gaizki dago, nahiz eta eboluzioaren teoriak ez duen frogatzen jaungokorik ez dagoela.

Nik pentsatzen badut, merkatuak denetarako konponbidea baduela eta berez erregulatzen dela, zaila gertatuko zait onartzea klima-aldaketaren kasuan merkatuaren autoerregulazioak huts egin duela eta gobernuak neurriak hartu behar dituela. Hortik erraz labain naiteke pentsatzera, klima-aldaketarena ez dela esaten dutena bezain bestekoa eta gobernuak ez duela neurririk hartu behar.

Ideologia sakonak duen pisua argi ikusten da bi adibide horietan. Maiz zientziaren emaitza batzuen ukoa eta posizio negazionistak ideologikoak dira finean. Eta ideologiaren kontra borrokatzea gaitza da; ez da samurra. Herritarrei informazio argia eta ulergarria helaraztea, gardentasunez jokatzea eta gizartearen zientzia jakintza emendatzea ezinbestekoak dira sasi-egiak eta gezur-erdiak borrokatzeko, baina argi dago ez direla aski. Zer beste? Chi lo sa!

  1. Oreskes, Naomi; The False Logic of Science Denial, Scientific American, august 2020, 71

Atalak | Begiradak, Politika

Bonill, Ecuador
Alfredo Sabat, Argentina
“JAZZ for TWO”, José Horna
Txema García
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
Sebastião Salgado
Txema García
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
Sebastião Salgado
Inmigrantes rescatados por salvamento marítimo
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
“JAZZ for TWO”, José Horna
Fotografía de José Horna
"El origen del mundo" José Blanco
“LIKE”. Eduardo Nave
Refugiados sirios: Mujer cocinando
Porteadoras
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
Fotografía de José Horna
Txema García
Txema García
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
Sebastião Salgado
“LIKE”. Eduardo Nave
Txema García
Eugenia Nobati, Argentina
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
"El mal del país" José Blanco
Irene Singer, Argentina
Sebastião Salgado
"Lemoniz", Mikel Alonso

Egileak