(Arantza Fernandez de Garayalde)
Pasa den mendeko 80ko hamarkadan Euskal Eskola Publikoaren Aldeko mugimenduak akronimo hori hartu zuen izen. Erronka ez zen makala: ikastolak sare publikora bideratzea, eskola publikoa euskalduntzea, haur-populazio osoa eskolatzea, ikastetxeen kudeaketara demokrazia eramatea, ezkutuko kurrikuluma azalaraztea eta eraldatzea… hori guztia genuen egiteko. Izenburu egokia iruditu zait oraindik orain ere eskola segregazioaz, euskalduntzeaz, eta, orokorrean, Euskal Eskola Publikoaz aritzeko.
Ez dut asmorik aspaldiko kontuetara alferrik bueltatzeko, baina nabarmendu nahi dut gaurko “erronka berri” asko eta “munduaren konplexutasun” erraldoiak beti izan ditugula gure aurrean, baita instituzio eskolarretik oso urrun bizi diren familiak, jatorri atzerrikoak ez izan arren. Agian bide berean gabiltza beti hezkuntzan, protagonistak (sailburuak, teknikariak, ikastetxeetako langileak, ikasleak eta abar) berriztu arren, gakoak ez dira funtsean asko aldatu. EAEko esperientziara mugatuko naiz, berebiziko oihartzuna izaten ari direlako erkidego honetan hartu dituzten neurriak; Nafarroan funtsezko kezka eta erronka komunak baditugu ere, egunerokoak ez daude sinkronizatuta.
EEPA!ra bueltatuz, garai haietan (1985-1987 urteetan) ezarri ziren ikastetxe pribatuekiko itunak, non hezkuntza doan emateko beste diru jasotzeko bete beharreko baldintzak ezarri ziren. Zoritxarrez asmatu genuen salatzean ikastetxeek ez zituztela sekula baldintzak beteko, ituntzea unibertsala izango zela eta guztion dirua bideratuko zela guztiontzat ez ziren ikastetxeak sostengatzera. Aski da alderatzea 1987ko dekretua eta 2023ko Legea ustezko baldintzak modu zehatzagoan jasotzen zirela garai haietan frogatzeko, eta hala ere, tarteko hamarkada guztietan kasu bakar batean kendu zioten ituna ikastetxe bati1. Beraz, baldintzak bete beharrik ez, baina eskola itunak gero eta etapa gehiagoetara zabaldu dira, ez derrigorrezkoetara ere. Horrela estatu (eta EB) osoko sare pribatu indartsuena eratu da EAEn, irakaskuntza ez unibertsitario arautuaren ia %50a izatera iritsi dena; itundu gabeko ikastetxe pribatuen (pribatu-pribatu horien) portzentajea estatu osoko txikiena da, ministerioaren arabera ikasleen %0,9koa baino ez da2.
Laburbilduz: sare pribatu erraldoia eta ia %100ean itunduta dugu. Hortik bi ondorio datoz: alde batetik eskola segregazioa oso altua da, etxebizitzena baino handiagoa, eta, bestetik, hezkuntza politika aldatu nahi izanez gero, erraza litzateke sare pribatua kontrolatzea, diru publikoaz hornitzen ari baikara haien gastu guztiak (instalazioak, langileak, funtzionamendua, konponketak…) Kuota altuenak kobratzen dituztenek ere ez lukete ezta ikasturte bat ere iraungo diru publikorik gabe, beraz, administrazioak ahalmen osoa du sare pribatuaren funtzionamendua baldintzatzeko.
Hezkuntza sareen sistema dualak segregazioa sortzen edo areagotzen duela diot, zeren eta sare pribatuaren oinarria ikastetxea aukeratzeko ustezko eskubidean baitatza, hau da, ideologia, edo sinesmen, edo maila sozioekonomiko bereko familiak elkartzeko aukera ematean. Horrek kohesioaren eta elkarbizitzaren kontra bete betean jotzen du, ikasleek jasotzen dituzten esperientziak eta hartu emanak haien antzekoen artekoetara mugatzen dira eta; dinamika horrek, berez, inguruaren ezezagutza sustatzen du, eta erraz haz ditzake arrazakeria edo aporofobia bezalako gaitz larriagoak. Horrela ulertuta, segregazioak ikasle guztiei eragiten die, eta bere osotasunean saihestu beharreko praktika da.
Segregazioaren alde mingarriena eta ezagunena da maila sozioekonomiko apaleneko ikasleak hainbat ikastetxetan isolatuta geratu direla, espektatiba altuak edo etxeko euskara edota ikastetxeetara errekurtso gehiago (denbora, antolakuntza…) eman ohi dituzten familia autoktonoetatik bereizita, gainerako familiek ihes egin eta gero. Ihesa horren oinarrian gezurtatu behar dugun ustea dago: familien ISEK3en eta ikasleen emaitza akademikoen artean korrelazio positiboa dago, baina ez dago arrazoirik pentsatzeko emaitza horiek ikasleen artean “kutsatu” ahal direnik, kanpoko probek (ebaluazio diagnostikoak, PISAk, UsaPek…) ikasleei EAEko ikastetxeek egiten dieten ekarpen akademikoa antzekoa dela frogatzen dute, titularra eta osaera edozein izanda ere, beraz, ikasle pobreengandik aldentzeko joerak, segregazioa sustatzeaz eta ikasle horiek bereziki kaltetzeaz gain, ez die gainerako ikasleei onik egiten.
