Ipar Euskal Herria, beste planeta bat ? (Hegoaldeari begira segur aski)

Allande Boutain (kazetaria)
_________________________

Udal hauteskundeak martxoan bururatu ziren Iparraldeko hiru probintzietan, bainan prozesua maiatzean baizik amaitu ez zela erran dezakegu, bozketen azken eraginez orduan ohartu bait ginen. Bainan iturburura jo dezagun.

Herriko bozak : gako tekniko batzuk

Lehenik adierazi behar da 2026an, lehen aldikotz, herri guzietan, zerrenda oso bat baizik ezin zela bozkatu. Eta zerrenda osatzerakoan, emazte-gizonen arteko parekotasuna errespetatu behar zela. Lehen, 1000 biztanlez azpiko herri txikietan, abizen batzuk listatik kentzen ahal zirelarik, eta parekotasunik ez zelarik.

Frantzian bezala noski Iparraldeko herriko bozak bi itzulitan egiten dira, lehen bueltan zerrenda batek gehiengo absolutua ez badu lortzen. Bigarren itzulian konpetitzen segitzeko, listek botuen %10 erdietsi behar dute. Zerrenda batek %5 baino gehiago izanik, beste bat, bi, hirurekin bat egiten ahal du. Hego Euskal Herrian ez bezala beraz, akordioak erabakigarria den bigarren itzuli aitzin egiten dira. Zergatik ? Zeren (lehen bueltan ere) bozkatuena den zerrendak udalbatzarreko hautetsien erdia eskuratzen bait du, beste zinegotzien erdia proportzionalki zerrenda guzien artean banatzen delarik.

Sistemak gehiengoak segurtatzen ditu eta legegilearen aburuz udalen gobernabilitatea. Baina oposizioan dauden indar politikoek sei urtez, udal legealdiaren denboran, pisurik ez dute batere. Iparraldea, beste planeta bat.

Ipar Euskal Herrian : zer iragan zen ?

Aldaketa arras gutxi orokorrean.

Iparraldeko 158 udaletarik 113tan zerrenda bakar bat osatu zen. 31 herritan bi zerrenda lehiatu ziren. Kasu hauetan, itzuli bakar bat izan zen noski eta beste hiru udaletan, hiru zerrenda izanikan ere, batek gehiengo absolutua lortu bait zuen (Hala nola Angelun, non eskuineko auzapezak %68rekin berriz ere irabazi zuen. Lapurdiko Getarian non zerrenda euskaltzaleak eskubiko bi zerrendei gaina hartu zien). 11 herritan beraz bigarren itzulia izan zen.

Martxoaren 15ean lehen itzulia, 22an, bigarrena. Kasu bakoitzean, ondoko asteburuetan, udal batzarrak eratuak ziren. Oro har aldaketa gutti izan zen : Baionan*, Angelun*, Bidarten*, Donibane Lohitzunen*, Ziburun, Hendaian, Donibane Garazin*, Donapaleun, Baigorrin, Maulen, auzapezek aurrera segitzen dute ala lehenengo gehiengoek bainan alkate berri batekin.

Eskubi eta zentro estatalak mantendu dira *duten hiri eta herrietan (eta barne aldeko hainbat herri “ttikitan” : Iholdin, Landibarren, Sohütan …). LR alderdiak Miarritze galdu zuen Serge Blanco, Biarritz Olympiko errugbilari famatu ohiaren mesedetan. Hau bai aldaketa eta sorpresa.

Ezker estatalak Maulen (alderdi komunistaren euskal udal bakarra) eta Hendaian (sozialista bakarra) segitzen du bainan ahulduz doa beste herri oroetan. Eta Baionan esaterako, zafraldi galanta jaso zuen, lehen itzulian, hirugarren indarra baizik ez izanik, zerrenda abertzale – ekologista eta ezker askotarikoaren gibelean.

