(Inaki Irazabalbeitia)

This image shows satellites crossing the night sky above the northern Atacama Desert in Chile, over a period of just one hour. It is a stack of a time-lapse video taken on 15 October 2025 about two hours after sunset. A few streaks are caused by planes, and can be easily identified by their blinking-coloured lights, but most trails are due to satellites. In the foreground we see the dome of ESO’s Extremely Large Telescope (ELT), the world’s largest optical/infrared telescope, currently under construction atop Cerro Armazones. Behind it we see the lasers of ESO’s Very Large Telescope (VLT) at Paranal Observatory, 22 km away from the ELT.
Abuztua astronomiaren hilea izan dela ziurta dezakegu ezparik gabe. Eklipsea gora eta behera ibili gara abuztuaren 12ko gertakariaren harian. Komunikabideetan jori jorratu dute gaia eta, batzuetan, gehiegizko atentzioa ez ote zitzaion jartzen ari otu zitzaidan batzuetan. Egia esan, eklipseak jende anitzen eskura jarri ditu astronomiako kontzeptu batzuk eta astronomia bera. Milaka lagun jarri lagun hurbildu ziren eklipsea ikusteko izan zitezkeen tokietara. Nahiko nuke gehienak hurbildu ez izana, ‘bertan egon ninduan eta ikusi egin nian’ esan ahal izateko argazki bat erakutsirik, baizik eta naturaren misterioen aurrean interesa eta jakinmina zutelako.
Badakit jakin, eklipsea ikusi ondoren mendian gelditu zirenak ez zirela gutxi izan. Gaur hartan bertan, oskarbia lagun, izar uxoak ikusteko parada egon zen: pertseidak. Hain segur, izar uxoez aparte, zeruan azkar higitzen ari ziren beste argi-puntu batzuk atzemango zituzten. Igual ohartu ez. Izan ere, 16.000 bat satelite eta 40.000 inguru objektu artifizial txikiagoak orbitatzen ari dira Lurra gaur egun. Espazio-zabor ugari dago hor goian eta hasiera bestetik ez da.
Abuztuaren 12aren bueltan normalean leitzen ditudan hedabideetan bizpahiru aldiz topo egin nuen Kessler-en sindromea delako kontzeptuarekin. Kontzeptu berria niretzat! Zer da, bada? Lurretik gertuen dagoen orbitan espazio-zaborraren kopuru batera iritsita, bertan dauden objektuek maizago pairatuko lituzkete elkarren arteko talkak eta horrek objektu gehiago sortuko lituzke eta ondorioz, aldi berean, talka berriak egiteko probabilitatea handituko luke, oso kaotiko eta arriskutsu bihurtuko lukeelarik inguru estralurtar hurbilena (https://eu.wikipedia.org/wiki/Kessler_sindrome). Halaber, astrofisikariak oso kezkatuta daude zeruaren itxura ere kanbiatu egiten delako eta zailtzen duelako beraien lana.
Zergatik bihurtu da Kessler-en sindromea hizpide orain? Mundu agente publiko eta pribatu asko hurrengo urteotan espazioratu eta orbitan jarri nahi duten sateliteen kopuruaren iragarpenak egin berri dituzte. Kopurua izugarria da. Adibidez, gorago aipatu ditudan 16.000 satelite horietatik 10.000 Elon Munsk-ek jaurtitakoak dira Starlink sarea osatzen joateko. Gainera, beste ehun milaka batzuk jaurtitzeko asmoa ere badu. Halaber, 2025aren hondarrean jakin zen Txinako gobernuak 200.000 satelite inguru espazioratzeko helburua duela. Mareagarria kopurua!
Zenbat objektu kabitzen dira Lurraren orbitan? 2022ko ikerketa batek 200–900 km arteko orbitetan 12,6 milioi objektu sartzeko aukera teorikoa proposatu zuen. 2024ko azterketa zehatzago batek, berriz, 10 eta 100 milioi satelite arteko tartea aipatu zuen. Denentzat tokia egon daitekeela eman lezake, baina kalkulu horiek ez dute behar bezala jasotzen benetako espazio-orbitalaren konplexutasuna. Izan ere, arazoa ez da espazio fisikoa agortzea, baizik eta orbitak trafiko-sistema bihurtzea eta trafiko hori kontrolatzea.
Estatuek, enpresek edo partikularrek espaziora jaurtitzen dituzten objektuak arautzen duen nazioarteko legedirik ez dago. Hortaz norberaren ahalmenen eta estatuek beren lurraldean ipini ditzaketen mugen baitan dago. Oihanaren legea nagusi!
Dena den, espazio-zaborrak eragin ditzakeen arazoak mugatzeko, txikiagotzeko eta berroneratzeko ari da lanean Lurretik Haratagoko Espazioa Bake-helburuekin Erabiltzeko Batzordea (COPUOS) izenekoa. Egun 110 estatuk osatzen dute. Egitasmo egokia da, baina jada espazioan dugun objektu-kopuru handia eta datozen urtetan jaurtiko diren satelite piloa aintzat hartuta, emaitza adierazgarririk ez lortzeko arriskua benetakoa da.
Seguruenik, etorkizunean arazoa ez da izango zenbat satelite kabitzen diren, baizik eta zenbat satelite kudeatu ditzakegun segurtasunez. Satelite-jaurtiketak kontrolatzea, talkak saihesteko sistemak, hondakinen kontrola, sateliteen desorbitatzea eta nazioarteko koordinazioa ezinbestekoa izango da arazoari konponbide egoki eta zentzuzkoa eman nahi bazaio. Bien bitartean barra librea!
Honek guztiak déjà-vu sentimena eragin dit eta gizakiok behin eta gehiagotan harri berean estropezu egiteko dugun abilezia gogorarazi.

