Ockhamen labana: Ala Tutatis

alatutatis1

Inaki Irazabalbeitia.(Galde 05, udaberria/2014). Horrelaxe ei zioten Galiako mutur batean omen zegoen herrixka mendera ezineko herritar suharrek. Gauza bakar bati zioten izua, Abrarakurzix buruzagiak bereziki, zerua beraien buruaren gainera jausteari. Arrazoirik ez zaie falta kezka hori izateko. Galdetu bestela duela 65 milioi urte gure planeta urdinaren azalean bizirauteko borroka latzean zenbiltzan bizidunei, dinosauruei tartean. Hantxe akabatu ziren ‘ala Tutatis’ esateko betarik ere izan gabe, zerutik erori zitzaien arroka puska bat medio.

Denboran horren urrun ez dugu joan behar leherketa kosmikoen berri izateko. Duela urte bete pasa, Errusiako Txeliabinks hiritik gertu 17 m-ko diametroa zuen meteorito puska batek kalte ekonomiko handiak eragin zituen.

Espaziotik datozen harriak, handiagoak ala txikiagoak, etenik gabe ari dira Lurraren atmosferan barneratzen. Gure planetan ferietako tiro-barraketan egon ohi diren bolatxo horien moduko bat dela esan daiteke. Haietan bezala, tiro gehienek huts egiten dute, bola ukitzen ez dutelako. Aste­roide gehienak ere kale egiten dute gure planetaren gainazala inpaktatzearen lantegi horretan, atmosferan erretzen baitira, leonidak izenez ezagutzen diren izar uxoak legez. Gutxi batzuk, alabaina, lurrazaleraino ailegatzen dira eta kalte itzelak eragin ditzakete.

Joan den otsailean horietako hiru bisitari pasa zitzaizkigun gertutik. Ilargiaren orbita baino distantzia txikiagora pasa ziren 10-30 m bitarteko erradioa zuten harritzarrek. Kilometroetan distantzia handia da, baina huskeria espacio distantzien testuinguruan. Ez zegoen arriskurik jo gintzaten. Urtean zehar 25 bat bider gertatzen dira horrelakoak. Ez da harritzekoa kontuan hartzen badugu, milioi batetik gora asteroidek gurutzatzen dutela Lurraren orbita.

Aukerak ez dira handiak zerura gure gainean eror dadin, beraz ez dugu Abrarakurzixek bezala ezkutuaren azpian ezkutuka ibili behar. Alabaina, ez gaude libre asteroideren batek Lurreko hiri handietako bat jotzea; nahikoa zen Txeliabisnkekoak gradu-hamarren apur batzuetan ibilbidea aldatzea. Hondamendia eraso nuklearrarena baino handiagoa izango zatekeen.

Joak izateko aukera asteroidearen tamainarekiko alderantziz proportzionala da; zenbat eta handiago orduan eta aukera gutxiago. Zientzialariak kalkulatu dutenez, 100 m-ko diametroko asteroide batek lurrazala jotzeko aukera 5.200 urtean behin jazotzen da. Norbera lasaia ibiltzeko moduko denbora-epea, baina giza zibilizazioak erreparatzeko modukoa.

Ba al dago ebitatzerik? Lehenik detektatu egin behar dira. NASAk eta beste erakunde batzuk lan horretan dihardute atzen hamarkadetan. Honez gero, Lurraren orbita zeharkatzen duten 10.500etik gora objektu detektatu eta katalogatu dituzte. Harri puska alderrai handiak lokalizatuta daude eta horietako batek berak ere ez du Lurrarekin talka egiteko ibilbiderik; etorkizun geologikoki laburrean behintzat. Deep Impact edo Armageddon filmeetako moduko balentriez ahantz gaitezke.

Asteroide txikiek sortzen dute arazorik handiena, hots, leherketa nuklear baten moduko triskantzak sor dezaketen horiek. Ailegatu baino bizpahiru egun lehenago detektatzen diren horiek dira arriskutsuak. Zientziala­riak horien arriskua nola saihestu ari dira. Bi aukera nagusi lantzen dihardute. Asteroidea desegin daiteke, kohetez bidalitako bonba nuklear batez esaterako, txiki-txiki eginez, hondarrak atmosferan erreko direlarik. Asteroidearen hondarrekin batera arma nuklearraren hondakin erradiaktiboak jausiko lirateke eta horrek kezkarako motiboa ematen du. Beste aukera bat da asteroidearen ibilbidea aldaraztea lurra jo ez dezan. Hori ere kohete bidezko inpaktuz lor liteke. Inpaktu itzela, hala ere.

Ez nau arazoak gehiegi kezkatzen, egia esan. Zerua buru gainean erori behar bazaigu, erori egingo zaigu! Bien bitar tean, kontsola gaitezen pentsatuz Ilargia talka itzel horietako baten ondorioz kreatu zela eta hari esker, besteak beste, planeta hau gerok bakarrik, inoren edo ezeren laguntzarik gabe, suntsitzeko parada eman digula eboluzioak.

abraracourcix

Categorized | Cultura, Sociedad

Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Txema García
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
Sebastião Salgado
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"El instante decisivo" Iñaki Andrés
"Homenage a Marcel Proust" Marisa Gutierrez Cabriada
"Homenaje a Federico García Lorca" Marisa Gutierrez Cabriada
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
"Mujeres del Karakorum", Mikel Alonso
“JAZZ for TWO”, José Horna
“JAZZ for TWO”, José Horna
"El origen del mundo" José Blanco
"El mal del país" José Blanco
Fotografía de José Horna
Fotografía de José Horna
"Lemoniz", Mikel Alonso

Autores