Ezker abertzaleak gora segitu du bozetan, bainan erran behar da ere zerrenda askotarikoak kudeatzen zituela (PS, Berde, independenteekin bat eginda) batzuetan EH Baiko buru batekin. Ondoko herrietan EH Baiko auzapezak berriz hautatuak izan ziren : Baigorrin, Bankan, Urepelen, Izuran, Ligin, Itsasun, Biriatun, Ziburun, Hiriburun, Arrosan (hor EAJko ordurarteko auzapezari alkatetza hartuz) Donapaleu (hor azken sei urteotan agintean zen listaren oinordekook segida hartu zuten, EH Baiko militante bat buruan emanez eta bai, hau aldaketa Amikuze herrian, lehen hain “xuri” baitzen !). Urruñan aldiz ezker abertzaleak porrot egin zuen, orain dela sei urte udala hartu zuen ekipa galtzaile izanda. Gauza bera Atharratzen. Azken bi kasu hauek ez dute halere ezkutatu behar jeneralean ezker abertzalea hauteskundez hauteskunde, emeki bada emeki, aitzina doala, bainan kasu : oraindik ere gehiengotik urrun samar.

EAJk burua salbatu zuen Kanbo lortuz. Michel Labéguerie zen medikua, kantugilea (Gu gira Euskadiko gazteri berria), 60-70ko hamarkadan auzapez, senatari ospetsuaren urratsetan sinbolikoki ibiltzen da Ipar buru batzarreko presidentea izan zen Peio Etxeleku. EAJri dagokionez zera azpimarra daiteke : Frantziako LR (Les Républicains) eskubiko alderdiarekin bat egiten ohi duela Donibane Lohitzunen Jean-François Irigoyen auzapezarekin. Miarritzen, Maider Arosteguyrekin (2000 – 2026an auzapez anderea izana) aurten galdu duena. LR, Frantziako PPren alderdi anaia, Europan ber taldean daudelarik.

Iparraldea, beste planeta bat.

RN eskuin-mutturreko alderdia ez da berez inon aurkeztu. Miarritzen porrot egin zuen zerrenda baten eratzeak. Azkenean Miarritzeko ultra-eskuindar batzuek parte hartu zuten zerrendak %3 lortu zuen eta jokotik kanpo gelditu.

Baionan baizik ez zen osatu eskuin-eskuineko lista bat, baina RNk ez zuen inbestitu, Reconquête deitu formaziokideak barne baitziren. Gerla intestinoak. Deigarria da halere %11 lehen itzulian izana eta bigarrenean % 8 (boto emaile zonbaitek Jean-René Etchegarayengana ihes eginik, ezkerrak gal zezan).

Ez pentsa halere, Iparraldean, RN ahul denik. Bozkatzaileak hor dira beti. Hipotesia zera izan daiteke : udal hauteskundeetara ez zirela mobilizatu, abstentzioaren parte bat dira segur aski (Pirinio atlantiarrak departamenduan, %40koa izan zen). Gero hauteskunde hurbila izanik, ezagutzen diren pertsonei botoa ematen diete hain segur, orokorretan aldiz alderdiari. 2024ean RN bigarren bueltarako sailkatu zela oroitu behar da, eta Iparraldeko hiru hautesbarrutietan % 33 ko bataz bestekoa erdietsi zuela. Boto emaile hauek ez dira desagertu. Bozka kabinetako sekretuan inoren ixilik RNen alde boto ematea gauza bat da, publikoki aurkeztea oraino bertze bat da. Bainan noiz arte ?

Herriko bozen ondotik, Hiri Elkargoa

Udal hauteskundeek Euskal Herriko Hirigune Elkargoa baldintzatzen dute.

2017an sortu zen instituzioa, orduko Iparraldeko 10 mankomunitate batuz eta 158 udalerri elkartuz. Frantziako bosgarren elkargoa da biztanleriari begira.

Elkargoak hartu dituen eskuduntzei begira toki berezia du ere bai Frantses estadoan : ura, ingurumena, energiak, garraioak, hondakinak, urbanismoa, etxebizitza, ekonomia, irakaskuntza, ikerkuntza, laborantza, elikadura, euskara eta gaskoina, haurtzaroa, gaztaroa, elkartasuna, herritartasuna, kultura, aisialdia.

Bainan eskuduntza hauek udalekin, Pirinio atlantiarrak deitu departamenduarekin, Akitania berria eskualdearekin eta estaduarekin konpartitu behar ditu. Ez da batere ulertu behar autonomia bat bezala. Hain zuzen datozen sei urteotako eztabaida estatus berezi bati buruzkoa izanen da, oraingo egituraz haratago. Abertzaleek eta hainbat hertzale – euskaltzale zentristek, ezkertiarrek eta eskuindarrek aldarrikatzen dute eboluzio hau. Finantza iturri propioaren gaia ere mahai gainean ezarri dute.