Egoera prekarioan bizi diren ikasleak alboratzea ez da eginkizun berria, baina ez da beti modu berean gauzatu. Ikasle horiek hezkuntza sistematik kanpo uztea zen aspaldiko bidea, ondoren, derrigorrezko hezkuntza benetan unibertsala bihurtu zenean, hizkuntza ereduak segregaziorako tresna bihurtu ziren, eredu horien helburu nagusia ez bazen ere, baizik eta orokorrean euskararen hedapena oztopatzea, edo, gutxienez, lausotzea, gehien bat erdaldun soila zen sisteman. Ustez derrigorrezkoa zen euskararen ezagutza ez bermatzeak sare publikoan, familiak (langile askorekin batera) borroka egitera behartu zituen; logikoa denez, baliabide eta maila soziokultural nahikoa zutenak izan ziren aitzindariak D ereduak lortzen haien geletan eta ikastetxeetan, eta baliabide eta errekurtso gutxien zituztenak, azkenak. Oso lotsagarria izan da urteetan bizi izan dugun A ereduen luzapena, erabateko segregazioan murgilduta, oso emaitza akademiko kaskarrak lortzen zituzten ikasleek arlo guztietan… Gaur egun, sare ia osoa D eredukoa da, ez dago loturarik hizkuntza ereduaren eta ikasleen ISEKen artean.
Sare pribatuan panorama nahasiagoa da: B ereduan daude ikasle gehienak, D eredua pixkanaka gora doa, eta A ereduan bi muturreko ikastetxeak daude, batzuetan ISEK altueneko ikasleak daude, eta besteetan baxuenetakoak.
Sare publikoa euskalduntzea ez da lan erraza izan, urteetan zehar milaka pertsonek (haietako asko ez euskaldunak) egindako esfortzuari zor diogu une honetan EAEn bizi diren haur guztiek euskaraz ikasteko aukera izatea, hezkuntza publikoan segregazioa saihestu izana eta euskara guztiona izatea. Lana ez dago bukatuta, euskaraz ikasleek lortzen duten maila ez da hizkuntza normalizatu bati dagokiona, horrekin lotuta euskararen erabilerak bultzada handia behar du (idatzi hau egiten ari naizenean Bilboko Konpartsek neurriak iragarri dituzte aurtengo Aste Nagusirako) Baina aurrerapenak ukaezinak dira. Aurtengo UsaPek probaren eskutik zenbait datu ikusi ditugu: gero eta ikasle gehiago datoz D eredutik; gero eta ikasle gehiagok egiten dute azterketa euskaraz, euskaraz egindakoen bataz besteko nota altuagoa da gaztelaniaz egiten dutenena baino; euskarazko azterketa dela eta, progresiboki gehiago eskatzen zaie ikasle guztiei, garai batean irakasleekin egin zen bezalaxe.
Euskarak guztioi eragiten digu, ez gara (bakarrik) banakakoen eskubidea defendatzaileak, baizik eta gizateriaren ondare baten babesleak, hemen bizitzeagatik lan hori egokitu zaigulako. Ez litzateke zilegi gurea bezalako gizarte aberatsak hizkuntza betiko galtzea.
EEPAren garaian oraindik ereduen sistema garatu gabe zegoela, segregazioa sare pribatuarekin lotzen genuen. Urteak pasa ondoren, agerian dago lotura horrek bere horretan darraiola, datu gehiago ditugu orain: ISEK baxuko (%25 baxueneko) ikasleen %86a sare publikoan dago, sare pribatuak betetzen duen papera, salbuespenak salbuespen, eskola segregazioa sustatzea da.
Garai bateko EEPA mugimendua ez da inoiz desagertu, Eskola Publikoaren Mahaiak urteetan funtzionatu zuen, une honetan Euskal Eskola Publikoaz Harro Topagunea dugu… Eskola haur eta nerabeentzako zaintza eta laguntza sistema publiko zabal baten bihotza izatea nahi genuke. Eta feminista, laikoa eta unibertsala izatea… eta horren guztiaren hazia egungo eskola publikoa da, non giza eskubideak diren oinarri komuna, ez sinesmen, ideologia edo estatus sozial zehatz bat.
________________________________
Arantza Fernandez de Garayalde. Maistra jubilatua.
____________________________
1 HIESAk jotako andre baten semea kanporatzeagatik, hain zuzen ere.
2Altuena Madrilgoa da, %17,8koa; estatuan bataz beste %8,6.
3 Indize Sozioekonomiko eta Kulturala


