(Mikel Basabe, Irati Casanova)
Unibertsitate publikoek diskriminatu egiten dituzte batxilergoa hezkuntza publikoan ikasitako ikasleak. Ez diot nik: Nafarroako Ararteko Patxi Vera Donazarrek dio, Q22/914 Ebazpenean. Pentsatzekoa den legez, Arartekoak xehe-xehe landutako ebazpena eman zuen. Horretarako, hauxe egin zuen, lehenengo-lehenengo: “(…) solicitó al Departamento de Educación y a la Universidad Pública de Navarra los datos referentes a las calificaciones del bachiller y la EvAU de los últimos cinco cursos académicos”.
Datu horiek aztertuta, hauxe egiaztatu zuen, Nafarroan espediente oneneko ikasleak dituen ikastetxeari dagokionez: “Resulta muy poco probable que, en el caso de un colegio en el que, sistemáticamente, todas las promociones de alumnos y alumnas cuentan con las notas más elevadas en el bachiller, esto no tenga una correlación, si no absoluta o exacta, sí al menos sustancialmente similar en las calificaciones de la EvAU, considerado un periodo de tiempo relevante como el que ofrece una serie de seis años. No parece razonable que todos y cada uno de los años, sin excepción, la nota del bachiller sea la más elevada de todos los centros, y que, llegada la EvAU, ese resultado no tenga el mismo reflejo”. Gauza bera batxilergoko bigarren espediente onenak dituen ikastetxearekin. Biak ala biak, Opusen ikastetxeak.
Horregatik, hauxe ondorioztatzen du Arartekoak: “No se aprecia una correlación, a juicio de esta institución, razonable”. Zeren artean? Bada, Opusen ikastetxe horietako ikasleek batxilergoan jasotzen duten espedientearen eta selektibitatean lortzen dituzten emaitzen artean. Garbi esanda: batxilergoko notak puztu egiten dizkiete.
Horiek horrela, hauxe ebatzi zuen Nafarroako Arartekoak: “Recomendar al Departamento de Educación que vele por que las calificaciones del bachiller otorgadas por los centros educativos no comprometan los principios de igualdad, mérito y capacidad que rigen en el acceso a la universidad, adoptando las medidas oportunas a tal fin; y, a la vista de los resultados registrados, que presentan indicios de sobrevaloración, recomendarle que entre a supervisar lo actuado por los colegios a los que se ha hecho referencia”.
Ez pentsa gero, garrantzi txikiko auzia dela: unibertsitatean sartzeko notaren % 60 batxilergoko espedienteak ematen du; hau da, unibertsitatean karrera aukeratzeko unean, selektibitateko azterketak baino 20 puntu gehiago balio du batxilergoko espedienteak.
Lotsamangarria
Badakigu Opusa ez dela lotsatzen, ezta lotsatuko ere. Zerk ematen digu, orduan lotsa? Bada, ebazpen hori 2023ko otsailaren 14koa dela… eta gauzek bere horretan jarraitzen dutela: espediente pribatuak puztu, pribatuetako ikasleek errazago izan dezaten gustuko duten karrera unibertsitate publikoan egitea. Publikoko ikasleen kaltetan, jakina.
Kasu! Ikastetxe pribatuek (kontzertatu zein ez) edonon puzten dituzte espedienteak, ez bakarrik Nafarroan. Begiratu, esaterako, Noticias de Navarra egunkariak, Espainiako Hezkuntza Ministerioaren datuak oinarri hartuta, 2026ko ekainaren 8an argitaraturiko honako koadro honi:
Esandakoa: pribatuetan, puztu eta puztu. Gogoratu espainolez egiten diren karreretarako ikasle guztiak lehiatzen direla, ikaspostu bat nork lortuko. Extremadurako ikasle pribatu sinestezin horiek (bitik batek lortzen du 9 puntutik gorako espedientea) Leioan ikas dezakete Medikuntza: gurean ikaspostua lortzeko abantaila handia dute, batxilergoan eman dizkieten notak direla eta. (Bide batez: har ezazue denbora tartetxo bat, eta azter itzazue hizkuntza ofizial bakarreko autonomia-erkidegoetan hezkuntza publikoko ikasleen emaitzak ere. Ulergarriak egiten zaizkizue? Sinesgarriak?)
