Rayuela-La Maga

Rayuela labirintoa da, eta La Maga gidari, mitologiako hartan Minotauroa bezala. Irudiak elkar ditzakegu; La Maga eta Minotauroa. Ez nau konbentzitzen la Maga zezen bilakaturik ikusteak. Eta La Maga itsumutila, hirian diren lagun itsu, sonanbulo, ero, mozkor, ilargiak jotako guztiak gidatzen? Ez; ez da La Maga gauza ez delako, nahi dituenak nahi duen tokitik zehar eramateko; ez da hori, Itsumutilaren irudiak gehiegi du zerikusirik literatura klase batekin, pikaroen eleberriarekin. Eta nik dakidala, La Maga ez da pikaro; ezta Cortazar, Julio, bera ere.

Nola irudikatu, ordea, La Maga, hainbeste urte igaro direnean, Parisko kaleetan galtzen eta gero azaltzen zenetik hona. Aurkituko ote genuke La Maga, gaur egun?

Paris ez da Cortazarren eta beste idazle askoren hiri literario hura (zoragarri esatera nindoan, baina damutu naiz, Paris zoragarri da oraindik ere, baina ez lehen zen bezain literario), non biltzen ziren mundu guztiko erbesteratuak, marjinatuak, bazterrera botatakoak. Hirian, gero, beren buruak berrasmatzen zituzten, literatura ariketa dena bestalde, berregiten, berregokitzen, alegia berritzen ziren, Paris beti zahar eta beti gazte baita, betiko nerabe.

Parisen izan naizenetan, behintzat, nik ez dut aztarnarik ikusi ere. Hiri eskuzabala da, zalantzarik gabe, baina ez da Cortazarrena. Zer aldatu da? Mundua; eta berarekin batera munduan bizi edo irauten dutenak. Ametsen garaia amaitu zen, aspaldi, eta batzuek jarraitzen badute ere beren ametsak zutik eusten, banderak balira bezala, ekonomiaren prosak dena lautu du, eta suntsitu eta larrutu. Dena da uniformizatu, dena globaldu (globorik gabe, kometarik gabe, jostailurik gabe), eta despertsonalizatu. La Maga ezin konforme egon horrekin.

La Maga ez baita konformatzen erraza.

Hiri guztiak, edo gehienak bai, antzekoak dira dagoeneko. Bizitza azalean dabil, eta horregatik da azaleko; eta sakonean ezkutaturik dagoena beste zerbait da, bizitzaren beste aldea, ifrentzua. Batzuek sakoneko bizitza hau hobea dela diote, benetakoago, garbiago, puruago. Bakoitzak bere interpretazioa dauka, orkestran jotzen duen tresnaren arabera. Baina La Magak tresna guztiak jotzen zituen: irudimenarena, fantasiarena, errealitatearena, seduzioarena, maitasunarena, adiskidetasunarena, elkartasunarena. Gaur egun nekez entzungo ditu bakarlari batek tresna horiek guztiak jotzen. Banaka jota entzuten dira, baina esango nuke gehienetan erritmo kaskarraz edo desafinatuta iristen zitzaizkigula, soinu galbahe batetik igaroak bezala.

Ez dut esango garai haien aldean gureak grisago eta kaskarrago direnik. Nostalgiak bere tokia du gure bihotzetan, baina, kamustuta egonagatik, ez du denbora zatitzen xerra finetan, trakets baizik. Gizakiari garai bakoitzari egokitzea dagokio, eta gogoeta egitea eta bertatik ateratzea bizitzeko behar dituen lezioak.

Non biziko ote da La Maga?

Hiri guztietan, esango nuke. New Yorken ikusi omen zuten, aspaldi, rock banda batekin, abesten, eman dezagun  Walk on the wild side; Buenos Airesen, aspaldi ere, kale kantoi batean, gitarra bat lagun, Mercedes Sosa eta Violeta Parraren letrak ozenki esaten; Madrilen, Lavapies auzoan, plaza batean performantza egiten. Dantzatu omen zuen, eta haren oinen hegaldiak txoriak erakarri zituen, haiek ere liluratuta; Bartzelonan, Ravalen, okupa etxe batean, sandaliak nola egin erakusten. Donostian ere bai, Konstituzio Plazan, txikitoak edaten, jazz banda bateko kideekin.

Bai, toki askotan ikusi dute, baina ez ikusi ere bai. Fantasiako ibaiaren antzera azaldu eta ez azaldu baitabil, jolasean.

Dena dela, bera aurkitu nahi baldin bada, liburuetara jotzea aholkatzen dut. Hara itzultzen da, mundutik zehar ibiltzen nekatuondoren.

Categorized | Cultura

Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
“JAZZ for TWO”, José Horna
“JAZZ for TWO”, José Horna
"El origen del mundo" José Blanco
"El mal del país" José Blanco
Fotografía de José Horna
Fotografía de José Horna
"Lemoniz", Mikel Alonso

Autores