Mankomunitatearen burua, auzapezek eta hiri handiko zinegotzi zonbaitek (biztanleriaren arabera) hautatzen dute. Hor dugu udal hauteskundeen hirugarren itzulia, elkargokideak ez baitira botazio zuzenez hautatzen. Sistema horrek bestalde ez du parekotasuna bermatzen, emazte gutti auzapez direnez.

Orain dela sei urte, Baionako auzapeza den Jean-René Etchegaray, instituzioa suharki defendatu zuen politikaria hautatu izan zen, haren aurka inor ez zelarik aurkeztu. Zentrista da (gaur egun Macron presidentearen alderdikidea), garaian Laborantxa Ganbararen abokatua (Euskal Laborarien Batasuna nekazal sindikatuak sortu zerbitzugunea, laborantza jasankorra bultzatzeko), Bake bidea kolektiboan buru belarri aritua, etorkinen alde ere bai. Beraz frantses eskuin eta zentroekin konpatiblea edo bateragarria, zein abertzaleekin (euskararen alde izanda, ETAren armagabetze prozesukidea).

Iparraldea, beste planeta bat.

2026ko apirilaren 11an, lau hautagai aurkeztu ziren mankomunitatearen presidentzarako :

Pascal Lesselier RNko Baionako hautetsia : boto bakar bat.

Peio Etxeleku (EAJ) : 48. Alain Iriart (EH Bai) : 80. Jean-René Etchegaray : 98.

Bigarren itzulian, Hiriburuko auzapeza, Alain Iriart : 119. Jean-René Etchegaray : 102.

119 boz-emaile guztiak ez dira EH Baikoak. Oker genbiltzake kontrarioa esanez. Aldiz abertzale izatearen desdiabolizazioa interesgarria da. Gehiengo anitza batek Alain Iriarten hautua egin du : abertzaleak barne noski, baina zentristak, eskuindarrak, ezkertiarrak, EAJren aldeko andana bat (Etxelekuren 48 botoetariko 39). Hautaketa programatikoa izan da ere : hots Alain Iriartek bestelako kudeaketa proposatzen baitzuen, desentralizatuagoa. Barne aldeko aunitz zinegotzik horren apustua egin dute.

Presidentea EH Baikoa izatea, bai, aldaketa bat da, azken 20 urteon Iparraldearen eboluzio politikoa adierazten duena. Bainan ezin da erran iraultza bat denik ezen Alain Iriartek konposatu behar baitu kostaldeko hirietako auzapez zentro-eskuindarrekin. Buru-ordeak izaten segitzen dute. Halere ezker abertzale gehiago buru-ordeak dira eta ardura hartzen dute : trantsizio ekologikoa, etxebizitza. Zeharkako politikak eraman nahi (eta behar) ditu presidente berriak. Lehiakide eta zenbat aldiz arerio politikoak direnekin Iparraldeko elkargoa kudeatu behako du. Gehiengoa eta kontsentsua lortuz. Dialogo eta elkarrizketa kultura bultzatuz.

Iparraldea beste planeta bat, bainan hor gehiago, Frantziari begira !

Eugenia Nobati, Argentina
Txema García
Sebastião Salgado
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
Porteadoras
Fotografía de José Horna
Inmigrantes rescatados por salvamento marítimo
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"Lemoniz", Mikel Alonso
Refugiados sirios: Mujer cocinando
Abrazo. Luna a Abdou
Playa del Tarajal, Ceuta
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
Alfredo Sabat, Argentina
“JAZZ for TWO”, José Horna
Metro de París
Jose Horna.
Txema García
"El mal del país" José Blanco
Sebastião Salgado
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
Txema García
“JAZZ for TWO”, José Horna
Txema García
Sebastião Salgado
Canción de París
Jose Horna.
Cientificos-Volcán
La Palma 2021
Sueños Rotos
República del Alto Karabakh —Artsakh—, 06/10/2020
Sebastião Salgado
La larga espera
Shushi (República del Alto Karabakh —Artsakh—, 08/10/2020)
Bonill, Ecuador
Debekatutako armak
Shushi (Karabakh Garaiko errepublika —Artsakh—, 2020/19/08).
“LIKE”. Eduardo Nave
Zutik dirauena
Shushi (Karabakh Garaiko errepublika —Artsakh—, 2020/10/08)
"El origen del mundo" José Blanco
Encaramado a la valla de Ceuta
Antonio Sempere
Txema García
Fotografía de José Horna
“LIKE”. Eduardo Nave
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
Irene Singer, Argentina