Engainatu gura gaituzte
Horiek horrela, eta benetako arazoari itzuri egiteko, seme-alabak sare pribatuetara bidaltzen dituztenek selektibitatean ipini gura dute fokua, unibertsitatera sartzean ikasleen arteko berdintasuna zelan lortu eztabaidatzen denean. Gezurretan ari dira. Selektibitateko notek, beren gabezia guztiekin (egun bakarreko kalifikazioa izatea, hizkuntza ofizial bi dituzten erkidegoetako ikasleek azterketa bat gehiago egin behar izatea, ausaz egokitzea zuzentzaile bigarren hezkuntzakoa edo unibertsitatekoa, etab.) doiago erakusten dute ikasle bakoitzaren maila. Baita euskara-azterketan zero izan diren eliteko A ereduko ikasleena ere. Horiek zero izan dute Euskaran, ez dutelako Iñigo Urkullu lehendakari zela batxilergoko curriculuma zehaztu zuen 76/2023 Dekretuak ezarritako maila erakutsi. Are gehiago: hurrengo deialdietako azterketa diseinatzean EHUk eta Hezkuntza Sailak (bien artean diseinatzen baita selektibitatea) atzera egiten ez badute, A ereduko ikasleen zeroak ohiko bihurtuko dira, 2023ko dekretuan ez ezik, 17/2023 Hezkuntza Legeko 67. artikuluan ezarritako maila ere ez dutelako lortuko. Alegia: “Derrigorrezko bigarren hezkuntza amaitzean, Europako Erreferentzia Esparru Bateratuko B2 maila lortu beharko da bi hizkuntza ofizialetan”. Gogoratu lege hori EAJk, EHBilduk eta PSE-PSOEk diseinatu eta adostu zutela, azken unean Bildu bildurtu eta alde bozkatu ez bazuen ere.
Bazterketa ez dator, beraz, selektibitatetik, batxilergoko espediente puztuetatik baino. Konponbidea ez da, beraz, Erresuma osoan selektibitateko azterketa bera egitea, ez eta erkidego elebidunetako hizkuntza propioaren nota kontuan ez hartzea ere, epaile elebakarrek eta seme-alabak euskara bako eliteko ikastetxeetara bidaltzen dituztenek horrela gurako luketen arren. Berriro ere diot: benetako diskriminazioa batxilergoko espediente puztuetan dago. Izan ere, atalase-nota altuena duten karreretako azken ikaspostua ez dute ehunekoek zehazten, milakoek baizik. Eta gogoratu: espedientea % 60, selektibitatea % 40.
Esaterako: 2025-26 ikasturtean (artikulu hau idazteko unean 2026-27ko daturik ez zegoen artean), EHUko zortzi karreratan eta NUPeko lautan 12tik gorako nota behar zuten ikasleek, ikaspostua lortzeko. Ariketa erraza da: korrelazioa al dago, batxilergoko 2. mailako publiko/pribatu ehunekoen eta karrera horietako 1. mailako ikasleen jatorrizko sareen artean? Ala pribatuetako ikasle gehiago dago, erkidego bakoitzean sare horrek duen pisuari dagokiona baino? 2025-26 ikasturteko EAEren matrikulan ikusten denez, batxilergoko 2. mailako ikasleen % 47k ikasi du publikoan, % 53k pribatuetan. EHUn espainolez ikasteko diren 12 puntutik gorako karreretako 1. mailan islatu al da ehunekoen banaketa hori? Eta 12 puntutik gorako euskaraz ikasteko karreretako 1. mailan ikasleen % 61 al da institutu publikoko ikaslea? Ezen datuen arteko erlazioa betetzen ez bada, bazterketa-egoera baten aurrean baikaude. Hezkuntza publikoak, hezkuntza publikokoak baztertu.
Konponbide erraza
Pentsa litekeenaren kontra, konponbide errazeko auzia da. Erlijioak hezkuntza publikotik egozteko koldarregia izan den PSOEri ez diogu eskatuko, noski, unibertsitate publikoetako plazak, lehentasunez, institutu publikoetako ikasleentzat gorde ditzala: ez bakarrik ez dira ausartuko; nago, baina daturik ez dut, buruzagi sozialisten (eta jeltzaleen, eta bilduen, eta popularren) seme-alaba gehienak pribatuetako ikasleak direla.
Beste zerbait proposatu beharko dugu, beraz, aukera-berdintasuna eta kohesio soziala hezkuntza publikoaren indarraren araberakoa dela pentsatzen dugunok. Hauxe, esaterako: karrera guztietako 1. mailako ikaspostuetan, sare bakoitzak erreserbaturik izan dezala erkidego bakoitzeko batxilergoko 2. mailako matrikulagatik dagokion ehuneko berbera. Horrela, hezkuntza publikoko ikasleak ez dira espediente puztuko pribatuetakoekin lehiatuko.



